Geroz eta enpresa gehiago dira euren produktuak euskaraz kontsumitzeko aukera ezartzen ari direnak. Oraingo honetan, Spotify izan da: musika eta podcastak streaming bidez entzuteko plataforma euskaraz eskuragai dago astelehen honez geroztik, mugikorreko aplikazioan.
Spotifyek ohar batean jakinarazi duenez, 11 lengoaia eta hizkera berri ezarri dituzte; Estatuko hizkuntza gutxituei erreparatuz gero, euskaraz gain, galegoa ere hautatu ahal izango da (katalanaren aukera aurretik bazegoen eta). Gainerako berrikuntzak Argentinako gaztelera, Mexikoko gaztelera, Hong Kongeko txinera tradizionala, Egiptoko arabiera, Marokoko arabiera, Saudi Arabiakoa, bosniera, mazedoniera eta Erresuma Batuko ingelesa izan dira.
“Gehitutako hizkuntza berri hauekin are eta esperientzia pertsonalizatuagoa izan ahalko dute erabiltzaileek, eta entzule gehiagori Spotifyen euren ama-hizkuntzan jarduteko aukera eskainiko zaie”, adierazi dute konpainia suediarreko arduradunek.
Mugikorreko aplikazioan Spotify euskaraz jarri nahi duenak, honako pausu hauek jarraitu beharko ditu: Androiden, 13. bertsiotik aurrerakoa dutenek, hasierako orrira joan, ezarpenetan sartu eta aplikazioko hizkuntzak klikatu beharko dute, bertan euskara hautatuz; aldiz, Android 12 edo zaharragoa dutenek, Spotify euskaraz kontsumitzekotan, telefonoaren hizkuntza aldatu beharko dute. iOS sistemaren erabiltzaileak, berriz, aplikazioaren hasierako pantailaren ezarpenetan klikatu, eta gogoko hizkuntza hautatuta hasi ahalko dira euskaraz nabigatzen.