Betirako gogoratuko duten bidaia
Ostiralean ekingo dio Zumaiako Darahli elkarteak hiru urtetik behin egiten duen bidaiari. 89 boluntario joango dira Saharara eta zenbait proiektu gauzatuko dituzte.
Urduritasuna da nagusi egun hauetan Zumaiako Institutuko eta Maria eta Jose ikastetxeko DBH 4. mailako ikasleen artean baina, batez ere, gogoak. Bizi guztirako gogoratu duten esperientzia bat abiatzeko gogoak. Izan ere, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara joateko aukera ez da egunero izaten.
Zumaiako Darahli elkarteak ostiral honetan ekingo dio Tindufeko kanpamentuetan laguntzeko bidaiari eta bertan egongo dira apirilaren 1a arte. Atzean pertsona askoren inplikazioa eta lana dago eta, guztira, 89 boluntario joango dira Zumaiatik; besteak beste, herriko alkatea, Oier Korta, mediku eta erizain bana, bi kazetari, argazkilari bat eta lehendik Saharan izan diren 16 ikasle-ohi, aurten arduradun edo monitore lanak beteko dituztenak. Horretaz gain, Zumaiako bi ikastetxeetako DBH 4. mailako 63 ikasle joango dira bertan zenbait proiektu gauzatzeko asmoz.
15 eta 16 urteko Sara Etxabe eta Sara Landaluze dira aurten lehen aldiz Saharara bidaiatuko duten institutuko ikasleetako batzuk, eta biziko duten esperientzia “oso polita eta aberasgarria” izango delakoan daude: “Badakigu bertara joatea bizi-tzan behin gertatuko zaigula eta aprobetxatu egin nahi dugu. Ziur gaude gauza asko biziko ditugula eta bizitza guztirako markatuko digula bidaia honek”. Baina, hilabete hauetan ere Darahliren proiektuan murgilduta ibili dira eta zenbait lan egin dituzte; hala nola, janaria, sendagaiak, arropa eta eskola-materialak biltzeko kanpainak, Elkartasun Astea antolatu zuten hilabetearen hasieran, eta Gabonetako otarra eta rifak saldu zituzten.
Irune Bernalek eta Ane Duranek, bere aldetik, 18 urte dituzte eta ikasle moduan izan ziren Tindufeko kanpamentuetan duela hiru urte. Oraingoan, berriz, monitore gisa joango dira ikasleen lana gainbegiratzeko. “Lana egin behar da, noski, baina nik nahi dudana da beraiek nik bizi nuena bizitzea. Azken finean, esperientzia bizi behar da, bizi eta sentitu. Hango esperientzia aprobetxatu egin behar da, hango familiarekin erlazionatuz eta galderak eginez”, dio Irune Bernalek. Izan ere, guztiak bertako familiekin biziko dira, 15 haimetan banatuta.
Duela hiru urtetako esperientziari buruz hitz eginez, oso positiboa izan zela diote biek: “Ideia batekin joaten zara eta dena aldatzen zaizu, goitik behera. Ez duzu horrelakorik espero eta ez duzu pentsatzen bertan bizitakoa horrenbeste iritsiko zaizunik. Aldatu egiten zara pertsona bezala eta esperientzia oso positiboa izan zen, zalantzarik gabe”. Handik itzultzean, adibidez, iturria segituan itzaltzen zutela diote, eta behin hemengo egunerokora itzuliz lehengo ohituretara itzuli arren, gehiago baloratzen dute guztia.
Aurten ere, bidaian zenbait egitasmo aterako dituzte aurrera ikasle guztien artean eta antzerki, dantza, kirola, pintura eta esku-lanen tailerrak egingo dituzte. Baina, Darahliko koordinatzaile eta Zumaiako institutuko irakasle den Samuel Ruizen arabera, bi proiektu handi burutuko dituzte Tindufeko kanpamentuetan. “Batetik, Zug herrian dagoen udaletxean eta Haur Eskola baten pintaketa egingo dugu; eta bestetik, elektrizitatearen muntaia egingo dugu udaletxean. Udaletxe osoan argindarra sartuko dugu eta, egia esan, instalazio potentea izango denez, gure proiektu handienetako eta zailenetakoa izango da, ikasleek teknologia ikasi baitute baina ez dute inoiz praktikan jarri”, azaltzen du Samuel Ruizek.
Baina hori ez da guztia izango. Koordinatzaileak zehaztu duenez, talde txiki batek zaharren esperien-tziak jasoko ditu beren lurraldetik atera behar izan zutelako eta horrekin dokumental bat egiteko asmoa dute. Bestalde, formazio saio bat ere izango dute eta Museo de la Resistencia izena duen museora ere bisita bat egingo dute ikasleek, kooperante italiar baten esperientzia ezagutzeko.
“Ikasleek bidaia asko egiten dituzte eskolarekin gaur egun, baina markatuko dien bidaia hau izango da. Etorkizuna gazteengan dago, eta haiei eman behar diegu hau bizi-tzeko aukera, handik bueltatzean beraiek hemen enbaxadore txikiak izango dira eta”, dio Ruizek amai-tzeko.
Martxoak 23, ostirala. Bidaia.
Martxoak 24, larunbata. Harrera ofiziala eta laguntzaren banaketa ekitaldia.
Martxoak 25, igandea. Auzolana Dairan.
Martxoak 26, astelehena. Auzolana Dairan.
Martxoak 27, asteartea. Auzolana eta hitzaldiak.
Martxoak 28, asteazkena. Tailerrak eskolan eta Zug herria garbitzeko lanak.
Martxoak 29, osteguna. Hospitalera eta museora bisita.
Martxoak 30, ostirala. Lanen inaugurazio ofiziala eta Saharako dunak ezagutzera.
Martxoak 31, larunbata. Goiz librea eta alkaterekin agurra
Apirilak 1, igandea. Itzulera.
89
89 bolondres joango dira, tartean Institutuko eta Maria eta Joseko 63 ikasle, 16 ikasle-ohi, lau irakasle, mediku eta erizaina, bi kazetari, argazkilaria eta Zumaiako alkatea.
Más en Actualidad
-
El candidato ultraderechista se declara ganador de las elecciones presidenciales de Rumanía
-
El europeísta Dan se impone en la segunda vuelta de las elecciones presidenciales rumanas, según encuestas a pie de urna
-
Israel lanza una "amplia" operación para "diseccionar" Gaza dentro de su nueva ofensiva
-
Israel recupera miles de documentos y objetos personales del espía Eli Cohen en Siria