tolosa - Eguraldia zela eta, pasa den astean (larunbatean) ezin izan zen ospatu eta Tolosako Iñauterietako Haur Danborrada atzo atera zen kalera. Atzo ere euria izan zuten lagun gaztetxoek haien ibilbidean, baina zirak soinean ez ziren kokildu eta gogoz eta gogor astindu zituzten danborrak.
Geltokitik abiatu ziren danborjoleak eguerdian, San Franziskotik Triangelu plazarainoko bidea egiteko asmoz. Ondoren, festa giroarekin jarraitzeko, txarangen alardea izan zen zezen plazan, Kabila txarangak 75 urte betetzen dituela ospatzeko. Guztira, 200 musikari inguru bildu ziren.
Iñauterietan txarangek duten garrantzia aldarrikatu zuten tolosarrek txarangen bilkurarekin. Kalejira osatu zuten herriko kaleetan zehar eta 14.00etan emanaldi berezia eskaini zuten parte zaharrean. Bazkari berezia ere izan zuten musikariek eta plater bat eta bestearen artean Iñauterietako doinuak jo zituzten.
Iñauteri kutsuko festa eguna borobiltzeko xexen festa ere antolatu zuten atzo arratsaldean zezen plazan. - N.G.