bilbo. Adorez Hiztegia handiak aurrerapausu bat eman eta 5000 Hiztegia lanaren bertsio berria digitalizatu du; sinonimoen, euskara-gaztelaniaren eta gaztelania-euskararen hiztegiak erabiltzaileen eskura jar-tzeko xedez. Azkue Fundazioak eta Bostak Bat kultura elkarteak sinatutako akordioaren bidez aurrera ateratako proiektu honek Euskaltzaindiak euskara baturako onartutako sarrera eta azpisarrera guztiak (39.400 inguru) jaso eta tratatzen dituen datu-basea eskaintzen du. Honakoa, beraz, 1996an kaleratu zuten lehen hiztegi elebidunaren laugarren bertsio digitalizatua da eta 90.562 hitz batzen ditu orotara.

"Berriztatze bakoitzean hitz eta adiera berriak erantsi dira eta guztietan kontutan hartu izan dira Euskaltzaindiak emandako arau eta hitz berriak", adierazi zuen atzo Xabier Kintana euskaltzain osoak Euskaltzaindiak Bilbon duen egoi-tzan egindako aurkezpenean. Era berean, buruturako hiztegiarekin Euskaltzaindiak inongo soka-tirarik ez duela gaineratu zuen Kintanak; izan ere, bere ustez, oinarrizko hiztegia aldez aurretik prestatzea funtsezkoa da gero talde pribatuek horretan sustraitutako lana aurrera eraman dezaten.

Josune Ariztondo, Kultura diputatuaren arabera, "materialak aproposak dira, euskara aztertzeko, zabaltzeko, hobetzeko eta gure hizkuntzari balio erantsia emateko". Gaineratutako berrikuntzen artean, euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanaren sendotzea -bizkaieraren marka duten 3.000 berba daude- edota hizkuntza zientifikoaren alorrean azken urteetan egindako eskaintzarik onena gehitzea nabarmendu zituen Patxi Uribarren euskaltzain osoak.

Egindako lana Bostak Bat elkarteak orain dela hogeita hamar urte abiarazitako auzolanaren emaitza da. Juan Luis Goikoetxea irakasle eta ikertzailearen esanetan, "2012ko udaberri arte, 3000 Hiztegia izan zen sarean Eusko Jaurlaritzako web orrian". Orain, 5000 Hiztegia Azkue Fundazioaren web orrian dago eskuragai, Aritz Albaizarren diseinu modernoa eta Iñigo Etxaberen informatikako eguneratzearekin. Gainera, digitalizatutako bertsioak UPV/EHUk garatutako Aholab sistema barne hartzen du eta, beraz, testua audioan bihurtu daiteke. Gauzatutakoa "ez da marka aldaketa soilik, aldaketa oinarrizkoagoa eta adierazkorragoa da", azaldu zuen Goikoetxeak.

Ariztondoren arabera, "oraindik asko dago egiteko"; hala ere, zeregin horretan digitalizazioaren balioa goraipatu zuen. Bestetik, Aldundiaren konpromisoa berretsi zuen. Izan ere, urtez urte, Adorez hiztegien finantzaketan berebiziko laguntza eskaini du BBKrekin batera. Uribarrenek azaldu bezala, aurten paperezko lan berriak kaleratzeko asmoa dute; horrela, Sinonimoen Hiztegia eta 3000 Eskola Hiztegia irudidunaren edizio berriztatuak argitaratuko dituztela aurreratu zuen.