Jon Sarasua: “Ez nuke katastrofismora joko, baina euskarak bizi duen unea kezkagarria da”
Euskararen Egunaren bezperan eta gure hizkuntzaren etorkizunaren harira, Villabonako Subijana Etxean hitzaldia emango du asteartean (19.00) Sarasuak
Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetaguneko koordinatzaile, bertsolari eta unibertsitate irakasle Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966), gure hizkuntzaren etorkizunaren harira, “nola gaude eta nora goaz” solasaldiko protagonista izango da astearte honetan, abenduak 2, Villabonako Subijana Etxean (19.00). Astezkenean ospatuko den Euskararen Egunaren atariko bikaina. Tolosaldeako Uzturre Foroa elkarteak antolatu du solasaldia eta publiko guztiarentzat irekita dago.
Geroz eta gehiago ari gara entzuten euskara kinka larrian ote dagoen edo zerbait desberdina egin beharrean gaudela
—Euskararen egoeraz hitz egiteko tentu handiz hitz egin behar da, sinplekeriatan erori gabe. Horrek ez du esan nahi erdibideko diagnostiko bat egin behar denik, edo orekak zaindu behar direnik, baizik eta diagnostiko on bat egin behar zaiola, ikusteko gorputzak dituen indarguneak eta gaitzak, simil mediku bat eginda.
Alegia, ‘hizkuntz gutxitu bat izateko eta bizi garen garaietarako, ez zaude hain gaizki’.
—Kontua da, ikusi beharra dagoela nondik gatozen, zein gaitz dugun eta horren sendaketan zertan gabiltzan eta mehatxu berriak zeintzuk izan daitezkeen. Orduan, iruditzen zait, tentuz ibiltzea dagokigula, badaudelako zenbait pultsio.
Ideologiaz ari zara?
—Ideologia batetik, baina batez ere, euskalgintzaren zein sektoretan zauden. Eta sektore horien arabera ere, eragina dauka diagnostikoak.
Azaldu iezadazu hori ondo.
—Esan dezagun hiru eragile daudela euskalgintzan: eragile politiko eta publikoak: agintariak eta agintaritzarako lehiatzen ari diren alderdiak; bestetik, euskararen inguruko eraketa eta enpresak; hau da, euskalgintzatik bizi diren eta era berean euskara bultzatzen ari direnak. Eta, hirugarrenik, jakintza edo ezagutzaren begirada. Eta hiru begiratu horiek behar ditugula uste dut.
Hor zer ikusten da?
—Alde batetik, egin duguna ikaragarria dela. 60 urteko ziklo batean gaude eta hor egin duguna mundu mailako esperientziarik bitxi eta txalogarrienetako bat da. Hori aitortu beharra dago, baina momentua delikatua da. Ez nuke katastrofismora joko. Momentua delikatua da, kezkagarria ere bai, eta hortik ateratzen den ondorioa da jauzi sorta bat egin beharra dagoela: politikak birpentsatzeko fase batean sartu behar dugu.
Eta sartuta gaude?
—Hortxe gaude. Nik uste dut momentu honetan epe luzeko bisio moduan dugun gauzarik elaboratuena Euskaltzaindiaren gogoeta gunean egin den etorkizun ikuspegia eta adarkako lana dela, planteatzen duelako euskararen bai gizarte politika, eta bai komunitate estrategiak pentsatzeko ardatz sistema berri bat.
Euskalgintzaren beste eragileekiko, Euskaltzaindiak protagonismoa galdu duela esan genezake? Edo bidelagun berriak dituela?
—Azken urteetan euskal komunitatearen baitan astindu handiko historia izan dugu eta horrek eragin du barne zatiketa handi bat; instituzioen aldeko apustua egiten zuten, horien kontrako apustua egiten zuten eta borroka armatuaren alde egiten zutenen artean; eta hor zatiketa estrategiko sakon bat eman da. Ulertu behar dugu hortik gatozela, horrek euskalgintzaren dinamika asko baldintzatu duela eta oraindik ere jarraitzen duela baldintzatzen.
