Euskararen Gogoetagunea (I) proiektuaren lehen argitalpena aurkeztu du astelehen goizean Euskaltzaindiak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundia zein Laboral Kutxarekin batera. Euskararen erabileran eragina duten gizartearen alde guztiak biltzen ditu, hizkuntzaren erabilera praktikoa aztertuz eta euskara sustatzeko eta babesteko helburuarekin.
Euskararen Gogoetagunea 2022an aurkeztu zuen Euskararen Akademiak. Ordutik, Euskaltzaindiaren Jagon Saila arduratu da egitasmoaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede. Argitalpenean, Gogoetagunearen ezaugarriak azaltzen dira, orain arte egitasmoak emandako emaitzekin batera, hain zuzen: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra, eta Jon Sarasuak ondutako Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia) ponentziak.
Bidegurutze batean gaude, nora jo ez dakigula.
Prentsaurrekoan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Andres Urrutia Euskaltzaindiaren presidentea, Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendaria, eta Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzailea. Agerpenean, Eider Mendozak eskerrak eman dizkie proiektuaren lehen alea egiteko lanean aritu diren adituei, eta egitasmoaren garrantzia azpimarratu du. “Azken urteotan euskararen ezagutzak gora egin duen arren, erabilerak nabarmen egin du behera. Bidegurutze edo apalaldi batean aurkitzen gara, nora jo ez dakigula, eta bertatik ateratzeko aldaketak egin behar dira”.
"Euskara bizirik dago"
Diputatu nagusiaren hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ezinbestekoa da euskara eguneroko lan tresna izatea, zerbitzu publikoak “berme guztiekin” euskaraz izateko helburuarekin. Gainera, euskaldun guztion hizkuntzaren aldeko Aldundiaren konpromisoa berretsi du. Bide berdinetik aritu da ere Andres Urrutia, Foru Aldundiaren “entusiasmoa eta ekintzak” eskertu baititu.
“Jada Euskal Herrian dauden hiztunak heldu behar ditugu, eta berriak lortu. Bidea luzea da, eta ezinbestekoa da gizartearen inplikazioa”, azaldu du euskaltzainburuak. Horretarako, Euskaltzaindia “altzo egokia” dela dio, eta lehengo argitalpena “abiapuntuko zein erdiguneko ponentzia gisa planteatu behar da”, etorkizunean atal desberdinak argitaratuko baitira. “Euskara bizirik dago, nahi duguna hizkuntza zabaltzea da, eta horretan gaude lanean”.
Etorkizunari begira
Jon Sarasua argitaratutako liburuaren hirugarren atalaren egilea da, zehazki Euskararen etorkizun-ikuspegia: ariketa sintetikoa deituriko kapituluarena. Horri buruz hitz egin du, besteak beste, proiektuaren koordinatzaileak: “Non ikusten dugu euskara 25-30 urtetan? Nola ikusi nahi dugu? Galdera erabat desberdinak izanda, erantzuteko arazoak daude, bertan hutsune handi bat baitago. Hori dela eta ekin genion lan honi”.
Orain arte egin duguna egiten jarraitzen badugu, ez dugu ezer lortuko.
“Orain arte egindakoaren ondorioa argia da: egin duguna egiten jarraitzen badugu, ez dugu ezer lortuko. Horregatik, hurrengo urratsak argi izan behar ditugu: anbizio eta aspirazio berriak planteatu, beti ere adostasun handiarekin”. Horrekin jarraituz, Sarasuak jauzi edo aldaketa horiek non egin behar diren zehaztu ditu: lan-eremuan, hezkuntza formal (gehienbat D ereduan) zein ez-formalean eta hedabideetan.
Proiektua errealismo informatutik abiatu da, ez da ameskeria. Gainera, “ardatz antolagarrietan formulatuta” dagoela dio Jon Sarasuak, hau da, ardatz sistema berria planteatu behar dela. Horretaz gain, izaera artikulatua duela azpimarratu du. “Hiru ponentzia berri amaituak daude: administrazioaren etorkizunari begira dagoena, hedabideena eta helduen alfabetizazioarena. Beste batzuk ere martxan ditugu, adibidez kontakizunaren ponentzia, beste hitz batzuetan esanda, etorkizunaren diskurtsoa”.