Síguenos en redes sociales:

Ekainaren 11n hartuko du Arroak Eskola Txikien Festa

Gipuzkoako 26 ikastetxeetako gaztetxoek hartuko dute parte antolatutako ekitaldietan

Ekainaren 11n hartuko du Arroak Eskola Txikien Festa

Zestoa - Zestoako Arroa Behea auzoak ilusioz hartu zuen testigua eta hilabete askotako lanaren ondoren, datorren ekainaren 11n Gipuzkoako Eskola Txikien XXX. Festa antolatuko dute. Urtero legez, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloa aldarrikatuko dute Eskola Txikien Komunitatea osatzen duten herritar zein auzokideek, eta festa giroan elkartuko dira eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia azpimarratzeko.Egun osorako egitarau zabala prestatu dute eta 10.30etako harrera-ekitaldiaren ondoren auzoan zehar era guztietako ekintzak egongo dira; hala nola, puzgarriak, jolasak, tailerrak, ipuin kontalaria, trikitilariak eta apar festa. Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, lau gunetan banatuta egongo dira jarduera guztiak. “Gune bakoitzak bere kolorea izango du eta ekintza desberdinak burutuko dira hauetan. 26 eskola txikietako haurrek kolore bat jasoko dute, eta kolorearen arabera banatuko dira guneetan, guztiak pasako dituztelarik egunean zehar”, azaldu zuen Sakulupe Guraso Elkarteko Kepa Iribarrek.

Bestalde, lorategi birziklatua izena eman dioten ekintza ere egingo dute eta Iribarrek zehaztu zuenez, “harrera ekitaldiaren barruan, herri guztietako haurrek zerbait elkarrekin egitea nahi genuen. Horretarako, birziklatutako loreak prestatzeko eskatu diegu eskola guztiei, eta festa egunean gune berezi bat antolatu dugu, bakoitza bere identitate propioarekin, bere kolorearekin, eskola txikien indarra batasuna dela, eta elkarrekin aurrera daramagun proiektuaren indarra azpimarratu nahi dugu”.

Horretaz gain, guraso elkarteko ordezkariak eskola txikia auzoak duen “oinarri sendoenetako bat” dela azpimarratu zuen: “Nork bere auzoan haurrak era berezi batean hezi ahal izatea suposatzen du eskola txikia izateak, bere filosofia propioarekin. Azken finean, gure bizi-proiektua aurrera eramateko aukera sendo bat da, gure umeak hezteko auzotik kanpora atera beharrik gabe. Auzoarentzat eskola izateak bizia suposatzen du, haurrak kanpora joaten diren auzo edo herri txiki batean ez dago bizirik, bizipoza falta da”.

Zentzu horretan, Eskola Txikien irakasleen koordinatzailea den Mikel Goñiren arabera, “eskola komunitate osoen partaidetza aprobetxatu nahi izaten dugu etorkizuneko eskola txikien amets, ilusio, helburu eta egiteko moduak konpartitzeko, pentsatzeko eta hobetzeko. Gure eskoletara datozen haurrak baitira oraingo eta etorkizuneko herri txikiak izango direnak”.

Festaren antolakuntzan haurrak aktiboki hartu dute parte eta haurren, gurasoen eta auzotarren artean Youtuben ikus daitekeen bideoklipa ere aurkeztu zuten.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, festaren egunean autoek ezin izango dute auzoan sartu eta Arroara joateko garraio publikoak erabiltzea gomendatu zuten, autobusa edo trena hurbil baitaude. Dena den, autoz joaten direnek auzotik bost minutura dagoen Sansinenea poligonoan antolatuko den parkingean aparkatu ahal izango dute.

Eskola berria bidean Jexux Albizu eskolako zuzendariak adierazi zuenez, urte honen amaieran hasiko dira eskola berria eraikitzeko lanak eta “oso ilusionatuta” daudela nabarmendu zuen. “Horrek esan nahi du 2018-2019 ikasturtean sartuko ginatekeela bertan eta horrek eskolari eta auzoari indarra emango dio”, azaldu zuen.

Guztira, 26 eskola txiki daude Gipuzkoan, eta 1.100 ikasle inguru daude herri txiki edo auzoetako ikastetxe horietan guztietan. Arroa Beheko ikastetxearen kasuan, 65 ikasle daude eskolan, eta datorren ikasturterako 71 espero dituzte, “inoiz egon den ikasle kopuru handiena”.