Duela hiru hamarkadetako ajeak
Ez dago gaindituta?
—Ez dago erabat gaindituta. Esan nahi dut, horko inertziak, estiloak, jarrerak, zoritzarrez, funtzionatzen dute oraindik. 90. hamarkadako eskemak daude oraindik askoren inkonszientean.
Gure adinekoen artean, ezta?
—Bai, eta erakunde batzuetan ere bai. Egoera horretan, Euskaltzaindiak egin du bere ibilbidea eta egia da une honetan, daukan historiagatik, eta korpusaren arloan daukan onarpen zabalarengatik, izan daitekeela kontuan hartzeko elementu bat zenbait funtzioetarako. Kontuan eduki behar dugu Euskaltzaindiak ez duela bakarrik iker saila, baizik eta Jagon saila, betidanik euskararen norabidea zaintzera dedikatu dena. Eta uste dut Euskaltzaindiak hor zerbitzu bat egin dezakeela, baina jakina, errespetatuz beste askoren lekua eta bidea. Zorionez, euskalgintzan gabiltzan erakunde, bai publiko zein sozial eta enpresarialak asko hazi dira eta eragile multzo zabala dago. Euskaltzaindia horietako bat da.
“Euskalgintzaren sektore guztiak ados gaude orain arte egin duguna egiten jarraitzearekin ez dugula aurrera egingo”
Goazen euskararen gaitzetaz hitz egitea. Nik bi jarriko dizkizut mahai gainean: ematen ari diren aldaketa sozioekonomikoak eta daramagun bizimodua eta kontsumo kultura. Zerk kezkatzen zaitu gehien?
—XXI. mendeak ekarri dizkio bi edo hiru inpaktu handi euskararen bide gorakorrari: bat da gizarte aldaketa, gizartearen fragmentatzea, likidotzea, globaltzea, indibidualizatzea, kontsumo gizartearen abiadura are handiagoa… Eta hor Mendebaldeko dinamiken soziologoek deskribatzen dute pertsona bat geroz eta gehiago hiperkonektatuta, baina aldi berean komunitate fisikoarekin gutxiago konektatuta; zapping gehiago egiten duena bizitzako gauzekin ere; eta horrek ahultzen du oraindik ere konpromisu sendoak behar dituen bidea. Bestetik, teknologia aldaketa, pixkat honekin lotuta dagoena: fragmentatu egiten dituena gure arretagune posibleak. Eta hirugarrenik, migrazio prozesua: eta hor, azkenaldian, Uemak Siadecori eskatutako ikerketak gauzak argi samar jartzen ditu, eta esaten du migrazio prozesuek horrela jarraitzen badute, hizkuntzaren prozesuentzat inpaktu handia izango luketela. Hiru inpaktu handi horiek datozkigu, baina ezin ditugu ahaztu lehenagotik ditugun zailtasun estrukturalak: ez garela estatu bat; lurralde zatikatuan gaudela eta demografia linguistikoa: hau da, zenbat gara euskaldun hiztunak eta euskaldun sendoak populazio osoaren baitan. Eta hori guztiarekin, esan dezakegu, egoera kezkagarria, delikatua dela.
Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendari Luis Mari Zalduak lehen sektoreko Gure Lurra kongresuan esan zuen euskararen ezagutza ikaragarri zabaldu dela, baina euskaldunon euskaraz hitz egiteko gaitasuna jaitsi egin dela. Zer deritzozu?
—Esan beharrekoa da hizkuntzaren erabilera formaletarako ikaragarri aurreratu dugula. Eta bai arlo formaletarako hizkeraren kalitatean ere. Baina, aldi berean, hizkuntzaren funtzio formalak gutxienak dira; hizkuntza da nagusiki ahoz eta beste hainbat funtziotan erabiltzeko eta hor bai, baditugu kezkatzeko motiboak. Eta hori sustatu behar dugu; hizkuntza ikastea ez da inoiz bukatzen. Hizkuntza da etengabe zorroztu beharreko aizkora. Eta erabilerarekin zorrozten joan behar dugu.
