Bai Arabako lurralde historikoan, baita Euskal Autonomia Erkidego osoan ere, Euskararen aldeko urrats garrantzitsuak ematen segitzen dugu. Hala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertako kide diren dozenaka udalek bosgarren aldiz antolatu dute udako Bertatik bertara kanpaina, bisitari ditugunak zein bisitariekin harremana duten zerbitzuen sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko ekimena. Kanpaina larunbatean hasi da, ekainaren 8an, eta irailaren erdialdera arte luzatuko da.
UEMA
UEMAko iturriek jakinarazi dutenez, hainbat baliabide eskaini eta 300.000 mahai-zapi inguru banatuko dituzte antolatzaileek ostalarien artean, gainera, aurreko urteetan bezalaxe, hainbat garapen agentziek ere bat egingo dute kanpainarekin. Bertatik bertara lelopeko egitasmo horrekin, bertako produktu, paisaia eta gainerako eskaintza zabala gorabehera, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere.
Zerbitzuak
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat zein langileentzat hainbat baliabide prestatu dituzte: besteak beste, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, baita bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia ere. Gainera, aurten, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk lehen aldiz, euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz. Bertako hizkuntza, “kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia” dela gogoan txertatu nahi die kanpainak zerbi-tzuen sektoreko arduradunei.
Bada, hori guztia gogora ekartzeko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei ekimenaren berri eman zaie luze eta zabal. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan; 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalen ardurapekoa izan da informazio orriak banatzea.
Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan egokien irizten dioten moduan bana dezaten. Esku-orria, gainera, denda, taberna eta jatetxetako ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, euskaraz aritu nahi izanez gero, QR kodearen bitartez, bisitariak oinarrizko hiztegira bideratzen dituelarik; hiztegi hori gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago. Kanpainaren berri emateko irudizko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek tabernetan eta jatetxeetan topatuko dituzten mahai-zapiaren osagarri.
Zer da UEMA?
1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldunaren alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, denek badute ordea, elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskaldunak dira.
Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztutako mozio baten ondoren. Herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen mozio hark, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” ere onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.
BPZ
Onartutakoa bete nahian hasi zirenean, ordea, laster konturatu ziren udalak aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa ezinbestekoa izango zela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela jabetu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien babes hura, horretarako Berreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.
“UEMAk gaur egun hainbat lan-ildo eta zerbitzu eskaintzen ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien premiei erantzuteko. Udalak euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, udalerri euskaldunei eta euskararen arnas-guneei eustekotan, esparru horietan eragitea ezinbestekoa dela iritzita. UEMAren etengabeko hausnarketatik eta hortik eratorritako jardunaldietatik eta ondorioetatik abiatuta, udalerri euskaldunak zaintzeko premiak lege izaera ere hartu ahal izan du leku batzuetan”.