Luis de Guindos Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteordeak atzo adierazi zuenez, erakunde jaulkitzailea “prestomen dago ekaineko interes-tasak murrizteko, datozen hilabeteetan inflazioak bere moderazio-bidean jarraituz gero.

Moneta-politikari dagokionez, oso argi azaldu dugu. Egoerak azken aldian bezala aldatzen jarraitzen badu, ekainean prest egongo gara gure diru-politikaren murrizketa arintzeko” esan zuen, Europako Parlamentuko Ekonomia Gaietarako Batzordeko eurodiputatuen aurrean.

Parlamentua

Presidenteordeak erakunde jaulkitzailearen urteko txostena aurkeztu zion Europako Parlamentuari, eta datozen hilabeteetan inflazioak egungo mailaren antzera “eutsiko diola” esan zuen ( % 2,4ko tasarekin itxi zuen martxoa), inolaz ere, 2025ean % 2ko helburua lortzea espero dutela iragarri zuen.

“Inflazioa gehiago jaitsi da aurten, eta epe ertainean jaisten jarraitzea espero dugu, erritmo motelagoan bada ere”, azaldu zuen. Bere diskurtsoan aurrera egin ahala, baldintza egokietan jarraituz gero, egungo moneta-politika murriztailea erlaxatzea “egokiaizango dela defendatu zuen.

Luis de Guindos. EP

“Inflazioari, azpiko inflazioaren dinamikei eta moneta-politikaren transmisioaren indarrari buruzko azterketa eguneratuek inflazioa gure helbururantz modu iraunkorrean ekarriko dutenaren konfian-tza handituko balute, egokia izango litzateke moneta-murrizketaren egungo maila arintzea”, azpimarratu zuen.

Hala ere, beheranzko joera hori alda dezaketen zenbait “arrisku” ere badaudela zehaztu nahi izan zuen Guindosek, besteak beste, soldata-igoerak, lan-kostu unitarioak, enpresa-marjinak eta arazo geopolitikoak.

“Etorkizunari dagokionean eta egoera ekonomikoaren ziurgabetasun maila kontuan hartuta, oso argi utzi nahiko nuke, datuak bileraz bilera (EBZ) zorrotz aztertzen jarraituko dugula. Oso zaila da etorkizuna aurreikustea, baina ekainean, egin behar dugunari buruzko ideia argia izan beharko genuke”, azaldu zuen.

Inflazioa behera

Nolanahi ere, Europako Banku Zentraleko presidenteordeak defendatu zuenez, gaur egungo interes-tasak “indarrean dagoen desinflazio-prozesuari funtsezko ekarpena egiten dioten mailan daude”, eta “behar adina denboran” eremu murriztaile horretan mantenduko direla berretsi zuen.

Inflazioak % 2,4ko urte arteko tasarekin amaitu zuen martxoan, aurreko hilekoa baino bi hamarren apalago; azpiko inflazioak ere (energia, elikagaiak eta tabakoa alde batera uzten dituena eta Europako Banku Zentralarentzat erreferentziazkoa dena) bi hamarren egin zuen behera, % 2,9raino.

Beraz, eurogunean hiru hilabetez behera egin du inflazioaren batez besteko tasak, 2023ko abenduan bost hamarreneko gorakada izan zuenetik, % 2,9ra igota. Orduz geroztik, prezioak % 2,8 igo ziren urtarrilean, % 2,6 otsailean eta %2,4 martxoan. Azken bileran, EBZk erreferentziazko interes-tasa % 4,50ean mantentzea erabaki zuen, 2001etik izan duen mailarik altuenean, 2022ko uztailetik 2023ko irailera bitartean hamar aldiz 0,25 eta 0,75 puntu arteko tartetan igo ondoren.