Hernaniko Biteri kultur etxean ostegun arratsaldean egindako agerraldi jendetsu batean orain arte egindakoak eta aurrera begirako erronkak zerrendatu zituzten bertan presente ziren herritar eta kolektiboen izenean.

Eguneroko bizitza

Hernani Burujabek 20.000 hernaniarren eguneroko bizitzan eragiteko bokazioa duela esan zuten. “elikadura, energia, zaintza edota etxebizitza beharrak modu justu, iraunkor eta berdinzale batean asetzeko; Euskal Herriaren autoeraketa prozesua tokian toki eta egunez egun gure esku izateko”.

Hernaniko Parte Zaharra N.G.

Hernani Burujabeko mahaietan eta egituretan Udala, herritarrak eta gizarte eragileak daude. Martxan dute funtzionamendu eta planifikazio modu berri bat, Burujabetzen Kontseiluan oinarrituta.

Hortaz, menpekotasunetik burujabetzara pasatzeko eta trantsizio ekosoziala tokiko agendan ezartzeko garaia dela adierazi zuen Hernani Burujabek agerraldian.

Erronkak

Bozeramaileek azaldu zutenez, “epe ertain-luzerako erronkak agendan zehaztera pasatzeko unea da. Tokiko potentziala aintzat hartu, eta herriko eragileen agenda, gaitasun eta proiektuak aktibatzeko ordua da”.

Nabarmendu zutenez, zortzi burujabetza sektore identifikatu dituzte, eta horietan guztietan martxan dituzte proiektuak: energia, telekomunikazioak, zain-tza, ekintzailetza, moneta, elikadura, etxebizitza eta bioaniztasuna.

“Hasiak gara jada hernaniarron egunerokoan eragiten; hernaniarron bizi-baldintzak kapitalarekiko menpekotasunetik askatzen; bizi-tzeko ezinbestekoak diren sektoreen demokratizazioan sakontzen”, azaldu zuten.

Besteak beste, proiektu hauek azpimarratu zituzten: “Milatik gora gara Ekhilur ordainketa sistemaren bidez herriko merkataritzarekiko konpromisoa egunero-egunero gauzatzen dugunok; 87 etxebizitza gara Zubipeko autokontsumo partekaturako instalazioen energia berriztagarri eta komunitarioarekin hornitzen garenok; 237 pertsona heldu gara, jada, auzo-zaintzako akonpainamendu zerbitzua jasotzen dugunak eta 147 pertsona bertako elikadura sistema sortzearekin engaiatuta gaudenak”.

Energia berriztagarriak

Gainera, etorkizun hurbilean Enherkomek, energia berriztagarrien komunitateak, herritarrekin partekatzeko instalazio fotovoltaiko gehiago martxan jarriko ditu eta gutxi barru instalakuntza berrien nondik norakoen berri emango du. Gainera, norbanako zein enpresei aholkularitza eskainiko die eta formakuntza eskainiko du pobrezia energetikoari aurre egiteko

Azkeneko pausoa ostegun goizean eman zuten. Eltzekoa talde herritarra aurkeztu zuen Hernani Burujabeko Zaintza Mahaiak. Zaintzak, sukaldetik plazara eguna izendatu zuten jardunaldi hori.

Hortaz, datozen hilabeteetan auzo batzuetan antolatuko Eltzekadak izeneko egitasmoa burutuko dute. Eltzekadak auzokideen arteko harremanak sustatzeko ekintzak dira, elkar ezagutu, ondo pasa eta elkar zaintzeko helburua dutenak.

Argitu zutenez, “herri bezala Hernanik badu esperientzia, borondatea eta potentziala erronka horiei guztiei erantzun eta eredu sozial berri, bizigarri eta jasangarria erdi-tzeko”. Horixe da hain zuzen Hernani Burujabe: “Erronka globalei tokiko mailatik erantzuteko abiatu dugun trantsizio prozesua. Herri gisa burujabetza ekonomiko eta politiko handiagoranzko trantsizioa; justizia sozial eta ekologikoa helburu dituen prozesua, alegia”.

Auzoak

Hernaniko burujabetzaranzko prozesua modu demokratikoan planifikatuko duen eta herritar guztioi ekonomiaren gaineko erabakimena eskainiko digun erakundea da Burujabetzen Kontseilua. Planifikazio horren bidez, auzoek, elkarteek eta herritarrek dituzten beharrak jaso eta Hernani Burujabek proposatzen dituen egitasmoen bidez asebete-tzea du helburu: ekonomia bizitzaren alde ipintzea eta ez kapital metaketaren mesedetan”, azpimarratu zuten.

Modu demokratikoan

Eta gaineratu zuten: “Horrela, hasiak gara auzoetako eragile eta norbanakoen beharrak eta desirak jasotzeko batzarrak egiten. Burujabetzarantz bideratzen ari garen sektore horietan auzoek dauzkaten beharrak asebetetzeko proiektuak elkarrekin imajinatzen; elkarrekin amesten”.

Hori posible izateko, auzoetako herritar eta eragileei dei egin zieten auzo batzarretara joateko, eta proiektuetan esku hartzeko, Hernani Burujaberen eta trantsizio ekosozialaren parte izateko.

Sare sozialak

“Burujabetzak auzoetan, txikitik, hasi behar ditugu planifikatzen; herritarren beharrak asetzeko, herri aktiboa behar dugulako. Horretarako, geratzen diren auzo batzarretan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu”, nabarmendu zuten.

Gainera, aurrerantzean, herritarrekin komunikazio bideak hobetzeko asmoa du ere Hernani Burujabek, eta, besteak beste, martxan jarri du aste honetan webgune berria (www.hernaniburujabe.eus). Horrez gain, Telegram kanala eta sare sozialak erabiliko ditu.