donostia - Egunero 1.500 otordu ematen dituzten Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuei janaria banatzeko, Zaporeak elkarte solidarioak mikromezenasgo kanpaina bat jarri du abian, hiru hilabetetan 40.000 euro bildu eta furgoneta bat erosteko.
Egeo inguruan lan humanitarioa egiten daramatzan lau urteetan 1,5 milioi anoa baino gehiago banatu dituen erakunde donostiar honen ekimen berria atzo jakinarazi zuten Donostian Peio Garcia Amiano sortzaileak eta Irati Azkue kideak. Eneko Goia alkateak ere parte hartu zuen udaletxean egindako aurkezpenean, babesa emateko, eta Donostiako herritarrek "beti" elkartearen "lan goraipagarriari" eskaini dioten laguntza nabarmentzeko.
"Dauden tokian daudela, errefuxiatuak modu duin eta osasuntsuan elikatzea" da Zaporeak elkartearen helburua, Azkuek azaldu duenez; Chios uhartean hasi eta Samosera joan ostean, 2019ko otsailetik Lesbosen egiten dute lana orain.
Ia urtebetez, furgoneta bat alokatu behar izan dute, Moriako eremuaren inguruan kokatutako hainbat lekutan menuak banatzeko; alokairutan 15.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte, eta ezin diote gastu horri aurre egin. Diru hori, elkarteak urteroko elkartasunezko lanak egiteko duen 824.000 euroko aurrekontutik atera da.
Azkuek zehaztu zuenez, tokian tokiko ekoizleei erositako elikagaiak prestatu ondoren, Zapreak elkarteko boluntarioek, inolako higiene edo osasun zerbitzurik gabe, zelaiaren inguruko mendietan kanpin-dendetan pilatzen diren desplazatuen artean banatzen dituzte, baita Moriako ospitaleko gaixo kronikoen eta inguruan lan egiten duten GKE ugaritako boluntarioen artean ere.
Garcia Amianok Lesbosen migra-tzaileek bizi duten egoera salatu zuen "txarra, oso txarra, inoiz baino okerragoa", 2019an biztanleria hori "hirukoiztu" egin baita 21.268 pertsonara iritsi arte, errefuxiatu-eremua 3.000 pertsonentzako modukoa zenean.
"Erakundeen zikinkeria eta utzikeriagatik" pairatzen duten osasungarritasunik ezak izurriteak eta gaixotasunak eragin litzake, ohartarazi zuen Zaporeak elkartearen sortzaileak, eta gaineratu zuen egunero banatzen dituzten 1.500 menuak ez direla nahikoak egungo beharrak asetzeko. "Otordu gehiago eman nahiko genituzke, baina arazo ekonomikoak lotu egiten gaitu, beste hilabete baterako baino ez baitugu dirurik", adierazi du; eta gaineratu du, adibidez, landako ospitalera egunero 700 anoa bideratzen dituztela, baina arduradunek esaten dietenez, gutxienez 2.000 beharko omen lituzkete.
Zaporeak elkarteko ordezkariak zehaztu zuenez, mikrofinantzaketa kolektiboko kanpaina martxoaren amaierara arte luzatuko dute, Kutxa Fundazioak Kutxabanken eskaini dien kontu baten bidez; eta, bide batez, erakunde honi ere "laguntza eskaini izana" eskertu nahi izan zion. - M. Tolosa
21.000 pertsonak. Errefuxiatuen eremuko biztanleria "hirukoiztu egin da"; guztira 21.000 pertsonatik gora bizi dira dagoeneko, 3.000 lagunentzat aurreikusita zegoen arren.