DONOSTIA. Larunbatean, otsailak 9, Lehen Hezkuntzako 32 gradudun berriren izendatze ekitaldia izan zen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Gradudunek Psikologia eta Hezkuntza Fakultatean egin dituzte ikasketak, Entzumen eta Mintzaira eta Gorputz Hezkuntzako aipamenekin. Ekitaldi ospetsua eguerdiko hamabietan hasi zen, Josean Rodriguez Ranz campuseko errektoreordea buru zela, senitartekoen eta irakasleen klaustroaren aurrean. Guztiek elkarrekin abestu zuten "Agur jaunak", Araoz Gazte abesbatzaren laguntzaz. Estitxu Goitia gradudun berriak, agindua gaztelaniaz irakurri zuen, eta Iñigo Pastoriza gradudun berriak, agindua euskaraz irakurri zuen. Hain zuzen ere, bi gradudun berriek, beren eta ikaskide izan dituztenen izenean, adierazi zuten beren etxeko, lanbideko eta gizarteko jardunean gizakiaren eta justiziaren bakarkako eta baterako aurrerapenean ahaleginduko direla, kristau bidea eta kultura gogoan izango dituztela, hezi dituen Unibertsitatea eragile eta gidari izango dutela eta beti bere alde izango direla".Jon Casado s.j. Donostiako campuseko Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun, berriei bedeinkapena eman zien, hitz xume eta hunkigarriekin.

Ekitaldian zehar, dantza eta musika ere izan zen: Ainara Jandula eta Unai Arrieta ikasleek René Aubry musikagile frantziarraren Frenesie eta Soleils abestiak dantzatu zituzten.Ekitaldiaren amaieran, bertaratuek "Gaudeamus Igitur" kantatu zuten, berriro ere Araoz Gazte abesbatzak lagunduta. Gradudun berrientzat ospakizun garrantzitsua da, baita haien familientzat ere, ahalegin handiz, bide osoan ondoan izan baitituzte. Unibertsitatearentzat ere egun handia da, pozik ikusten baitu bere xedea bete duela: fedearen zerbitzua, zientziaren eta kulturaren bidez.

Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Fakultatea osatzen duen giza taldeak, jakintza zientifikoa eta profesional konpetenteak prestatzeko bokazioa edukitzeaz gainera, pertsonaren prestakuntza osoarekin konpromiso sendoa du. 2009ko irailaren 1ean, Congregatio de Institutione Catholica onartzearekin hasi zuen bere ibilbidea Psikologia eta Hezkuntza Fakultateak, 1976tik Psikologia eta Hezkuntza arloko irakaskuntzak eskaintzen zituen Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen oinarri, historia eta esperientzia jasorik. Gaur egun, Psikologia eta Hezkuntza Fakultateak hainbat gradu eskaintzen ditu Psikologiaren, Hezkuntzaren eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien esparrukoak. Horrez gain, master ofizial, graduondoko titulu propio, doktorego programa, eta espezializazio ikastaro eta etengabeko prestakuntzako eskaintza zabala du, Donostiako eta Bilboko campusetan. Ikertalde multzo bat ere badu, ezagutza aurreratua sortzeaz eta euren esparruetako jakintzaren transferentzia egiteaz gain, eskaintzen dituen tituluetako irakasle taldearen kalitatea eta eguneratzea bermatzen dituena.

2013/2014 ikasturtean hasi ziren Lehen Hezkuntzako ikasketak Donostiako campusean eskaintzen. Gaur egun, graduak lau lanbide arlotan espezializatzeko aukera ematen du: Pedagogia Terapeutikoa edo Atzerriko hizkuntza: ingelesa, Bilboko campusean, eta Gorputz Hezkuntza eta Entzumena eta Mintzamena, Donostiakoan. Ikasketak hiru hizkuntzatan egiten dira, irakasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen baitira, baita, batzuk, ingelesez ere. Fakultateak Lehen Hezkuntza + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza ere eskaintzen du, bi campusetan.