Zarauztar guztien egun kuttuna izan zen atzokoa, eta goizetik hasita, giro aparta nagusitu zen Zarauzko kaleetan. Eguraldia ere lagun izan zuen Euskal Jai egunak, eta zarauztar guztiek egun paregabe batez gozatu ahal izan zuten atzoko egun berezian.
Goizean goiz baserritar jantzi guztiak prest zituzten zarauztarrek, eta Goiztiarrak taldearen irteerarekin eman zitzaion hasiera egunari. Ohi bezala, Goiztiarrak taldeak antzinako ohiturak berreskuratu zituen, eta kalez kale garai hartako pertsonaiak irudikatu zituzten. Ordurako kalean ziren lehen festazaleak, eta txistulariek, trikitilariek eta dultzaineroek izan zuten goiza alaitzeko ardura. Frontoi txikian ere antolatu zituzten ekitaldiak egun honen baitan, eta Goiztiarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izan ziren.
Euskal tradizio herrikoiari eutsi zioten herritar gehienek atzokoan ere, eta haur, gazte eta helduek kalera atera zituzten euren baserritar jantziak. Hala ere, desegoki janzten direnak ere asko izan ohi dira azken urteotan, eta atzo ere baziren apur bat desegoki jantzitako batzuk, baita arropa arruntarekin jantzitako gutxi batzuk ere. Azken horiek, orokorrean, kanpoko herritakoak edo atzerritarrak ziren. Azken urteotako jarrera horren aurrean, Euskal Astea hasi baino lehen Xabier Txurruka alkateak tradizioa txukun mantentzen saiatzeko ahalegina egin beharko litzatekeela adierazi zuen, baina atzo ere denetik ikusi ahal izan zen herrietako kaleetan, oso egoki jantzitako herritarrak, baita janzkera tradizionala guztiz errespetatu ez zutenak ere.
Kontuak kontu, goiz-goizetik jai giroa nagusitu zen urtero bezala, eta azken urteotan ohitura bihurtu diren karroak atera zituzten gazte kuadrilla ugarik, batez ere, sagardoz edota txakolinez beteak. Barren plaza kuadrillen topaleku nagusi izan ohi da urtean zehar, eta atzo ere, herriko gazteek bete zuten plaza, egunaz gozatzeko gogoz. Hala ere, bitxia izan zen Barren plazako taberna gehienak itxita ikustea, baina horrek ez zuen jaia zapuztu. Jai giro paregabea izan zen han ere, eta musikaren faltarik ere ez zen izan; izan ere, zenbait gazte kuadrillek, sagardoa eta txakolina ez ezik, musika ere bazuten karroetan.
Alprojaren antzezlana
Eguneko ekitaldi nagusiak, ohi bezala, Munoa plaza jendez bete zuen eguerdiko 12.00etan, eta Alproja an-tzerki-taldeak aurtengoan ere ez zuen hutsik egin. Sustraiak an-tzezlana eskaini zuten, eta izenburuak esaten duen moduan, galtxagorrien arbasoak ezagutzea da obrako protagonisten asmo nagusia. Horretarako, noski, ez ziren falta Alproja taldea bereizgarri egiten duten galtxagorriak, eta horretaz gain, baso-zaintzaileak eta sorginak ere izan ziren protagonista. Umorea ere presente egon zen antzezlanean, eta denok ezagutzen ditugun pertsonak ere gorpuztu zituzten obran; hala nola, Xabier Saldias, Iñaki Perurena, Joseina Etxeberria edota Goenkale telesaileko Maria Luisa.
erromeriak eta kalejirak An-tzezlanaren ondoren, festa giroak aurrera jarraitu zuen, eta herritarrek erromeriarekin alaitu zituzten gorputzak, bai Musika Plazan, bai eta Lege Zaharren enparantzan. Hala ere, herriko kale eta txoko guztietan entzun zitezkeen trikiti doinuak, eta nonahi dantza egiteko aukera izan zen atzoko egun berezian. Arratsaldean, hala ere, Iñurritzara lekualdatu ziren trikitilariak kalejirarekin batera, eta gauean, berriro ere, Musika Plazan izan zen gorputzak mugitzeko aukera. Halaber, Gurekin Jaik antolatuta, Salberdingo aparkalekuan txosnagunea zegoen, eta han festa goiz aldera arte luzatu zen.
Kanpoko herritakoak eta atzerritarrak ibili baziren ere, nabari zen asteguna zela, festan zebiltzan gehienak herrikoak ziren eta. Zarauztar guztiek gogoz espero duten egun berezia joan da, eta udari agur esateko modu paregabea izan den arren, ziur aski herritar asko penaz itzuliko ziren atzoko egunean etxera, berriro ere hurrengo urtera arte itxaron behar dela pentsatzean. Gora Euskal Jaiak!