istoriaurreko aztarnak badaude ere, 1320. urtean, apirilaren 5ean konkretuki, lortu zuten hiri agiria Oiarso bailarako biztanleek. Ondorioz, Villanueva de Oiarso izeneko hiribildua sortu zuten aurretiaz Orereta izena zuen gunean. Beraz, aurten bere 700. urteurrena ospatzen da.

Iago Irixoa historialariak azpimarratu duenez, hiri agiriak Errenteriako garapenean izugarrizko garran-tzia izango zuen. “Garaiko agiriek zein lekukotza arkeologikoek argi adierazten digute ordurako Orereta inguruetan nolabaiteko azpiegiturak eta biztanle gutxi batzuk finkatzen hasiak zirela, bereziki bailaran ekoizten zen burdina-esportazioaren baitan. Negozio honek erregearen interesak piztu zituen”, azaldu du historialariak.

Beraz, hiri-gutunak egoera hori areagotu eta lekuaren garapena bultzatu zuen, non eta itsasoko ura bertara iristen zen eta bailarako burdinolek ekoiztutako metala inguruan zein nazioartean barreiatzeko aukera bikaina eskaintzen zuen leku batean. Baina ez hori bakarrik.

“Duela zazpi mende sortutako agiriaren bidez, zentraltasun politiko, ekonomiko eta administratiboa eman zitzaion Oreretan eraiki behar zen herriguneari, aldez aurretik Oiartzungo Elizaldek zuenari lapurtuz”, aipatu du Irixoak. “Hala, udal Gobernua izendatzeko eskumena edo salerosketak eta azoka ospatzearena hiribildukoek izango zuten, bailara menpekotasun agerikoan utziz. Dena den, ez zen egoera harrigarria; aitzitik, garai hartan ohiko kontua zen, baita Gipuzkoan ere”, azaldu du.

Eraldaketa horrek ezinbestean oiar-tzuarren erantzuna ekarri zuen. Alde batetik, esparru fisikoan: dokumentatua dugun lehenengo ekintza zuzena, ezin sinbolikoagoa dena, 1340 aldera burututako hiri-gutunaren beraren lapurreta izan zen; halaber, erregeak hiribildua populatzera joateko aginduari ere ez zioten jaramon handirik egin.

Bestalde, borroka esparru ukiezinera zabaldu zen, Oiar-tzun izenera, hain zuzen ere. Ezin da ahaztu Oiartzun leku-izena ez zela egungo bailarara mugatzen, portua ere hartzen zuen.

Irixoak gogora ekarri duenez, Oreretan zentraltasuna izango zuen guneak “Oiartzun” izena hartzeak bailararen berezko izena apenas eraikinik zuen gune berri bati emateak, tradiziorik ez zuen auzune bati, oiar-tzuar petoen begietara uskeria zen, hain zuzen ere. Hala, bailarak bere izenari eutsi nahian, Oreretan finkatutakoei “Errenteria” bezala aipu egiten hasi zitzaien, gutxienez XIV. mendearen erdialdetik, Oreretako Herri Memoria taldeak eta bereziki Luis Elberdinek burutu duten lanean ondo eraikitako hipotesi batean aditzera eman duten bezala.

Honela, 1491n Villanueva de Oiarsok Renteria izena hartu zuen ofizialki, Errenteria errentak ordaintzeko lekua baitzen.

Esan bezala, hiri-gutuna eman aurreko hamarkadetan badiaren merkataritza garapena, itsasoan oinarritutakoa, islatzen duten datuak daude. 1320ko agiriaren ondotik harreman hau sendotu egin zen, eta horrela jarraituko du XVIII. mendera arte.

Alabaina, faktore natural zein antropikoek hamarkada luzeen joan-etorrian eragindako ondorioek itsasoaren urrutiratzea ekarriko dute. Errenteriako Udalaren webgunean jaso-tzen denez, ordura arte portu eta merkataritza hiria izandakoak portuaren gainbehera jasan zuen Aro Modernoan. Horrek beheraldi motel bat eragin zuen herriaren merkataritzan eta itsas jardueretan.

Itsas jardueraren gainbehera ikusirik, udalerriaren ahaleginak jarduera berri baterantz zuzendu ziren XIX. eta XX. mendeetan, industriarantz, alegia. Herrian fabrika berriak sortu zituzten, eta gehienak hirigune historikotik gertu eraiki zituzten. Azpiegiturek, halaber, garapen handia izan zuten garai horretan. Gauzak horrela, Errenteriak Manchester Txikia goitizena hartu zuen.

Hedatzen ari zen hiriguneaz kanpo, landa-inguruneak desamortizazio prozesuak jasan zituen, eta horren ondorioz baserri berriak sortu ziren. Une horretarako paisaiak hiru osagai nagusi zituen, gaur egun irauten dutenak: industria, baserria eta basoa. Momentu horretan industria-jarduerekin loturiko populazioa hedatzen ari zen, baserrietako populazioarekin batera, eta horri gehitu behar zaio baso aberatsaren iraupena.

XX. mendearen bukaera industriaren beherakada ere iritsi zen eta Errenteriak krisialdi latza ezagutu zuen. Gauzak horrela, herriko ekonomia gelditzen diren industriez aparte, herriko eragileen balioa ikusirik, kulturan, artisautzan eta teknologia berrietara bideratu nahi du. Eraldaketa prozesu honetan dihardu azken urteetan.

Duela 700 urte gertatutakoak gogoraztea merezi du, kontuan izanda gaur egungo Errenteria urte horretan eratzen hasi baitzen. Eta honetaz jabeturik iaz hasi ziren Udala eta kultur eragileek egitarau zabal eta oparo bat prestatzen.

Baina 2020 historiari pasako den beste data bat izango da, COVID-19 pandemiak gogor kolpatu baitu mundu guztia, eta nola ez, Errenteria ere. Beraz, aurtengo prestatutako ekitaldi askok bere formatoa aldatu edo berrantolatu behar izan dira.

Urteurrenaren egun handia apirilaren 5a izan behar zuen, baina jendea etxean konfinaturik zegoenez, prestatutakoa albo batera utzi eta Internet bidez ospatzeko bi ekimen prestatu ziren. Errenteriako bandak goizean El Centenario abestiaren bertsio berezi bat aurkeztu zuen, musikari bakoitzak bere etxean grabatutakoa, eta arratsaldean Plaza Etxean bideoa bota zuten, Jon Maya dantzariak zuzendutako pieza, non herriko artista asko eta Aizpea Otaegi alkatearen agurra azaltzen ziren.

Baina, herriaren 700. eraketa ospa-tzeko eta bere historia berreskura-tzeko ekintza gehiago ere izan dira. Honela, hilabete honetan ospatutako Eztena jaialdiak ere gogoan izan du Errenteria.

Izan ere, Sra. Polaroiska izeneko kolektiboak, Mikelazulo kultur elkartearen lotura estua duenak, uztailetik ikerketa bat abiatu du Errenteria/Oreretan, duela hamarkada ba-tzuetako Zumardiko dantzaldi ezagunetan oinarriturik. Alabaina, hauek ez dira ekitaldi bakarrak izango, urte bukaerara arte, egoerak uzten badu, sorpresa gehiago aurreikusita baitaude.

XIX. mendean itsasoaren urrutiratzearekin, indarrak industriara bideratu ziren

Herria gai izan da pandemiak hankaz gora utzitako urteurrenaren ospakizuna moldatzeko