Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen harira, Cristina Enea Fundazioak bi tailer antolatu ditu irailaren 17 eta 21ean. Lehena bizikletan, segurtasunez ibiltzen ikasi nahi duten emakumeei zuzenduta dago. “Lehenik eta behin segurtasun neurriak ezagutuko ditugu eta ondoren, lagun giroan Donostiako bidegorri-sarean zehar ibilbide bat egingo dugu, praktika hartzeko”, adierazi dute arduradunek. Izan ere, bizikletan ibiltzen jakitea ez da nahikoa izaten hiritik zehar mugitu ahal izateko garraiobide bezala bizikleta aukeratzeko orduan, “konfidantza hartzea ezinbestekoa baita bizikletan lasaitasunez ibiltzeko”. Tailerra bihar izango da, 10.00etan.

Bigarren tailerra, irailaren 21ekoa, bizikletaren bizitza luzatzeko oinarrizko ezagutzak ikasteko saioa izango da eta bi orduko iraupena izango du (18.30-20.30). “Trikimailu eta oinarrizko ohitura erraz batzuk ezagututa gure bizikletaren bizitza erabilgarria luzatuko dugu”, azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, “egunerokotasunean sor daitezkeen matxura txikiak konpontzeko beharko ditugun ezagutza mekanikoak ikastea” izango da ikastaroko ardatzetako bat.

Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin amaitzeko, Donostiako DBHko ikasleei zuzendutako Bizikletada ospatuko du Cristina Enea Fundazioak, irailaren 22ean. Urtero bezala, ehunka ikasle donostiarrek hiriko errepideak hartuko dituzte beren bizikletekin, mugikortasun iraunkorraren aldarria Donostiako txoko guztietara zabalduz. Ibilbidea 11.00etan hasiko da Alderdi Ederren, eta 13.00ak arte luzatuko da.

Parking Day, lehen aldiz

Herritarren artean ohitura osasungarriak zabaltzeko asmoari jarraiki, Cristina Enea Fundazioak ekimen ugari antolatu ohi ditu. Atzokoan, esate baterako, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen bezperan, Parking Day ekimena ospatu zen lehen aldiz, Donostiako hainbat puntutan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Parking Day ekimenak agerian utzi nahi duena da “auto pribatua garraio nagusi izateak autoa ardatz duen hiri-eredua” dakarrela. Horregatik, normalean auto eta ibilgailu pribatuei gordetako lekuak herritarrentzat berreskuratu eta eskulan eta tailerrak egiteko aukera luzatu zuten Donostiako hainbat lekutan, Urbieta kalean, Grosen, Egian, Amaran eta Antiguon, 10.00etatik 15.00etara. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “auto pribatuaren erabilera masiboak oinezkoen-tzako eta bizikletentzako espazioa murrizten du” eta ekimen honek, hain zuzen ere, arazo hori ekarri nahi du herritarren eta agintarien begien parera. Horiek horrela, Parking Dayk festa eta aldarrikapen kutsua izan du. Donostiako musika eskolako kudeatzaile Mikel Romero Laibarrak azaldu duenez, “kotxeek betetako espazioa herritarrei itzultzean, hurbileko kultur jarduerak garatzeko aukerak handi-tzen dira, eta Parking Day hori irudikatzeko aukera ederra da”. Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak elkarlanean antolatutako ekimena da.