MUBIL Mugikortasun Adimenduneko eta Jasangarriko Zentroa Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan kokatzen da. Programa horren helburua lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da, gero desafio horiei elkarlanean erantzuteko. Esparru horretan, ardatzetako bat lurraldearen espezializazio adimenduna indartzea da, mugikortasun berria izanik ildo nagusietako bat.

MUBIL fundazioa 2019an eratu zen, eta iazko udaberrian Ane Insausti ingeniari donostiarrak hartu zuen zuzendari kargua. "Aparteko balioaren ikuspuntutik, MUBIL lau norabidetan ari da lanean: azpiegitura teknologiko indartsu bat, ekintzailetza bultzatzea, ezagutza sortzea eta kudeatzea eta Gipuzkoa living lab bihurtzea esperimentazioaren bidez", azaldu du.

Gipuzkoa, eta Euskadi, mugikortasun berriaren erreferente bilakatzeko bidean, eman da lehen aurrerapausoa Tolosako behin behineko egoitzarekin, Eskuzaitzetako Mugikortasun Berriko Poloa eraikitzen den bitartean.

Bertan kokatuko da, MUBIL zentroaren behin betiko egoitzaz eta laborategi aurreratuaz gain (dagoeneko Tolosan martxan dagoena), power trainarekin eta hidrogeno pilarekin lotutako espazioak egongo dira, etorkizuneko mugikortasunaren beste giltzarrietako batzuk. Halaber, 40.000 metro karratu gorde dira mugikortasun berriarekin zerikusia duten eta zentroaren inguruan garatu daitezkeen beste ekimen ba-tzuetarako.

Zentzu horretan, etorkizuneko Gipuzkoako ekonomiaren oinarri izango diren proiektu estrategikoen alde egiten jarraitzearen garran-tzia azpimarratu du Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak. "Pandemia testuinguru batean jarraitzen dugu, ziurgabetasunez inguratuta, eta horien aurrean etorkizuneko apustuetan sakonduz erantzuten dugu. Konfiantza osoa dugu Gipuzkoak dituen gaitasunetan eta ahalmenean, gure herrialdeak orainaldiko krisia gainditzeko eta etorkizuna eraikitzen hasteko duen ahalmenean ", esan du diputatu nagusiak.

Euskadi Next Mugikortasun Berriko Poloa

Euskadi Next erakundeak proposatutako Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (PERTE) barruan dago, Gipuzkoa beste bi proiekturekin batera(Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT) -Terapia aurreratuak-, eta Gipuzkoa Quantum -Teknologia kuantikoak-). Hirurak ere Gipuzkoako Foru Aldundiak koordinatutakoak dira, eta punta-puntako hainbat enpresa, agente eta ikerketa-zentro biltzen dituzte. Proiektu publiko-pribatuak dira PERTEak, trakzio-gaitasunagatik, balio erantsi handiagatik eta ekonomiaren epe luzerako hazkundea indartzeko gaitasunagatik nabarmentzen direnak.

Programa horrek lurraldeko 66 proiektu espezifiko biltzen ditu. Horiekin 1.001,1 milioi euro jaso nahi ditu Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik, eta horietatik 86,5 milioi euro MUBILek eskuratuko lituzke, hortaz, MUBILen proiektua martxan jartzeko aurreikusitako inbertsioa 156 milioi eurokoa izango da.