Jende gehiago apuntatzen da AEKn orain lehen baino?
Azken ikasturteetan (22/23-24/25), joera goranzkoa izan da, beraz, urtez urte, gehiago gerturatzen dira gurera euskara eroso ikastera.
Zein da euskaltegi batean euskara ikasteko izena ematen duen pertsonaren profila?
Denetarik aurki dezakegula esango nuke, erretiroa hartu berritan euskara ikastera animatzen direnak, seme alabekin aritzeko nahi dutenak, titulu bila datozenak, lanerako edo oposizioetarako nahi dutenak, edota bertako hizkuntza ikasteko interesarekin hurbiltzen direnak. Askok aurretik zer edo zer jakiten dute, euskara eskolan ikasgai izan zutelako.
Zein da euskaltegietan gehien eskatzen den euskara maila?
Talde gehien B1-B2-C1en sortzen dira, bereziki maila altuagoko taldeak dira. Hala ere, azken urtean HABEk sustatutako A1eko diru-laguntza lerro berria dela eta, A1 mailako talde gehiago sortu dira oro har.
Euskarak ikasteko zaila den hizkuntza izatearen fama du. Hala al da?
Askotan entzuten dugu hori, baina hizkuntzalari adituek maiz azpimarratu izan digute ez dagoela ikasteko errazagoa edo zailagoa den hizkun-tzarik. Ikusi besterik ez dugu nola ikasten dute ume guztiek ama hizkuntza, adin bertsuan eta prozesu berdinari jarraituz. Hortaz, zailtasuna norberaren abiapuntuak ezarriko du. Abiapuntuaz ari naizenean, aurretik ezagutzen dituzun hizkuntzez ari naiz, baina baita, hizkuntza hori praktikatzeko duzun aukeraz ere. Euskararen kasuan, Euskal Herrian egonda, asko dira praktika-tzeko ditugun aukerak: euskaltegitik bertatik hasita, mintzalaguna egitasmoetara, gure auzoko dendetan, ingurukoekin, kultur jardueretan (zinema, kontzertuak, ipuin kontalariak...)... Baita, euskara ardatz duten proiektuen inguruan ere, adibidez, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean edota Laudion Aiaraldea Ekintzen Faktorian.
Zer izaten da zailena?
Zailena euskaraz hitz egitera jauzi egitea dela esango nuke; huts egiteen beldur, besteek zer esango dutenaren beldur... askotan ikasleei euskaraz hitz egiten hastea kostatzen zaie. Asko lantzen dugu hori, praktikari garrantzia emanez, eta erabileran indar eginda prozesua errazago egin daitekeela esango nuke. Finean, gure helburua hiztun aktiboak sortzea da eta horri begira egiten dugu lan. Hizkuntzen zailtasuna baino, esango nuke euskara ikasteko denbora edota dirua aurreratu behar izatea gertatzen dela zailena.
Zein da euskararen egoera egun?
Larrialdi linguistikoan murgilduta gaudela azpimarratzen ari gara azkenaldian, egoera oso zailean gaudelako, baina, aldi berean, euskararen normalizazioa eta biziberritzea bide onean jartzeko unea delako. Oldarraldi judizial betean bizi gara, epaitegietatik hizkuntza eskubideen kontrako sententziak jasotzen ditugu behin eta berriz. Dena den, oldarraldi judiziala oldarraldi orokorragoaren adarretako bat baino ez da. Oldarraldi politiko eta mediatiko handia ari da gertatzen eta diskurtso horiek indarra hartzen ari dira. Horretaz gain, joera soziolinguistiko kezkagarriak ere baditugu; Euskal Herri osoko joera da euskaldunok gero eta gaitasun txikiagoa dugula euskaraz hitz egiteko... Bestalde, euskararen estatusaren auzia ere hor dugu. Bestalde, Euskal Herri osoan euskararen egoera ez da berdina. EAEn euskara ofiziala da; Nafarroa 3 zonaldetan banatuta daukagu eta ofizialtasuna horren arabera jasotzen da, hau da, bizi zaren herriaren araberako eskubideak dituzu; eta azkenik, Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, Frantziar Estatuak hizkuntza ofizial bakarra duela zehazten baitu. Horrek eragin zuzena du eskubideen aitortzan, ezagutzan eta erabileran. Bizi zaren herriaren arabera diru-laguntza gehiago edo gutxiago izango baituzu euskara ikasteko, medikuak euskaraz artatzeko aukera edo eskubidea izango duzu ala ez... Haatik, euskara egoera larrian dagoela aipatu badugu ere, esan bezala, horri guztiari konponbidea emateko unean gaudela azpimarratu nahi dugu, eta fokua horretan jarri behar dugula.
Nola hobetu dezakegu egoera hori?
Hizkuntza-politika ausartagoak behar ditugu, konpromisoak, plangintzak eta baliabideak.
Zein da AEKren helburu nagusia?
AEKren xedea Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizi-tzea da. Horretarako, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean jarduten dugu. Euskaraz eroso bizitzeaz ari garenean, zera esan nahi dugu: herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango dituela, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertua sentitu gabe. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, gu guztion hitzekin, eta gure hizkuntzak lotzen gaitu herrira. Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertako hizkuntza, gure kultur izaera eta nor izateko modua. Euskarak euskal komunitatearen beharra du eta, beraz, euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu AEKko euskaltegietako ateak. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu eta gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera eskaini. Euskararen biziberritze-prozesuak ilusioa eta baikortasuna eragin di-tzala; euskararentzat etorkizun hobe bat eraikitzeko guztion konpromisoa behar-beharrezkoa dugu, euskarak guztion beharra du.