"Hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" esanez zabaldu zuen joan den osteagunean Vicente del Bosque Eepainiako hautatzaile oihak Saizar sagardotegiko aurtengo txotx denboraldia. Ohiko aurreskua dantzatu ondoren, 20:00etan hasi zen ekitaldia, eta makina bat kirolari eta pertsonaia ospetsu bildu zituen.
Julian Iantzi aurkezlearen gidaritzapean, festa giroa izan zen nagusi. Sagardoa dastatu ondoren, Kepa Junkerak Maletak ikuskizuna eskaini zuen, Sorginak taldearekin batera, eta Andoni Egaña bertsolariaren laguntzarekin.
Asko izan ziren bertaratu zirenak, besteak beste Xabier Arregi Usurbilgo alkatea; Juan Luis Larrea Espainiako Futbol Federazioko lehendakaria; Mikel Erentxun abeslaria; David de Jorge sukaldaria; Juan Martínez de Irujo, Abel Barriola eta Patxi Eugi pilotariak; Xabi Oroz eta Miquel Salvó Gipuzkoa Basket Clubeko kapitaina eta jokalaria, hurrenez hurren, eta beste asko ere.
Realeko ordezkari aunitz ere izan ziren bertan, esate baterako: Jokin Aperribay Realeko presidentea; Gonzalo Arconada Realeko emakumeen entrenatzailea; eta Roberto López Ufarte eta Luis Arconada jokalari ohiak, besteak beste.
orekatua eta borobila Aurtengoa sagar denboraldi oparoa izan da oro har Euskadin, bai kantitate aldetik, bai kalitate aldetik. Aurreko urteetan ekoitzitako sagardo litro kopuruarekin alderatuz, aurtengoa antzekoa izan da, baina aipagarria da bertako sagarrarekin egindako sagardoak hartu duen garrantzia. Saizarren, esate baterako, bi milioi kilo sagar bildu dituzte, horietatik erdia baino gehiago, %60 alegia, Euskal Herriko sagarrak izanik. Gainerakoa, Galiziatik eta Frantziatik ekarritakoa da.
Aurtengo sagardoaren ezaugarriei dagokienez, “oreka eta gorputz ederrekoa” dela adierazi dute Saizar sagardotegitik, eta zehaztu dutenaren arabera, iazkoa baino arinagoa, finagoa eta argiagoa da: “Denboraldiak sagar asko eman ditu, kalibre ederrekoak eta errendimendu ona eman dutenak. Gainera urrian izandako tenperatura onei esker, azkar irakin dute sagardoek, horrek usain ona eman die, eta horrenbestez, ondo borobildutako sagardoa lortu dugu”.