manol Agirre Zarauzko Garoa liburu-dendako jabea da. Bere gurasoena zen eta erreleboz hartu du negozioa. Hemendik pare bat urtera Garoak 50 urte beteko ditu eta jomuga hori kontuan izanik, Imanol eta bere lankide Ibai, jo eta ke ari dira lanean. Tira, ari ziren, esan beharko genuke, konfinamenduaren ondorioz, beraiek ere denda itxi behar izan baitute.

"Gure egoera beste hainbat denda txikiren modukoa da: geldirik gaude, kezkatuta eta triste. Eta ez soilik une honetan gertatzen ari zaigunagatik, baizik eta etorkizunak zer ekarriko ote digun buruari bueltaka gabiltzalako", azaldu dio egunkari honi Agirrek. Entzuten direnak entzunda, bera ere "nolabaiteko beldurrarekin" joaten omen da egunotan egunkaria erostera: "Onartu behar dut nik neuk ere orain, esate baterako, egunkari bat erosten dudanean, nolabaiteko beldurrarekin egiten dudala. Nire buruari hainbat galdera egiten dizkiot: nondik ote dator, nork ukitu ote du, hemen egongo ote da birusa?... eta liburuekin ere gauza bera pasa liteke, noski", dio Agirrek.

Agirre eta bere lankidea une honetan ez daude ABEEE-n (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea). "Horrelako muturreko egoerara ez iristen saiatu gara. Beraz, prin-tzipioz, normal egongo bagina bezala gaude oraingoz. Baina itxura batean egoera hau luzatu egingo da, eta orduan, aztertu egin beharko dugu zer bide hartu", dio liburu-dendariak.

Liburu-denda martxoaren 13an, ostiralez, itxi zuten. Eskolak ixteko agindua data horren inguruan iritsi zen eta horrek eragina izan zuen Garoa liburu-dendan. "Konturatu nintzen dendan haurrak etengabeko joan-etorrian zebiltzala. Egoera aldaketak behartuta, etxean irakurtzeko liburuak eskatu zizkieten eskoletan", azaldu du. Horrek, kontraesanak eragin zizkion Agirreri: "Denda beteta ikusten nuen, eta aldiz, nire buruari ez, ez, ez esaten nion. Ezin kexatu, ordea, orduan denda irekita neukalako, baina egoera erabat kontrajarria zen".

Liburuak saltzeaz gain, Garoan kultur ekitaldiak ere egiten dituzte, besteak beste, irakurle taldeak. "Itxi genuen astean bi irakurle talde geneuzkan eta ez genituen egin ze, nahiz eta artean egiteko aukerarik bagenuen, egoera nahikoa korapilatsua baitzen", azaldu du.

Nahiz eta liburu-denda txikiak itxita egon, Amazon bezalako enpresa erraldoiek liburuak saltzen jarraitzen dute, eta inoizko salmenta markarik onenak hautsiz, gainera. "Horrelako enpresa handien kontra alferrik da, ezin da ezer egin. Badakit inoizko datu onenetan dabiltzala, Gabonetako kanpainetako adina saltzen ari omen dira, baina zergatik? Gauzak hemen eta orain nahi ditugulako beti", azpimarratu du. Horregatik, bere iritziz orain "gauzak mantsoago hartzeko garaia" da.

Bestalde, badira zenbait liburu-denda eta argitaletxe ekimen berriak proposatzen ari direnak. Adibidez, batzuetan Interneten erosi eta guztia bere onera itzulitakoan dendara bila pasatzeko aukera ematen dute. Edo, Nórdica argitaletxeak, adibidez, bere bezeroek bertako liburu bat erosten dutenean, irabazien %35a bezeroak aukeratutako liburu-denda txiki batera bideratzeko aukera ezarri du. "Hori guztia ondo iruditzen zait, baina gu ez gara horrelako ezertan ari, lasai egoteko garaia dela iruditzen baitzait. Irakurri nahi bada, etxeko apaletan dauden liburuak irakurtzeko unea da", azpimarratu du.

Berrogeialdia arindu asmoz, Agirrek hiru liburu gomendatu dizkigu. "Lehenik eta behin, etxeko apalean beti ikusi izan dugun eta sekula ireki ez dugun liburu hura gomendatuko nuke. Ez dauka izenburu zehatzik, bakoitzak pentsa dezala zein den etxean bueltaka ibili den liburu hori", dio.

Bigarrena ere, antzeko proposamena da: "Gomendatuko nukeen beste bat gurekin bizi direnek -gurasoek, pisu-kideek edo bikoteak- gomendatutako liburua izan daiteke. Etxean bertan dagoen beste liburu bat, baina etxeko beste norbaitek gomendatutakoa izan dadila".

Eta amaitzeko, Agirrek une honetan esku artean darabilen liburua gomendatu du: Marc Roger idazle frantsesaren La librería de monsieur Picquier. "Kasu honetan, aitonatxo bat da protagonista. Aitonatxo hau ospitalean dago eta liburu-dendaria izandakoa da. Parkinsonen gaixotasuna duela eta ikusmena galtzen ari dela esango dio zaindari bati, eta ea egunero ordubetez irakurriko ote dion. Zaintzaileak ospitaleko sukaldean egiten du lan eta irakurtzea ez du batere gustuko. Aitonatxoari esker literatura maitatzen hasiko da", esanaz amaitu du.

Zarautz. Garoa liburu-denda Zarautzen dago eta hemendik pare bat urtera 50 urte beteko ditu. Imanol Agirreren gurasoena zen lehen, baina orain Imanol da bertako nagusia.

Kultur ekitaldiak. Liburuak saltzeaz gain, Garoan kultur ekitaldiak ere antola-tzen zituzten konfinamenduaren aurretik, besteak beste, irakurle taldeak. Denda itxi zuten astean bi irakurle talde zituzten, baina ez zituzten egin egoera korapilatsua zelako.

"Denda beteta ikusten nuen, eta aldiz, nire buruari 'ez, ez, ez' esaten nion"

"Egoera hau luzatu egingo da, eta orduan, aztertu egin beharko dugu zer bide hartu"

"Etxeko apalean beti ikusi izan dugun eta sekula ireki ez dugun liburu hura gomendatuko nuke"