Síguenos en redes sociales:

73. Zinemaldia: Zinemira

Patxi Bisquert: “Belaunaldi berrientzatyy Otañoren figura inork errekuperatu ez izanak amorrua ematen dit, horregatik egin dut pelikula”

Pello Mari Otaño bertsolariari eskainitako eta auzolanean ondutako ‘Ombuaren itzala’ pelikula aurkeztu zuen zizurkildarrak atzo Zinemira sailean

Patxi Bisquert: “Belaunaldi berrientzatyy Otañoren figura inork errekuperatu ez izanak amorrua ematen dit, horregatik egin dut pelikula”Patxi Cascante

Nola hartu zenuen ‘Onbuaren itzala’ Zinemaldian emango zenaren berria?

–Hainbeste lan egin ondoren, gustu handiz. Oso baliagarria izango da gure pelikularentzat, bozgorailu garrantzitsua da Zinemaldia Pello Mari Otañoren bizitza eta legatua zabaltzeko.

Prozesu luzea bizi izan du pelikula honek: dirua herriz herri bildu duzue, auzolaneko lana izan da, filma ere zatika grabatu duzue... Behin estreinaldiak iritsitakoan, lasaitua hartuko zenuen, ezta?

–Auzolankideei erakutsi genien aurrena. Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan ibili gara pelikularekin eta jendeari filma gustatu zaiola nabaritu dut. Horrek lasaitua eman dit. Orain profesionalen kritika jasotzea falta zaigu.

Zure fikziozko lehen film luzea da zuzendari lanean. Oso artisau-prozesua izan da ‘Ombuaren itzala’-rena eta, beste pelikularen bat zuzentzeko gogorik geratu zaizu?

–Badaukat gogoa, bai. Aitortu behar dut hasieran ez zela nire asmoa film hau zuzentzea, beste norbaitek egitea nahi nuen. Nik neuk ekoiztea ere ez zegoen nire buruan. Nik Juan Mari Otaño gorpuztu nahi nuen, ez besterik, baina azkenean zuzendu, ekoitzi eta gidoiaren moldaketa ere nik egin behar izan nuen. Egia da, ordea, gustua hartu diodala eta oso lasai ibili nintzela filmaketan.

Azkenean Joseba Usabiagak egin du Otañoren rola.

–Eta ederki egin gainera. Oso pozik nago berak egindako lanarekin.

Bitoriano Iraolaren papera Ramon Agirrek antzezten du pelikulan. Bada bertan eszena bat zeinetan Iraolak Otañoren liburu bat argitaratzeko dirua aurre-salmenta bidez lortzen duen. Ez da hori erreferentzia metazinematografiko bat izango, filma, hain zuzen ere, horrela egin delako?

–Hala da, bai. Pelikula horrela ekoitzi dugu, sarrerak aurretik salduz. Bere garaian Otañoren liburua argitaratzeko Iraolak ere erosle posibleak bilatu behar izan zituen. Guk milaka bonu saldu ditugu eta horrek lagundu digu pelikula egiten.

Zergatik interesatu zitzaizun Pello Mari Otañoren figura?

–Egile madarikatuak beti interesatu izan zaizkit eta Otañok horrelakotzat zuen bere burua. Balio handiko pertsona zen, sortzaile handia eta ahanzturako zuloan joan zaigu ia. Liberal eta karlistek osatzen zituzten bi blokeetatik aldendu egin zuten. Liberalek ez zuten maite “baskisteegia”, euskaltzaleegia edo foruzaleegia zelako. Karlistek, jakina, liberala zelako ez zuten maite. Bi aldetatik egurra jaso zuen. 115 urte pasa dira Argentinan hil zenetik eta inork ez ditu errekuperatu haren obra ezta haren bizitzaren nondik norakoak ere. Bere garaian madarikatua izan zen eta gaur egun ere madarikatua izaten jarraitzen du.

Ezezaguna da askorentzat.

–Ez dut ulertzen, esate baterako, ikastoletako testu liburuetan Otañoren inguruko erreferentziarik ez egotea, beste hainbat bertsolarienak badaudenean. Gure poeta handiek kantatu dituzte Otañoren bertsoak, baita Oskorrik, Letek, Artze anaiek eta beste askok ere. Belaunaldi berrientzat Otañoren figura inork errekuperatu ez izanak amorrua ematen dit, eta horixe egin nahi izan dut nik.

Nahikoa pertsona gaixotia zelako ere bazen madarikatua.

–Osasun arazo handiak izan zituen beti, jaio zen momentutik bertatik. Bikiak jaio arren, bere arreba sortu eta gutxira hil zen. Asmatikoa zen eta horrek arazo handiak ekarri zizkion. Gaixotasunak bere lana beste modu batean bideratzea ekarri zion, bertsopaperen bitartez. Horretan aitzindari izan zen eta momentu horretatik aurrera utzi genion bertsoak galtzeari.

Besteak beste, plazan aritzea galarazi zion.

–Bertsolari fina izan arren ito egiten zen kantatzen hasten zenean. Gainera, haren familian guztiak izan ziren bertsolariak: aitona Errekalde zaharra; aita, Joan Pello; osaba, Joxe Bernardo eta izeba Plazida Otaño.

Zu, jaiotzez, zizurkildarra zara, Otaño bezala.

–Txikitatik ezagutzen ditut Otañoren koplak, baina bost urte nituela Zizurkiletik Hondarribira joan nintzen. Hondarribian amak bazituen bertsotarako afizioa zuten lehengusu batzuk, eta horiek, familia ospakizunen bat genuen aldi oro, eztarriak berotzeko Otañoren koplekin hasten ziren. Garai hartan nik ez nekien Otañorenak zirenik ere, gero ikasi nuen.

Pelikulako hainbat eszena Argentinan filmatu dituzue.

–Zortzi egunez egon ginen han. Kanpoko irudiak bertakoak behar genituen. Ombuaren irudiak ere behar genituen, hemen ez baitago halako zuhaitzik. Oso zaila zen Panpa hemen irudikatzea. Agian Nafarroako txokoren batean egin zitekeen, baina zaila ikusten nuen.

Argentinan euskal komunitatearen artean miresmen handiko gizona izan zen.

–Ez bakarrik bertsolaritzat, intelektualtzat baizik. Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean euskarazko eskolak ematen hasi zen 1904an metodologia propio batekin. Horretan ere aitzindaria izan zen. Opera batzuk ere idatzi zituen eta artean Gipuzkoan zela, Donostiako Orfeoiarentzat letrak ere idatzi zituen Otañok.

Pelikulak Otañoren azken 20 urteak kontatzen ditu. Deigarria da zer nolako gaurkotasuna darion abertzaletasunaren aldetik.

–Halaxe da. Gaurko egoerari erabat lotuta jarraitzen du Otañoren pentsamenduak. Garai hartan abertzaletasuna ez zen oraingoa, Euskal Herriaz hitz egiten zutenean Bizkaiaz hitz egiten zuten. Berak kantatu zion lehen aldiz Zazpiak bat kontzeptuari.