Puedes acceder a toda la información del encuentro Biharko gizartea
Bideberri institutua: aniztasunaren bidetik tinko aurrera
Donostiako Bideberri institutua kultura-aniztasunaren erdigune bihurtu da. Migratzaileen seme-alabak eta arriskuan dauden gazteak erdigunean jarriz, hezkuntza inklusibo eta berritzailearen eredu da
Donostiako Bidebieta auzoan dago Bideberri institutua, kultura-aniztasuna aldarri duen zentroa. Izan ere, hemen, ezberdintasuna ez da arazo, baizik eta abiapuntu eta indargune. Gaur egun, ikasleen %77,9k jatorri migratzailea dute, eta 25 herrialde baino gehiagoko gazteak hartzen ditu: Mongolia, Nikaragua, Pakistan edo Dominikar Errepublika, besteak beste.
2018. urtean ateak ixteko zorian egon zen, ikasle gutxi zeudelako. Auzoko hainbat familiek, ordea, ikastetxea auzoan beharrezkoa zela aldarrikatu zuten eta arduradunak lanean hasi ziren proiektu berri bat eskaintzeko. Urko Rivas institutuko zuzendaria 2020an iritsi zen Bideberrira eta hasieratik proiektuarekin txundituta gelditu zela dio. Hori bai, ikasleriaren profilari erreparatuta, argi dauka ikuspegi berri bat ekarri behar zela: “Hemen ez dugu oztopo bat ikusten, aukera bat baizik. Hasieran, aniztasuna zailtasun bezala ikusten zen, baina nik Donostiaren beste aurpegi eder bat aurkitu nuen: askotariko jatorriak dituzten ikasleak, istorio eta ekarpen aberatsekin”.
Eskolaren ISEK indizea (maila sozioekonomiko eta kulturalaren adierazlea) oso baxua da, izan ere, familien %45 arrisku egoeran daude, EAEko batez bestekoaren bederatzi aldiz gehiago. Datu horrek ez du, ordea, etsipenera eramaten. Aitzitik, Bideberrik badaki bere eginkizuna are garrantzitsuagoa dela. Hezkuntza eredu propioa garatu dute, Amara Berri sistema DBHn aplikatuz, eta Donostiako ikastetxe bakarra da halako eredua erabiltzen duena maila horretan. Ikasketa proiektuetan oinarritzen da, ikasleek edukiak buruz ikasi ordez, euren erritmo eta interesetara egokituta landuz.
This browser does not support the video element.
Lagunberri programa
Horretaz gain, Lagunberri programa da eskolako harribitxietako bat. Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzenduta, alfabetatzea eta ahalduntzea helburu duen programa berezia da. Lehen urtean, gaztelaniaz eta oinarrizko ezagutzetan hezten dira, eta ikasturte amaieran euskara lantzen hasten dira. Bigarren urtean, DBHra egokitzen dira edo lanbide heziketako ibilbidea aukeratzen dute. “Gazte asko kalean bizi izan dira, errutinarik gabe. Hezkuntzak etorkizun bat ematen die, baina horretarako egokitutako bide bat behar dute”, dio Rivasek.
Gainera, ikasleen %40 ikasturte erdian heltzen da. Horregatik, harrera plan sendo bat diseinatu dute, ikasle berrien istorioa entzun, ulertu eta kontakizun bat josteko. Gainera, iristen direnean, ikasle erreferente bat egokitzen diete: “Beste ikasle bat jartzen diegu laguntzaile, ahal dela jatorri berekoa, identifikazioa errazteko. Oso positiboa da”.
Zinema eta kulturaren indarra
Kulturaren eskutik, bestelako bideak ere zabaltzen dira eskolan. Iaz, Zinekin programaren barruan, Bideberriko DBH4ko ikasleek bi film labur sortzeko aukera izan zuten, sormen prozesu osoan parte hartuz eta lanak Zinemaldiaren 72. edizioan proiektatuz. Gazteek La influencer eta Tiroteo sormen-lanak aurkeztu zituzten Donostiako Trueba aretoan eta bizipena ahaztezina izan zen. Ikasleen esanetan, programa honek “talde kohesio handia ahalbidetzen du eta esperientzia guztiz berezia izan da”. Izan ere, Rivasen iritziz, “zinemak ahotsa eman die, euren kezka eta arazoei lekua emanez eta euren arteko loturak sendotuz”.
Zinekin programa Zaragueta Zulaica Fundazioak sortu zuen duela bi urte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza departamentuaren babesa du. Zinemaren bidez kultur integrazioa eta kohesioa lantzea dira bere helburu nagusiak eta ez da kasualitatea Bideberrira iristea. Eusko Jaurlaritzak premia bereziak dituzten ikastetxeen artean hautatu zuen Bideberri, eta badirudi sailkapen hori ez dela soilik beharrak dituztelako, baizik eta horiei erantzuteko duten gaitasunagatik ere. “Gizarteak ikasle hauekiko itxaropen baxuak sortzen ditu eta horregatik da garrantzitsua gure lana, ikasle bakoitzak bere lekua aurkitu dezan, eta aurrera egiteko aukera gehiago izan dezan”, dio Rivasek.
Bideberrik erakusten du inklusioa ez dela amets utopikoa, baizik eta errealitate bihur daitekeen proiektua, elkarlanaren eta konfiantzaren bidez. Donostiaren beste aurpegia, aniztasunaren aurpegia, hemen dago. Eta irribarre egiten du.
Temas
Más en Sociedad
-
Esta es la razón por la que los bots no pueden marcar la casilla 'No soy un robot'
-
Entra en vigor la prohibición de inscribir directamente a los bebés nacidos por gestación subrogada
-
Los guipuzcoanos somos los que ‘mejor’ vivimos, pero estamos enfadados con el poder público
-
La formación profesional en Euskadi: una puerta hacia el empleo