Síguenos en redes sociales:

75 urtetik gorakoek gripearen aurkako txerto indartua izango dute

Osakidetzak haurrei eta haurdun dauden emakumeei zuzendutako txertaketa-kanpainari hasiera eman dio

This browser does not support the video element.

Presentación de la campaña de la gripeIrekia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako 2025eko txertaketa-kanpaina aurkeztu dute ostegun honetan, “Zu funtsezko pieza zara gripea saihesteko. HARTU TXERTOA”, eta astelehen honetan, urriaren 6an, hasiko da.

Berrikuntza nagusia da 75 urtetik gorakoek gripearen aurkako txerto “indartua” jasoko dutela, eta covidaren aurkako txertoa aldi berean hartzeko aukera izango dutela berriro. Txerto lagundua deitutakoa, eraginkortasun sendotua duena, egoitzetan bizi diren pertsonekin erabiltzen zen jada, eta aurten 75 urtetik gorakoen kolektiboari zabaltzea erabaki da.

Alberto Martinez Osasun sailburuak nabarmendu du helburua ahalik eta pertsona gehien babestea dela, ahulenetatik hasita, horiek baitira arnas gaixotasunen aurrean zailtasun handienak izan ditzaketenak.

Immunizazioa aste honetan bertan hasi da adinekoen egoitzetan, eta datorren astelehenetik aurrera gripearen aurkako txertaketa hasiko da xede-populazioan, eta honela definitu da: 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak (59 hilabete arte); immunosupresioa duten edo patologia kronikoren bat duten pertsonak (biriketakoak, bihotzekoak, diabetesekoak...); haurdunak; gizarte- eta osasun-zerbitzuetako langileak eta pertsona hauskorren eta bizikideen zaintzaileak, haurtzaindegietako eta Haur Hezkuntzako zentroetako langileak, animaliekiko esposizio zuzena duten pertsonak (granjak, albaitariak...) eta funtsezko zerbitzu publikoak (segurtasun-indarrak, suhiltzaileak...).

Iaz, biztanleria-taldeen arabera, lortutako estaldura %57,5ekoa izan zen 60 urte edo gehiagoko pertsonen kasuan (%64 65 urtetik gorakoen kasuan), % 41ekoa 6 hilabete eta 5 urte baino gutxiagoko adingabeen kasuan, eta %52koa haurdun dauden emakumeen kasuan. Datu horiek “oso positibotzat” jo ditu Osasun Sailak, baina oraindik ere badute hobetzeko tartea, eta, horregatik, biztanleak txertatzera joateko deia berretsi dute.

NOLA ESKATU HITZORDUA TXERTORAKO?

Hasiera batean, xede-populazioari emango zaio lehentasuna.

- Xede-populaziokoa bazara: gaurtik aurrera hitzordua eska dezakezu Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora dei dezakezu, urriaren 6tik aurrera txertoa jartzeko. 80 urte edo gehiago dituzten pertsonen kasuan, telefonoz deitzen zaie hitzordua eskaintzeko.

- Xede-populaziokoa ez bazara: itxaron azaro hasierara arte webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko.


Haur eta gaztetxoentzako txerto intranasala

Beste urte batez, Osakidetzak haurren txertaketan jarri nahi du arreta, ez bakarrik osasunean izan ditzaketen konplikazioengatik, baizik eta gaixotasuna beste pertsona batzuei eta, bereziki, adinekoei transmititzeko gaitasuna duen biztanleria delako. Hori dela eta, duela hiru urtetik, Osakidetzak txerto sistematikoa jarri die 6 hilabete eta 5 urte arteko (59 hilabete) haurrei, bai eta arrisku-egoeraren bat duten 5 urtetik gorakoei ere. Atxikipena errazteko eta ziztadaren eragozpenak saihesteko, aurten ere intranasal-txertoa erabiliko da 2 urtetik 5 urtera bitartean.

Gainera, gripearen aurkako txertoari bronkilitis akutuaren aurkako txertoa gehitu behar zaio, zeina duela zenbait urtetik ematen baitzaie gazteenei ere, zehazki jaioberriei (aurtengo uztailaren 1etik aurrera), goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherakoei, birus horren konplikazioetatik babesteko. Joan den irailaren 15ean txertaketa abiatu zenetik, 1.500 dosi inguru eman dira dagoeneko.

Guztira, Osakidetzak 786.200 dosi ditu aurten, eta herritarren beharren arabera emango zaizkio zerbitzu-erakunde bakoitzari. Guztietan, ezaugarri nagusia da gripearen aurkako txerto tribalente bat dela, bi A andui eta B bat dituena.