Deustuko Unibertsitateak Ateak Zabalik lehenengo larunbata izango du urtarrilaren 12an, Bilboko eta Donostiako campusetan, 10:00etatik 14:00etara, etorkizuneko unibertsitateko ikasleei eta euren gurasoei 2019-20 ikasturteko eskaintza akademikoaren eta zerbitzuen berri, banaka, emateko. Fakultateetako eta Unibertsitateko zerbitzuetako arduradunak etorkizuneko ikasleen eskura egongo dira dituzten zalantza guztiak argitzeko, 2019-20 ikasturtean eskainiko diren gradu eta gradu bikoitzen inguruan: ikasketa planak, sarrerako prozesua, praktikak, nazioarteko programa, lan irteerak, irakaskuntzaz kanpoko jarduerak, hizkuntzak, bekak, etab. Gainera, ohi denez, bisita gidatuak antolatuko dira, campuseko instalazioak ezagutzeko.

Unibertsitateko etorkizuneko ikasleek xehetasun osoz ezagutu ahal izango dituzte Deustuk eskaintzen dituen 40 gradu, gradu bikoitz, gradu eta ibilbide dual, aipamen eta titulu propioak, hainbat arlotan: Enpresa; Gizarte Gaiak; Ingeniaritza; Hizkuntzak eta Komunikazioa; Ingeniaritza; Politika eta Nazioarteko Harremanak; Psikologia, Hezkuntza eta Kirola; Teologia; eta Zuzenbidea.

Prestakuntza dualaren aldeko apustua gero eta nabarmenagoa da titulazioen eskaintzan. Aurten, Industria Digitaleko gradu duala jarri da abian, Egibiderekin elkarlanean, eta Arabako enpresa eta erakundeek babestuta. Datorren ikasturtean, hainbat gradutan, zati bat enpresetan egin ahal izango da, ibilbide dualei esker. Gradu horien artean daude Zuzenbidea + Lan Harremanak gradu bikoitza; Elektronika, Industria eta Automatikako Ingeniaritzako gradua; Industria Antolaketako gradua; eta Ingeniaritza Mekanikoko gradua.

Datorren ikasturteko beste berrikuntza bat graduak titulu propioekin konbinatzeko aukera da, espezializazio handiagoa lortzeko. Zehazki, Bilboko campusean, Filosofia, Politika eta Ekonomiako graduan, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketakoan eta Turismoan nazioarteko profila areagotu daiteke, graduarekin batera "International Trade Skills" titulu propioa eginda. Helburu hori bera du "Skills for International Lawyers" titulu propioak, Zuzenbideko ikasleei eskaintzen zaienak. Ingelesez egiten da, oso-osorik, nazioarteko esparru juridikoa lantzeko.

Ingeniaritza arloan, titulu berri bat eskainiko du Deustuk: Informatika Ingeniaritzako + Industria Antolaketako Ingeniaritzako gradu bikoitza. Iraultza digitalaren eta 4.0 industriaren erronkei erantzuteko, industria berrian prozesuak optimizatzeko gai izango diren adituak prestatzea du helburu. Berrikuntza horiek guztiak Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen ohiko titulazioen mapari erantsi behar zaizkio. Erakundeak 130 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta mundurako pertsonak hezi nahi ditu, gizartearen arazoei irtenbide sortzaileak emateko gai izango direnak.

Zuzenbidearen arloan, azpimarratzekoa da, Donostiako campusean, Zuzenbideko eta Komunikazioko gradu bikoitza: orain dela gutxi sortutako programa berritzaile bat da, ikaslea gaitzen duena informazioa kudeatzeko, zuzenbideko jakite sendoak izanik. Etorkizuneko ikasleek hedabideetako aholkularitza juridikoan lan egin ahal izango dute; ikerketa kazetaritzan aritu ahal izango dira, gizartean oihartzuna duen delitu baten lege ondorioak ulertzeko gai izango baitira; IKTen erabileraren inguruko aholkularitza juridikoetan ere izan dezakete tokia, jabetza intelektualari eta industrialari lotuta; datuen kudeaketan eta babesean; merkataritza elektronikoko eta gizarte sareetako aholkularitzan, etab. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza ere oso erakargarria da: enpresek asko eskatzen dute zuzenbide eta enpresako profil bikoitz hori eta baliagarria da enpresen zerga, merkataritza eta lan aholkularitzan; marketin, merkataritza eta nazioarteko kontratazioko lege sailetan, eta abarretan.

Enpresa arloan, azpimarratzekoak dira, Donostiako campusari dagokionez, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko) gradua, atzerriko unibertsitate batzuekin elkarlanean, nazioarteko titulazio bikoitz bat eskuratzeko aukera ere ematen duena; EAZ + Digital Business Skills, EAZko graduaren prestakuntzari enpresak aro digitalean kudeatzeko behar diren jakiteak eta zuzendaritzako trebetasunak garatzeko sakontzea; eta EAZ + International Management Skills, EAZko graduaren prestakuntzari enpresak eta erakundeak nazio eta kultura askotako ingurunean kudeatzeko behar diren zuzendaritzako trebetasunetan sakontzeko aukera eransten diona.

Azken urte hauetan abian jarri diren beste titulazio batzuen inguruko informazioa ere emango da saio horietan: Filosofia, Politika eta Ekonomiako gradua; Gizarte Hezkuntzako eta Gizarte Laneko gradu bikoitza, gure inguruan bakarra; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza (Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketa hori eskaintzen duen unibertsitate bakarra eta EAEko pribatu bakarra), eta Turismoa, Gizarte Lana eta Komunikazioa titulazioak. Azken arlo horretan, Komunikazioa + Ikus-entzunezko, Multimedia Komunikazioko Teknologien gradua aipatu behar da, teknologiek ikus-entzunezko eta multimedia edukiak ekoizteko, postproduzitzeko eta emateko eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko gai izango diren komunikatzaile profesionalak prestatzea helburu duena.

Deustuko Unibertsitatea sailkapenean lehenengoa da irakaskuntzari begiratuta; 4.a, laneratzean; eta 7.a, ikerketan. Inguruneko enpresa eta erakundeekin lotura estua du. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko harreman horri esker, doitutako enplegu tasa (ikasi duten horretan lan egitea) % 88 da, Lanbideko azken datuen arabera.

Berri on horiei erantsi behar zaie Deustuko Unibertsitateak 6 Global Teaching Excellence Award sarietako bat jaso duela, irakaskuntzaren bikaintasuna aitortzeko. Saria Erresuma Batuko Higher Education Academy/Advance HE eta Times Higher Education erakundeek ematen dute, eta, horri esker, Deustuko munduko 6 onenen artean sartu da.

Ateak Zabalik larunbatak otsailaren 16an eta maiatzaren 4an izango dira berriro.