Euskalkiak eta batua
Euskalkien inguruan galdetu nahi dizut. Norberaren euskalkiaren aldarrikatze horretan, sumatzen dut batuaren kontrako joera eta jarrerak piztu direla.
—Hau ez da bat ala bestea. Horrela planteatzea akats bat da. Euskara estandarra sortu zen funtzio jakin batzuetarako. Hizkuntzaren funtzioak gradatuta daude: pertsonala, familia eta gertuko lagunen esparrua, funtzio lokalak, profesionalak eta nazionalak. Gu orain funtzio nazional bat betetzen ari gara: egunkari baterako ari gara. Baina gero joango naiz kalera eta euskalkia erabiliko dut. Funtzio lokalean arituko naiz. Denentzako dago lekua.
Hibridotze batera eraman dezake horrek hizkuntza.
—Pentsatu behar da hizkuntza zerbait dinamikoa dela. Bestalde, ikusi behar dugu euskarak funtzio informaletarako indarra apur bat galdu duela, gaitasuna galdu dugula, eta euskalkiaren bidez jende askok bere hizkuntzaren garapen osoa lortzen duela, hizkuntzari kolorea ematea, adierazkortasuna, eta hori zilegi da. Euskalkiak ezin ditugu inola ere amortizatutzat eman. Baina, kontuz! Horrek ez du esan nahi euskalki jakin bat ez duen pertsonaren euskara legitimoa ez denik. Euskara guztiak dira legitimoak eta ongi etorriak. Hori bai, iparra eta erreferentzia funtzio guztietan hizkuntza adierazkorra duena da.
“Aisialdi antolatuaren eremuan egiten duguna baino askoz gehiago egin liteke, euskararen ezagutza asko zabaldu delako”
Futbolean ikusten dudana aipatuko dut: ume eta gazteen partidetan, herri euskaldunetako taldeetan ere, gaztelania erabiltzen dute askok. Deigarria.
—Hainbat esparrutan ikusten da erlaxazio moduko bat, baina bereziki futbola aipatzen duzunean, nik esango nuke hori baino zabalagoa dela, haurren eta gazteen kirola, eta are zabalagoa, hezkuntza ez formal guztia, musika eskola bada ere; eta horixe, hain juxtu, iruditzen zait bihurtu behar dugula indargune. Aisialdi antolatuaren eremuan, egiten duguna baino askoz lan gehiago egin liteke, euskararen ezagutza asko zabaldu delako. Hemendik aurrera entrenatzaileek eta monitoreek jakingo dutelako. Eta erabilera gune izan dadin, hori antolatu egin liteke; ardatz sistema berriaren adarretako bat da.
Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatu duen Batuz Aldatu ekimena zer iruditzen zaizu?
—Nolabait, euskararen bultzadan eragile desberdinak daude: dago erakunde publikoetatik, hasi Jaurlaritzatik, eta Udaletaraino egiten den politika: euskalgintza publikoa. Badago ere euskararen inguruko erakunde sozial eta enpresetatik egiten den euskalgintza, sektore desberdinetan. Badago hezkuntzan egiten den euskalgintza bat eta baita ere jakintzaren esparrutik egiten dena. Eta nire ustez ahulena daukaguna da mugimendu sozial dimentsioa; euskararen aldekotasuna mugimendu sozial moduan artikulatzeko dimentsioa nire ustez birpentsatu behar dugu aro berri horretan. Eta horrek gainditu behar ditu 90. hamarkadako ajeak, lubakiak, trintxerak.
Batuz Aldatuk ez du hori lortzen?
—Ekimen hori da orain dugun mapa horretako eragile mota batek bultzatzen duena: euskalgintzaren inguruko enpresa eta elkarteen sektoreak. Nik uste dut dena dela beharrezkoa. Hala ere, ona litzateke koordinatzea beste eragileekin zer mezu eman behar dugun. Iruditzen zait, orohar, ez garela aro berri bati eskatu behar dizkiogun etxeko lan guztiak ondo egiten ari.
“Norbera dela euskararen zilborra pentsatzeko joera dago enpresa, ekimen eta sektore batzuetan. Hortik atera beharra dago”
Euskararen Eguna (abenduak 3 gainean dugu), eta nahiz eta aurten ez den tokatzen, garai honetan abiatzen da Euskaraldia. Zer esango zenuke esperimentu sozial honen inguruan?
—Euskaraldiak gauza onak dituela uste dut eta, batez ere, lortu du aspaldi luze-luzean lortzen ez zen transbertsalitatea. Zeharkakotasun politiko eta soziala. Horrelako ariketa sozial batean ikustea Topagunea bezalako mugimendu bat eta erakunde publikoak esan nahi du sentipen politiko eta sentsibilitate desberdineko jendeak egindako ariketa bat izan zela. Eta uste dut hori dela norabide ona. Gero, ariketa bera nola egiten denaren inguruan baditut zalantza batzuk.
Hortik joan liteke etorkizuna?
—Hemen esaldi klabea da gauzak egiteko modua aldatu behar dugula. Hau da, orain arte egin dugunaren ebaluaketa desberdinak egin litezke, baina badago denok ados gauden gauza bat, bai gobernuetan daudenak, euskararen enpresetan daudenak, zein jakintza guneetan gaudenok. Eta da: orain arte egin duguna egiten jarraitzearekin ez dugu aurrera egingo. Hori afirmazio potentea da, baina aldi berean, interpelatzailea denontzat.
“Orohar iruditzen zait ez garela aro berri bati eskatu behar dizkiogun etxeko lan guztiak ondo egiten”
Hirurek aldatu behar dutela diozu.
—Arriskua da denok pentsatzea aldatu behar duena bestea dela. Eta mezua da: denok aldatu behar dugu. Eskuzabaltasunaren momentua dela uste dut. Eta ikusten ditugu sintoma txar batzuk: aldatzea aldarrikatzen dela, baina nork-berea ez.
Nor-bere zilborrari begira
Oso gurea.
—Oso gurea, bai. Gobernu politikak aldatu behar direla diote batzuk. Ados. Baina euskararen enpresen interesak ere mugitu behar dira. Eta, ahal bada, pentsatu behar dugu ez gure zilborretik bakarrik.
Zer esan nahi duzu zilborrarenarekin?
—Bada joera enpresa, ekimen eta sektore batzuetan pentsatzeko norbera dela euskararen zilborra. Euskararen politika egokia niri gehiago ematea dela eta nire sektorea indartzea. Hortik atera beharra dago.
“Belaunaldi gazteak baditu aje batzuk, baina badago sektore bat gauza batzuk gu baino hobeto egiteko gai dena”
Jon Sarasua: “Euskal kulturgintzan ikusten denak oso hotz uzten nau”
Gazteak nola ikusten dituzu?
—Nire kasuan, baikorra izatea tribulazio gogorren erdian hartutako hautu bat da. Baina hori horrela izanda ere, uste dut belaunaldi gazteak badituela aje batzuk: zapping-aren munduan daude, sirena kantu asko dituzte, bai kontsumokoak eta bai ideologikoak. Euskararen ilusioaren zikloa nekatuta iritsi zaie, eta gainera sistematik iritsi zaie eta beste jarrera mota bat dute. Hala ere, ikusten dut badagoela gazte sektore zabal bat honi eusteko eta gauza batzuk gu baino hobeto egiteko gai direnak. Batzuk ezagutzen ditut eta horrek konfiantza ematen dit.
Temas
Más en Sociedad
-
Jon Sarasua: “Euskal kulturgintzan ikusten denak oso hotz uzten nau”
-
Sanidad retira una manteca corporal incluida en un calendario de adviento de la marca Yepoda
-
The Waterboys desplegará su folk rock este miércoles en el Kursaal
-
Peste porcina africana: qué es y por qué preocupa a ganaderos y consumidores
