Nosotros/Us film luzearen proiektu berriarekin izango da Helena Taberna zuzendaria Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Lamia Producciones Audiovisualesek ekoitzi eta Isaac Rosaren Feliz final eleberrian inspiratutako fikzioa da. Yoyes, Nagore, La buena nueva, Acantilado eta Varados lanen zuzendaria pozik agertu da bertan izateko aukeraren aurrean. “Pozgarria izan da industriari buruzko atalean egotea, horrela pelikula ezagutzen hasi baita, eta jaialdietako programatzaileek, hautatzaileek eta prentsak gure berri izan dutelako”, dio istorio honen gidoia Virginia Yaguerekin batera idatzi duen Tabernak.

“Bidali diogun azken bertsioa izugarri gustatu zaio” aipatu du zuzendariak Isaac Rosaren erreakzioari buruz. Inoiz ez da erraza izaten beste sor-tzaile baten lana egokitzea; egia esan, hainbat kasutan polemika handiak sortu dira idazleen eta zuzendari eta gidoilarien artean. Oraingo honetan, ordea, “dena primeran joan da, desleiala izan natzaion arren”, aitortu du Tabernak. “Oso gizon bizkorra, sentibera eta zinemazalea da, eta hasieratik bertatik oso lausengatua sentitu zen, nire moduko zinemagile batek bere istorioa pantailara eraman nahi zuelako”, gehitu du. Nobelak “erabat harrapatu ninduen” esan du, baina duen egitura kontuan izanik “segituan jabetu nintzen, pantailarako egoki-tzea oso erronka zaila izango zela”.

Hain zuzen ere egitura horretan egin dute gidoilariek sekulako ahalegina, eleberriaren “egiara hurbildu nahian”. Aipatu beharrekoa da, zineman Nosotros izenburua izango duen Feliz finalen maitasun handi bat amaieratik hasita berreraikitzen dela: bikote baten istorioa da, sarritan gertatzen denez, maitemindu, ilusioa bizi, seme-alabak izan eta gogor borrokatu zuena -euren kontra eta ingurunearen kontra: ziurgabetasuna, prekarietatea, jeloskortasuna; errenditu gabe borrokatu ziren, bidean hainbat bider erori arren. Eta behin maitasuna agortutakoan sortzen dira galderak: non okertu zen gure artekoa? Kontakizun honetan protagonisten ahotsak guru-tzatu egiten dira, oroitzapenak aurrez aurre jartzen dituzte, ez datoz bat kausekin, eta hurbiltzen saiatzen dira. Narrazioa euren desio, itxaropen eta akatsen autopsia gupidagabea da, non gorroto sedimentatuak, gezurrak eta desadostasunak agertzen diren, baita makina bat une zoriontsu ere. Rosak oso gai unibertsala jorratzen du, maitasuna, gaur egun zailtzen duten baldintza ugarietatik aztertuta: prekarietatea, bizi-asegabetasuna, desiraren interferentziak…

Zalantzarik gabe, Helena Tabernak apustu sendoa egin du, Rosarekin izandako “topaketa sortzaile izugarri polita” abiapuntu izanda. Bere esanetan, erronkarik handienetako bat historia berdintasunetik jorratzea izan omen da, beti ere, “oro har nire zineman” eta istorio honetan hain garran-tzitsuak diren “xehetasunak eta ñabardurak” nabarmenduz. Ahalegin horretan, kontatzeko modu berriak ere txertatu ditu zinegileak, hala nola, eremuz kanpokoa, edota “hitzik gabeko aurpegia ala aurpegirik gabeko hitza”, fikziozko eta dokumentaleko zinemaren arteko mugak lausotzeko ahaleginari eutsiz. “Probak egitera ausartu naiz, jolastera; horixe baita bizitzaren eta sorkuntzaren jolasa”, esan du.

Protagonistak eta lantaldea

Une honetan, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren baitan beste bederatzi proiekturekin batera hautatua izan den filmaren ekoizpen eta finantzaketa fasearekin jarraitzeaz gain, filmeko aktore protagonistak topatzeko lanean dabil buru-belarri Taberna.”Hautaketa zuzenean neu egiten ari naiz, zer nahi dudan oso argi daukadalako”, aipatu du, eta Nosotros proiektuaren inguruan osatzen ari den talde tekniko eta artistikoarekin oso pozik dagoela azpimarratu nahi izan du. “Oso gustura nabil; profesional batzuekin aurrez lan egindakoa naiz eta beste batzuekin ez, baina dena oso modu logikoan eratzen ari dela iruditzen zait”. Jakina, lehenago filmatzen hastea gustatuko li-tzaiokeela aitortu du, baina “proiektu zinematografiko bat martxan jartzea kosta egiten da, are eta gehiago garai hauetan”; inolaz ere, atzerapen horrek alde onik ere ba omen du “denborak gauza guztiak orekatzen eta fintzen dituelako”.

Epeei dagokienez, udaberrian hasteko moduan izango direla uste du zuzendariak, “eta bestela, udazkenean”. Estreinaldiaz ezin oraindik ezer esan goizegi delako, baina argi utzi nahi izan du, “jendeak ikusteko” egiten dituela filmak, eta ikusleak “gozatzeko ez ezik, baita eraldatzeko ere”. Kasu honetan, “maitasunari buruzko istorio eder bat abiapuntu hartuta, bizitzaren ezinbesteko eragile denetik, eta haren gabezia ere nabarmenduz”.