Joseba Sarrionandiaren zinema paperak: 70eko hamarkadako gazte baten leiho kritikoa
Idazleak 1977tik 1980ra Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzitako zinema kritikak bildu ditu Josu Martinezek
Joseba Sarrionandiak gaztetan, apenas 19 urterekin, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratutako ehunka kritika jasotzen dituen liburua aurkeztu dute Tabakaleran, Zinemaldia ospatzen ari dela aprobetxatuz. 1977tik 1980ra bitartean hainbat film eta zinemagile hartu zituen aztergai Buñuel, Chaplin, Woody Allen, besteak beste, eta testuak ordena kronologikoan jarrita, garai hartako euskal gizartearen ispilu bilakatu dira orain.
Sarrionandiak berak azaldu duenez, “arraroa egiten zait garai hartan idatzi nituenak berriro irakurtzea”, baina aldi berean mundura irekitako leihoa izan zen zinema gazte askorentzat: “Bizi genuen noraez egoeran, zinea igandero leiho bat zen gazteentzat… ordu eta erdiz munduan gertatzen zena jasotzen genuen zinemaren bidez, momentu batean, guk bizi genuen gizartearen isla ere bilakatu zen arte”.
Sorrera
Elixabete Garmendia kazetariak, orduan Zeruko Argia aldizkariko langile zenak, Pilar Iparragirre eta Lurdes Azurmendirekin batera, garai hura gogora ekarri dute aurkezpenean: “Hasiera batean testuak Durangotik postaz jasotzen genituen, eta sinadurak pertsona ezberdinenak ziren. Lehenengoa Tom Castro zelako batek sinatu zuen, eta oso ongi idatzitakoak zirelako argitaratzen genituen”. Ordura arte ez zuen ia inork zinemaz, eta gainera euskaraz, idazten, eta horrek piztu zuen kazetarien arreta. “Irrikaz jasotzen genituen testuak eta ea lehenengo nork irakurri lehia ere izaten genuen geure artean… ez dakit noiz jakin genuen Joseba zela idazlea, baina jakin genuenean, hirurok argi izan genuen aldizkarirako fitxatu egin behar genuela”.
Horrela hasi zen Joseba astero idazten, eta Garmendiaren esanetan, bere ekarpenak bereizgarri izan ziren, testuak “berritzaileak eta idazle kutsuarekin idatzitakoak” zirelako. Beste askorentzat, Xabier Portugalentzat esaterako, bide berri bat ireki zuen Sarrionandiak. “Aldizkarian ginenak kazetariak baginen ere, Josebaren testuek beste kutsu bat zuten, ez ziren testu sinpleak”.
“Hasiera batean testuak Durangotik postaz jasotzen genituen, eta sinadurak pertsona ezberdinenak ziren. Lehenengoa Tom Castro zelako batek sinatu zuen, eta oso ongi idatzitakoak zirelako argitaratzen genituen”
Sarrionandiak berak, aldiz, bere kritiken atzean asmo handirik ez zegoela azaldu du: “Ez diot neure buruari meriturik aitortzen, nire asmo bakarra ikusten nuena jasotzea zen… zinemaren bidez mundua ezagutzen hasi nintzen gaztea nintzela beste asko bezala, eta pixkanaka, bizitzen genuen une gatazkatsuaren ispilu bihurtu zen”. Zinea, beraz, ihesbide eta aldi berean tresna kritiko bihurtu zen. “Gazteok zinemara joaten ginen gure bizitzetarako gakoen bila, utopia bat irudikatzeko asmoz”, azaldu du.
Liburua, zergatik?
Liburuaren egileak, Josu Martinezek, Josebaren testuekin topo nola egin zuen eta bilduma batean jasotzea zergatik erabaki zuen azaldu du. Kuban zinemaz ikasten ari zela, Habanara joaten zen sarritan, eta behin euskaraz hasi zen norbaitekin solasean: “gogoratzen dut norbaitekin euskaraz hasi nintzela zinemaz hizketan eta pentsatu nuela: ‘zenbat dakien gizon honek zinemaz’”. Handik urte batzuetara jakin zuen hizketa lagun izan zuen hura Joseba bera zela.
Gerora, Irudiz eta euskaraz liburua prestatzen ari zela aurkitu zituen 1977-1980. urteetan idatzitako kritika haiek, eta harridura handiz irakurri zituen. “Asko harritu ninduen Josebaren lanak, garaiko prentsak zituen hutsune askoren artean, zinemarena nabarmena zelako eta, egindako lanak bide bat ireki zuen, nahiz eta Koldo Mitxelenak 50eko hamarkadan kritika gutxi batzuk idatziak bazituen ere”.
Martinezen iritziz, Sarrionandiaren ekarpena kultur zinematografikoan “oso handia” izan zen, ordura arte ikusteko aukerarik ez zegoen film asko lehen aldiz proiektatzen hasi zirelako. Buñuel, Chaplin edo Woody Allen izan ziren idazlearen aztergaietako batzuk, eta Martinezek honela laburbildu du bere lana: “Notarioarena egin zuen, pelikula askoren lehen proiekzioak jasoz. Testu hauetan gero idazle bihurtu zen Josebaren ezaugarriak islatzen dira, umorea eta espiritu kritikoa, esaterako”.
Horregatik erabaki du orain kritika guztiak liburu batean elkartzea, testu batzuk pixka bat eguneratuta. Izan ere, Josuren hitzetan, “garai hartan euskara oraindik sortzen ari zen”, eta zenbait idazki moldatu egin behar izan ditu gaurko irakurleari egokitzeko.
“Notarioarena egin zuen, pelikula askoren lehen proiekzioak jasoz. Testu hauetan gero idazle bihurtu zen Josebaren ezaugarriak islatzen dira, umorea eta espiritu kritikoa, esaterako”
Satira eta umorea
Gerora idazle bihurtu zen Joseba Sarrionandia ez zen soilik zinema aztertzen aritu. Tonu satiriko eta umoretsu berezia erabili zuen. Hala erakusten du 1978an Zinemaldiari buruz idatzitako artikulu batean:
“Zinema auzoetara eramatean, kultura sozializatzeko aurrerabide batzuk egin dira, edo ahalegin batzuk bederen. Baina Victoria Eugenia palazioko estupidoen mundua begiratzea aski da konturatzeko festibal hau betiko jabeena dela. Horra ‘egoki jantzia’ sartu beharra dago, hau da, txaketa amerikanoarekin. Ataria beterik dago egunero, sartzen diren pertsonalitateak behatzera dedikatzen diren mozoloz, eta txaloak jasotzen dituzten amerikanadun mozoloagoz. Espektakulu benetan deprimentea Victoria Eugeniakoa.”
Sarrionandiaren zinema paperak, beraz, ez dira soilik kritikak. Euskal kulturaren historian, 20. mendearen amaierako gizartearen irudi bizi eta askotan zorrotza eskaintzen digute.