- Ostalaritzako establezimenduetan manparak jartzeko protokolorik ez dagoela gogorarazi zuen atzo Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, "agian beharrezkoak ez diren elementuetan" inbertsioak baztertu behar direla azpimarratuz.
COVID-19aren pandemiak eragin nabarmena izan du ekonomikoki merkataritza eta turismoko sektoreetan, pertsona askok euren lana galdu dutelako. "Krisitik ateratzeko traba gehien izango dituztenak dira", aintzatetsi zuen Perezek. Pertsona horiei laguntzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euroko funts bat ixten ari da alokairuetako eta hipoteketako gastuetara bereziki bideratuta. Era berean, erosketa bonu bat presta-tzen dabil EAEko aldundiekin batera, tokiko merkataritza bultzatzeko helburuarekin.
Gauzak horrela, aurreikuspenen arabera, merkataritzako sektorea izango da krisialditik irtengo den lehena, eta, horren ostean, ostalari-tza eta turismoa "berreskuratuko" dira pixkanaka-pixkanaka. Azken honi dagokionez, nazioarteko bisitariak erakartzeko bidea luzea izango dela azaldu zuen sailburuak, 2021era arte normaltasunera itzultzea zaila izango delako. "Sailaren eskumenekoak diren sektoreen irteera-abiadurak oso ezberdinak izango dira, heterogeneoak baitira. Azpisektore asko daude bakoi-tzaren barruan, eta bakoitzak era batean jokatuko du, dagokion jardueraren arabera", aitortu zuen Perezek.
Euskadiko biztanleak Espainiako beste probintzia batzuetara bidaia-tzeko kezken harira, edo beste lurraldeetako pertsonek hona etortzeko dituzten zalantzekin bat, oraindik ez da jakinarazi osasun ziurtagiri bat izan beharko den ala ez. Zentzu horretan, Perezek garrantzitsuena "protokoloak eta segurtasun neurriak betetzea" dela adierazi zuen. Halaber, uda honetarako atzerrira programatutako bidaiei dagokienez, pixka bat gehiago itxaroteko gomendioa zabaldu du Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi aurretik.
Bestalde, aurtengo udan tokiko turismoa bultzatuko da gehienbat, hots, kanpainak barnealdeko turismora bideratuko direla baieztatu zuen sailburuak: "Euskadi bisitatu nahi diren tokien artean, lehenengo hamarren artean dago. Nazioarteko bidaiei lotutako turismo jarduerek kostu handiagoa izango dute, eta bigarren fase batean berreskuratzen ahaleginduko gara".
Bitartean, Aldi baterako Enpleguko Erregulazioko Espedienteak (ABEE) zenbait sektoretan luzatzeko aukera izan zen mintzagai atzokoan, hainbatek epea zabaltzeko eskaera egin baitute dagoeneko. Egoera honi soluzio bat aurkitzeko bidean, Espainiako Gobernua egoera aztertzen dabil, helburu irmo batekin: beharrezko langileak berreskuratzea, beti ere, jarduera enpresa edo erakunde bakoitzak dituen gastuetara egokituz.
Merkataritza eta turismoko sektoreak dira, Sonia Perezen hitzetan, "krisitik ateratzeko traba gehien izango dituztenak"