Orain dela gutxi Mikel Mancisidor kazetariak artikulu eder bat argitaratu zuen Noticias Taldeko egunkaritan. Gauza bera egin zuen Andrés Krakenberger artikulugileak. Egun beran biak, urriaren 16ean hain zuzen. Kasualitatea ote? Grina bera biak, sentimendu berdinak. Eta beraien baimenaz, eskerrik asko Mikel eta milesker Andrés, aipaturiko bi artikulu horietako hainbat ideia eta gogoeta, nire ustez guztiz aipagarri, baliagarri eta esanguratsuenak, euskaratu eta ostera argitaratzen ditut. Gerraz, ari dira biak, guda guztiek sortzen dituzten sufrimenduaz, Giza Eskubideaz, gizatasunaz. Mahi gainean jartzen dituzte gogoeta sakonak pertsonaz, gizon eta emakumeaz, umeaz, biolentziaz, bizi- tzaz, ankerkeriaz eta abar luze batez. Israel, Palestina, Hamás eta gorroto gupidagabea bidean.
Hauexek beste batzuen artean Mikelenak, horra bere hausnarketa, nahi eta desioak: Nolanahi ere, gatazka honen eta beste ba- tzuen aurrean honako hauek adierazi nahi nituzke, baldintzarik gabe: giza sufrimenduaren aurreko errukia, biktimaren edo biktimagilearen nortasuna edo kidetza edozein dela ere. Giza Eskubideen edo zuzenbide humanitarioaren aurkako neurrien aurkako erabateko arbuioa, bereizi gabe jazartzen edo zigortzen dituzten politika eta errepresalien aurrean, edozein lekutatik datozela ere. Besteari gizatasuna kentzen dion (haren nortasuna edozein dela ere) edo nortasun kolektiboak mespretxatzen dituen diskurtso ororen aurkako oposizioa; krudelkeriarekiko eta haren hoztasun ankerrarekiko senezko ezinikusia. Errugabeen sufrimendua errazegi justifikatzen duen edozein lubakitatik dagoen distantzia. Giza Eskubideen urraketa batek hurrengoa justifikatzen ez duen argitasuna, eta krimen batek hurrengoa justifikatzen ez duen argitasuna. Giza eskubideen urraketak eta nazioarteko krimenak bat datozela, ez direla konpentsa-tzen. Bizitzaren alde beraz.
Eta horra jarraian Andés Krakenberenak, bere barneko sentimendu eta sentsazioak: "Nazka ematen didate Giza Eskubideen urraketa guzti guztiek, eta nazka hori senti- tzen dut beti, kontuan hartu gabe sexua, arraza, kolorea, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak, jatorri nazionala edo soziala, fortuna, jaiotza edo beste edozein egoera, bai biktimena, bai egileena. Inolako salbuespenik gabe. Enpatiaren defentsaz ari naiz, Giza Eskubide moduan egituratzen saiatuz. Eta ez naiz neutrala izateaz ari. Giza Eskubideen urraketarik ez onartzeaz ari naiz, egiten duenak egiten duela, berdin zait nor den. Hori ez da neutraltasuna, ezta distantziakidetasuna ere, nazioarteko zuzenbidearen alde egitea da baizik. Errealitatea ez da zuri-beltza. Palestinar guztiak ez dira Hamasekoak, palestinar guztiak ere ez dira,ez, musulmanak, kristauak badaude eta". "Akats bera litzateke pentsatzea judu guztiak israeldarrak direla eta israeldar guztiak ere ez direla sionistak. Era berean, akatsa litzateke pentsatzea israeldar guztiak Giza Eskubideen errespetuaren aurkakoak direla. Israelgo gizartea ez da monolitikoa, ez. Palestinarren etsipenak badu azalpen bat, kausa bat du: diskriminazio-politika baten eta nazioarteko komunitatea uztearen ondorio da. Historiak ikusi du Nazio Batuek bere garaian apustu garbia egin zutela bi estatu existitzearen alde, bata palestinarra eta bestea israeldarra, eta nola geratu den, hain zuzen ere, bete gabeko promesa huts batean. Gazako eremua oso txikia da, 36 km luze eta 10 km zabaleko hain zuzen, erabat blokeatuta dago, eta bertan bi milioi palestinar biztanleria kontzentratuta, eta horietatik erdia inguru adingabeak. Pilaketa izugarri horrek eta Israelen setioak "Apartheid" batetako bizi-baldintza guztiz tamalgarri eta kaskarrak sortzen dituzte. Nazioarteko krimena beraz. 1947az geroztik, Palestinari buruzko britainiar agintaldia amaitu zenetik, NBEk beti defendatu izan du Israelgo Estatua eta Palestina Estatu arabiarra batera egotea. Eta horrela, israeldar eta palestinar batzuek oraindik uste dute hau izango litzatekeela irtenbide bakarra. Baina aplikazio erreal eta eragingarria izan behar du al ez du ezertarako balio izango inoiz: bi herriek benetako egoera berdintsuak izan behar dituzte, egiazkoenak. Zigorgabetasuna ezin da egoeren oinarria izan. Nire ustez, Giza Eskubideen defentsarako enpatia da irtenbidea". Enpatiaren alde, beraz. Enpatiarik gabe Giza Eskubideek bide makurra dute. Milesker Mikel Mancisidor, eta eskerrik asko Andres Krakenberger ezinbestezko hausnarketarako bide argia eskaintzeagatik. Eta, noski, baita zuen gizatasunarengatik ere. Segi ondo biok.
Nik neuk, eta neure aldetik hainbat mezu goibel eta ilun: Justizia eta segurtasuna ezin dira lortu zibilen odol-bainu batekin, ez Israelen ezta Gazan ere. Palestinako herritarren aldeko manifestazioak debekatzea eraso larria eta neurriz kanpokoa da protesta egiteko eskubidearentzat. Talde armatu palestinarrek kontuak eman behar dituzte zibilen aurka nahita egindako hilketa, bahiketa eta eraso indiskriminatuengatik. Premiazkoa da laguntza humanitarioa bermatzea lurralde okupatuetan, eta gerra krimenak irmo epaitzea. Nire aldetik, Israelgo agintariei eta Palestinako beste talde armatuei eskatuko nieke beraien ekintzek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespeta dezatela. Eta azken gogoeta oso triste bat, oso: indarkerien azken gehitze hau biktima zibilen kopurua handituz esponentzialki bai Israelen, Gazan eta okupatutako gainerako beste lurralde palestinarretan izugarria da. Norbaitek bere garaian argi esan zuen "Homo hominis lupus". Negargarria. Israeldar adingabeen hilketa nazkagarriengatik aztoratzen da hainbat jende, baina, aldi berean, axolagabea azaltzen da ehunka adingabe palestinarren hilketa nazkagarrien aurrean. Eta horixe, nire ustez behintzat, gaixotasun moral larriak izatearen sintoma da, bai, hala nola, gizatasunik eza, ankerkeri zorrotza edota arrazismo guztiz krudela. Negargarria bai. Eta, baita nazkagarria ere. Baina, dena dela itxaropena ezin galdu, ezin etsi bizitza eta enpatiaren aldeko lehian. Ez etsi inoiz. Eman bizkarra etsipen triste, antzu eta ilunari. Aldiz, bai bizitzari, Giza Eskubideei (denontzat, nonahi eta beti), eta, baita enpatia berari ere. Hala bedi, bada, irakurle estimatu hori!