Proiektu berri bat garatu du FP-Euskadik, Real Sociedad Fundazioarekin eta Aquariumarekin lankidetzan, esperientzia birtual murgiltzaileen bitartez Anoetako instalazioak eta ozeanarioaren itsas mundua bisitatu ahal izateko.

Bi ekimen horiei esker, Reale Arenara eta Aquariumera bisita egiteko ilusioa eskura izango dute haurrek, fisikoki egin ezin duten uneetan. Bisita horiek modu birtualean egiteko aukera baliatuz, “ongizate emozionala hobetzen lagunduko dieten esperientziak bizitzeko”beta izango dute.

Aquariumeko tour birtualean animazioak, bideoak eta instalazioak bisitatzea simulatzen duten eszenak topatuko dituzte. Anoetakoan, berriz, jokalarien testigantzak, ligako partida bat eta aldagelak, jangela eta beste instalazio batzuk ezagutzeko bisitak izango dituzte ikusgai. Tour birtual horieen garapenean, J3D enpresak modu altruistan hartu du parte.

Aurkezpenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak euskal Lanbide Heziketaren “elkartasun balioak” azpimarratu zituen, “ikasteko bideak irekitzen dituelako”. Bertaratutako haurrei aipamen eta keinu berezia eginez, txikienekiko konpromisoari heldu zion, hezkuntza-sistemak “ikasteko tresnak eta jolas eta hezkuntza-esperientziak” eskaintzen jarrai dezan.

Gainera, argi esan zuen proiektu horiek oso eragin positiboa dutela “ez bakarrik zuzeneko onuradunengan, boluntariotzak ere onura handiak dituelako; positibotasuna sustatzen dute, ekitatea eta justizia bezalako balioak, eta horien guztien garapen egokia bultzatzen dute”.

Zehazki, FP-Euskadik beti izaten du ipar, irakasleek ikasleekin balio horiek garatzea, prestakuntzan txertatuta ikastetxeetan modu transbertsalean emanez, eta Euskadiko Lanbide Heziketa osoko ikasgeletan islatu eta sustatuz.

Ekitaldian izan ziren, halaber, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalo, Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosa, Real Sociedad Fundazioaren arduradun Andoni Iraola, Aquariumeko zuzendari Esther Irigaray, eta minbizia duten haurren familietako Euskadiko hiru elkarteetako ordezkariak: Aspanogi, Aspoanafoas eta Aspanova.

Era berean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan garatu eta Tknikaren bitartez jasotako beste ekimen solidario batzuk Jorge Arevalok aurkeztutako eskaratsunezko lehen LH Euskadi Solidaria gidan txertatu dira.

Gida horretan LHko ikastetxeen proiektu andana agertzen dira, hainbat eremu solidario lantzen dituztenak, hala nola, ingurumena, komunitatea, kultura, hezkuntza edo gizartea. Egitasmo horiek lagun, Lanbide Heziketako ikasleak “gero eta mundu teknologikoago eta, aldi berean, gizatiarrago baterako prestatzen dira”.

Egitasmo horiek zentroen, lanbide-arloaren, zikloaren eta eremu solidarioaren arabera sailkatu, eta hainbat adibide ere erakutsi dira; besteak beste, gastronomia solidarioaren proiektua, non ostalaritza-zentroek astean mila menutik gora banatu dituzten pandemia garaian, 3D inprimagailuak erabiliz dibertsitate funtzionala hobetzen duten proiektuak, bakardade-egoeran dauden pertsonei laguntzea helburu dutenak, edota hondamendi naturalek beste herrialde batzuetan kaltetutako pertsonekin lankidetzan aritzea ahalbidetzen dutenak.