Ez da lehen aldia hiri handien eredua birplanteatzen dela, eta ez da azkena izango ere. Orain arte bestelako neurriak hartu izan dira area urbanoetan, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan batez ere azken urteetan; hala nola, karbono dioxidoaren isurketak murriztea, energía berriztagarriak erabiltzea, etab. Tamalez, XXI. mendeko hiriek dituzten erronka ekologiko, ekonomiko eta sozial handiei beste bat gehitu zaie 2020 urtean: osasuna.

Historiak erakusten digunez, iraganeko beste gaixotasun batzuek aldaketa handiak eragin zituzten bere garaian hirien eraketan. Parisen, XIX. mendean, Georges-Eugène Haussmannek hiri osoa eraberritu zuen kaleak kutsatzen zituzten eta tuberkulosia eta kolera bezalako gaixotasun ugari sortzen zituzten aire txarrak ken-tzeko. Mende berean, New Yorken, 2.3 milioi pertsona baino gehiago bata bestearen ondoan eraikitako apartamentu txikiko eraikinetan bizi ziren, ilun eta hezeak, infestazio arazo larriekin. 1849an kolera-izurrite batek bost mila pertsona baino gehiago hil zituen eraikin horietan. Hortik aurrera, Manhattanen eraikinak eraikitzeko erregulazioak egin ziren eta erreformen artean, bainu berean 20 erabiltzaile baino gehiago egotea debekatu zen.

Nabarmena da, beraz, arkitekturak gure eguneroko bizitzan duen garrantzia eta etorkizunean parkeak, etxeak eta bulegoak eraikitzeko modua aldatu daiteke. Bide horretan, koronabirusaren pandemia ikasbidea izan daiteke, hiri-eredu berriak osasungarriagoak izan daitezen.

Etxebizitzak

Hasteko, etxeko konfinamenduak zenbait faktore azaleratu ditu. Aurten, inoiz baino gehiago, gure bizimodua birplanteatu dugu. Izan ere, hainbat hilabetez etxean sartuta egon gara eta inoiz hainbeste denboraz egon ez garen leku batez jabetu gara. Etxea elkarbizitzarako leku bat izan da beti, baina ez eguneko 24 orduetan. Martxoan, ordea, gure etxeak bulego, haurtzaindegi, jolastoki, gimnasio eta bizikidetza eremu bihurtu ziren.

Esperientzia hori bizi eta gero, gure etxeari ikuspegi berri bat eman diogu. Gainera, behin koronabirusa gaindituta, inork ez digu ziurtatzen beste pandemiaren bat biziko ez dugunik. Horregatik, garrantzitsua da gure etxeko espazioa aztertzea, etortzen dena etortzen dela, malgua izan dadin eta egunez egun eduki di-tzakegun behar horietara egokitzeko. Orain eskaria erabat aldatu da; inork ez ditu nahi pisu txikiak. Orain espazio zabalekiko apustua egiten da, non eguzki argia sartzen den, balkoi edo terrazekin ahal bada, tele-lanerako eremu egokitu batekin, etab.

Bizikletaren erabilera

Hiriko mugikortasunean ere aldaketak ageri dira. Garraio publikoetan jendetzarekin aurkituko direnaren beldurrarekin, jende asko garraio pribatua geroz eta gehiago ari da erabiltzen. Hori, hala ere, ez da irtenbidea. Garraio publikoa ezin da masifikatuta egon, baina autoa ere ez da gehiegi erabili behar. Gauzak horrela, udal batzuek erabaki dute herritarren artean oinez edo bizikletaz ibiltzeko bi garraio-aukerak susta-tzea, osasungarriak, jasangarriak eta segurtasun distantzia bermatzeko baldintza betetzen dutenak hain zuzen. Horrez gain, garraio publiko seguruago bat lortzeko lanean dabiltza eta maiztasuna ere igo egingo da.

Bizikleta alternatiba merkeena eta eraginkorrena da. Horregatik garraio-bide honetarako espazio gehiago eratuko dira. Adibidez, Italiako Milan hiriak iragarri du koronabirusaren larrialdia gainditzeko asmoen artean dagoela 35 kilometroko pista berri bat sortzea. Frantziako hiriek ere bizikletaren alde egiten dute; Frantziako gobernuak 20 milioi euro jarri ditu Paris, Lyon, Lille edo Montpellierren bere erabilera susta-tzeko. Azken batean, helburua auto gutxiago erabiltzea, oinezkoentzako eta bizikletentzako leku gehiago sor-tzea, garraio publiko seguruagoa eta maiztasun gehiagorekin lortzea da.

15 minutuko hiria

Pandemia-aro batean sartu bagara, etorkizuneko hiriak horren baitan diseinatu beharko lirateke, kanpoaldea eremu debekatu bihurtu ez dadin, baizik eta espazio segurua eta bizitzeko modukoa izaten jarrai dezan. Hori dela eta, zenbait arkitekto aldaketak proiektatzen aritu dira eta ‘15 minutuko hiria’ deritzona garatu dute. Hirigintza-proiektu honek hiria auzo autonomoetan disekzionatzea proposatzen du, dena ordu-laurdeneko distantziara dagoen auzoetan, oinez edo bizikletaz. Hau da, hiritarrek behar duten edozer distantzia horretara eskuratu dezakete gehienez ere.

Ideia hori landu duten arkitektoen artean Vicente Guallart valentziarra dago. Bere proiektuan, “Hiri autosufizientea” lelopean, 15 minutuko distantziak kontuan hartzeaz gain, hiri ekologikoa, zurezko eraikinak, energia eta elikagaiak ekoizteko berotegiak, fabrikazio laborategiak, terraza zabalak, telelanerako etxebizitzak, etab. proposatzen ditu. Konfinamenduan sortu zuen proiektua eta covid ondorengo etxebizitza-lehiaketa bat irabazteko balio izan dio. Hori dela eta, 3.000 lagunentzako etxebizitza-multzo bat eraikitzeko aukera izango du Xiong’anen, Pekindik 100 kilometrora.