- Zaragozan basea duten Larrialdietako Unitate Militarreko 50 agente, armadak Arakan (Gasteiz) duen instalaziora eraman dituzte, koronabirusaren aurkako borrokan desinfekzioaren inguruko prestakuntza-lanetan parte har-tzeko.
Espainiako Gobernuak Gasteizen duen Ordezkaritzako iturriek azaldu dutenez, militar horiek Zaragozan basea duten UMEko laugarren batailoiko kideak dira; oraingoz Arakako baseko pertsonalari desinfekzioari buruzko prestakuntza emateko zeregina dute, eta beharrezkoa balitz, instalazio horretako eremuak ere desinfektatuko dituzte.
Miguel Villarroya Defentsako Estatu Nagusiko (Jemad) jeneralak jakinarazi duenez, UMEko, Lurreko Armadako eta Itsas Infanteriako 1.820 soldadu 28 hiritan zehar zabaldu dira astearte honetan, besteak beste Gasteizen, instalazioak desinfektatzeko eta COVID-19ren aurkako borrokan pilaketak saihesteko. Indar armatuak presente daude Arabako hiriburua, Segovia, Toledo, Avilan, Aranjuez, Granada, Merida, Jereze, Alacant, Castelló, Santander, Oviedo, Pontevedra, A Coruña, Madril, Malaga, Valladolid, Zaragoza, Sevilla, Valentzia eta Mallorcako Palman; Cadizko badiako hirietan ere hedatu dira Itsas Armadako Infanteriako kideak.
Euskal Autonomia Erkidegoan pandemiaren aurkako lanetan jarduteko Gasteizen zabaldu da estreinakoz armada. Joan den astelehenean Iñigo Urkullu lehendakariak aipatu zuenez, ez omen zuen inolako berririk egun horretan kontingenterik zabaldu ote zen baieztatzeko.
Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gai horri buruz galdetu ziotenean hauxe esan zuen "Helburu bateratu horretan denok elkartuta eta ahalik eta modu koordinatuenean lan egiteko unea da"; eta gaineratu zuen: "Horrek ez du esan nahi kritikarako arrazoirik ez dagoenik", baizik eta "besterik gabe, ez dela horietan hasteko unea".
Aipatutako hauez gain, unitate militarrak zabaldu dituzte, UMEkoak eta Lurreko Armadakoak, Madrilgo aldiriko geltokietan, eta Osasun Ministerioak egindako eskaria aztertzen ari dira Melillan osasun arreta militarrekin indar-tzeko.
Azkenik, Villarroyak prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, Barne Ministerioak Armadari eskatu omen dio Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) kontrol-zentroak desinfektatzeko Madrilen, Malagan, Valladoliden, Valentzian, Sevillan, A Coruñan eta Palman, eta gaur bertan egingo omen dute UMEko eta Lurreko Armadako soldaduek. Villarroyaren esanetan Indar Armatuak pandemiaren aurkako borroka honetan behar den guztian laguntzeko prest omen daude. "Birusaren aurkako borroka honetan garaile irtengo gara, ez izan zalantzarik", esan du amai-tzeko.
"Elkartuta lan egiteko unea da. Horrek ez du esan nahi kritikarako arrazoirik ez dagoenik"
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea