Síguenos en redes sociales:

Jon Sarasua: “Euskal kulturgintzan ikusten denak oso hotz uzten nau”

Euskaltzaindiako Gogoetaguneko koordinatzaileak hitzaldia emango du Villabonako Subijana Etxean (asteartea, 19.00): non dago eta nora doa euskara?

Jon Sarasua: “Euskal kulturgintzan ikusten denak oso hotz uzten nau”Arnaitz Rubio

Euskararen Egunaren bezperan elkarrizketa eman dio Jon Sarasua bertsolari, unibertsitate irakasle eta euskaltzain urgazleak NOTICIAS DE GIPUZKOAri.

Bertsolaritza eta Humanitate hezkuntza, irakasle zaren aldetik, nola ikusten dituzu gaur egun?

 —Azkenaldian hautsak harrotu zituen nik bertsolaritzaren inguruan egindako kritika batek; azken 27 urteetan ibili naiz materiala eta artikuluak biltzen ikasgai-sorta bat osatzeko, ikasleeei mundua ulertzen laguntzeko, ideologiak esplikatzeko, gaur egungo mundua ulertzeko. Ikasleei esan nahi izan diegu: egin zalantza, ez erosi errazegi hedabideetatik saltzen dizkiguten ideologiak, pentsa zure kabuz, jarri zalantzan teorian politikoki korrektoa den hori, baina baita inkorrektoa dena. Hori bultzatzea izan da nire deformazio profesionala. Ikasleak sakontzera deitzera. Eta deformazio profesional horretatik, euskal kulturgintzan ikusten denak oso hotz uzten nau. Ikusten dut, hain zuzen, falta dela guk ikasleei esaten dieguna: min pixka bat ematen dit. Eta hori da momentu honetan nire kezka, uste dudalako oso gizarte mediatizatuan gaudela. Mendebaldeko medioen bidez iristen zaigula zer pentsatu behar dugun gai bakoitzari buruz, eta azkenaldian iristen diren olatu ideologiko guztiak txintxo xurgatzen ditugula euskal munduan.

Permeableak garela, alegia.

 —Bai, eta gainera euskaldunok beti izan dugu joera sutsuak izateko. Karlista sutsuak, gero abertzale euskaldun fededun sutsuak, ondoren euskaldun progresista sutsuak, orain hiperprogresista sutsuak eta garai bakoitzean hegemoniak dauka joera pentsatzeko binomio horiek lotuta joan behar direla. Komeni zaigu askoz gehiago sakontzea eta zalantzan jartzea gauzak, dibertsifikatzea, hizkuntza ez errazegi ezkontzea garaiko ideologia nagusituekin. Eta horrek lotura du bertsolaritzarekin, Unibertsitatearekin edota sakelekoarekin. Jendeak gutxi irakurtzen du, baina irakurtzen dutenek norbere sokako gauzak irakurtzen dituzte. Algoritmoak ere zuretik ematen dizu jaten. Edozein dela zure konbentzimenduen Gaia, feminismoa, ekologismoa, marxismoa edo eskuin muturra deitzen dena, nik esango nizuke: irakurtzen dituzun hiru liburutik, gutxienez bat, izan dadila zure iritzien kontrakoa eta oso ona. Ez zure iritzien kontrakoa eta txarra, zurean indartzeko. Hirutik bat behintzat izan dadila kontrakoka eta ona, zuri pentsarazteko.