Euskarazko zinemagintzaren industria ezinezkoa zirudien garai batean, ameslari pasaitar burugogor eta borrokalari batek lorpen bikoitza izan zuen: sektorearentzako etxebizitza umil baten zimenduak eraikitzea eta Euskal Herrian animazioa ere egin zitekeela frogatzea. Juanba Berasategiz (1951-2017) ari gara, noski, aurten bete baitira 40 urte Kalabaza tripontzia animaziozko euskal film luze aitzindaria Zinemaldian bertan estreinatu zenetik. Horrekin, 1985ean, Zuzendari Berrien sailean lehiatu zen Berasategi, epaimahaiarengandik merezimendu berezia eskuratuz.

1985ekoa ez zen pasaitarraren lehen aldia izan Donostia Zinemaldian. Zinez 1978n hartu zuen parte estreinakoz, Auzoak eta Herriak deituriko sail batean, Ekialdeko izarrarekin. Lehen euskal animazio ez esperimentala izan zen labur hura –horretan ere aitzindari izan zen Berasategi–, pasaitarrak eta Koldo Izagirrek elkarrekin lan egin zuten lehen obra ere bazen.

Handik bost urtera Sail Ofizialean parte hartzera itzuli zen Zinemaldira, bertan oraindik film laburrak ematen ziren garaian. Izatez, 80. hamarkadaren amaiera arte sail nagusian formatu laburreko filmak programatzeak lagundu egin animazioari Donostiako zinema jaialdian leku berezitu bat izaten. 1983an Kukubiltxo aurkeztu zuen, alegia, gerora Kalabaza Tripontziaren parte izango zen hiru istorioetako bat.

Miren Berasategik, Juanbaren alabak, zazpi urte zituen aita Zinemagile Berrien sailean lehiatu zenean. Aita bere lanarekin “oso umila” zenez, “ez zuen berak egiten zuen horren garrantzia transmititzen”. Beraz, familiak “normaltasun batean” bizi izan zuen hura. “Hazi ginenean ulertu genuen berak egindakoak garrantzia bazuela”, dio Lotura Filmseko zuzendariak. Hori bai, argi du “gaur egun zaila izango litzateke horrelako zerbait egitea: “Ez ginateke horrelako zerbait egiten ausartuko, zentsuratua izango zen agian”. Egungo haurrentzako animazioa “zuria” omen da, eta Kalabaza tripontzia “ez da inondik inora horrelakoa”, konplexurik gabeko filma da.

Zazpi film labur, pelikula bat

Kalabaza Tripontziaren ekoizpena gerrila moduan landu zuen Berasategik. EHUko ikertzaile Maitane Junguituk sakonki ezagutzen du zinemagile pasaitarraren biografia eta lana, hura hizpide hartuta idatzi baitzuen Kalabaza Planeta eta Juanba Berasategi. Panorámica de la animación comercial vasca (2019) doktorego tesia. Bertan zehaztasun handiarekin aztertu zuen sortzailearen filmografia.

Kalabaza Tripontzia egiteko, Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadaren hasieran sortutako laguntza lerroetara jo zuen Berasategik, baita Estatuko Kultura Ministerioak, Foru Aldundiak eta ETBk zituenetara ere, besteak beste. Film luze bat egiteko aukerarik ez zuenez, zazpi film labur zuzentzea otu zitzaion eta bakoitza laguntza batera aurkeztu zuen. Horrela egiteak, gainera, animazio teknika desberdinekin esperimentatzeko aukera eman zion Berasategiri. “Inork ez zuen uste euskaraz eta Euskal Herrian horrelako film bat egin zitekeenik, ez bakarrik teknikoki, beste alderdi askotan baizik. Aitak, lan eta ikerketa askoren ondoren, lortu zuen. Eta zer suposatu zuen horrek? Besteoi bide bat ireki zigula”, goraipatzen du Mirenek.

Euskal gaiak, mitologia eta herri kontakizunetatik ateratako istorioak lantzen dituen pelikula da Kalabaza Tripontzia, euskal haur belaunaldi askoren memoria zinematografikoan iltzaturik geratu dena. Bere lanak sortutako inpaktu kulturalaz “kontziente zen”, baina aipatutako izaera umilaren bidetik, ez zuen horren inguruan “harrotasunez” hitz egiten. Alde horretatik, bere aita lubaki askotan ibili zela ekarri du gogora alabak eta, horretan ere, animazioaz gain, “bide asko ireki” izana zor dio jende askok eta askok.

Loturaren film berria

1992an Berasategik Lotura Films ekoiztetxea sortu zuen, gaur egun oraindik indarrean dirauen filosofia argiarekin: ikus-entzunezkoak animazioaren bitartez eta euskaraz garatzea. “Berak zioen euskaraz egitea zela bere zinema egiteko modu naturala. Baina horretaz aparte, militantzia zegoen atzean”, azaldu digu alabak.

Balearenak (1992) ekarri zizkion buruhausteen ostean, Loturaren bitartez ekoitzi eta zuzendu zituen Ahmed, Alhambrako printzea (1997), Alhambrako giltza (2003), Barriola San Adriango azeria (2008), Tormeseko itsumutila (2012) eta Nur eta herensugearen tenplua (2017).

Miren Berasategik orain dela hamabost bat urte, egin zuen bat aitarekin Loturan. Juanba 2017an zendu ostean –ezin izan zuen bere azken filmaren, Nur eta herensugearen tenpluaren estreinaldiaz gozatu–, alabak hartu zuen bere gain enpresaren ardura.

90. hamarkadatik hona teknikak aldatu egin dira noski, digitalizazioa hedatu da animazioaren sektorean eta, gainera, Lotura Filmsen cutout teknikan espezializatu dira –ebakinekin garatutako animazioak dira–. Miren Berasategik albiste berri batekin bukatu du elkarrizketa, film luze baten prestakuntzan ari dira eta bertan, Kalabaza Tripontzian aritu eta 40 urtera, Koldo Izagirre ari da berriro ere gidoilari lanetan. Beraz, euskarazko animazioaren beste mugarri bat iristear dago. “Agian hemendik bi urtetara Zinemaldian egon daiteke horrelako pelikula bat”, esanez amaitu du Miren Bersategik.