Zubizuri zubiaren ondoko Bilboko Bizikidetza Plazan egingo dute bihar, larunbatarekin, Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusiaren omenezko ekitaldia. ETAk Tivoli kalean tiroz hil zuen 1993ko azaroaren 22an, omenaldia tirokatu zuten tokitik ehun metro eskasera.
Aurten ere, haren senide eta lagunek – “Josebaren lagun kuadrillak”, dio hitzez hitz deialdiak – antolatu diote omenaldi-topaketa, “Bakea, Josebaren Bizipoza” izenburupean.
Zinez, Goikoetxearen memoria bizirik mantendu nahi duten gertukoen bilera izango da, bere lanbidetik eta militantzia erabat abertzaletik haratago, bakea eta bizikidetza bilatzea obsesio izan zuelako Josebak.
Duela hamar urte leku berean egindako omenaldian oso une hunkigarria bizi izan zen, Rosa Rodero sarjentu nagusiaren alargunak eta Carmen Gisasola Langraiz Bideko ETAko kide ohiak elkar besarkatu zutenean. Estreinakoz egin zuten biktima batek eta biktimario batek tankera horretako keinurik.
Handik urtebetera, El reencuentro izeneko dokumentalak jaso zuen une eder hura, bi emakumeen arteko elkarrizketa zintzo eta eskuzabalari bide emanez. Gisasolak adierazi zuenez, “besarkada horrekin urtu zen biktimen minarekiko gure autokritika”.
Duela hamar urteko omenaldi hark beste berezitasun bat ere izan zuen, espazio berean elkartu baitziren ETAren, GALen eta frankismoaren errepresioaren hainbat biktima.
Lore eskaintza
Aurtengo honetan, lore eskaintza bat izango dela aurreratu dute, eta Usoa Agirre Retolaza gazteak eta Iñaki Muneta ertzain erretiratuak hitza hartuko omen dute. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bertan izango dela baieztatu du, Euskadiko memoria-politiken arduradun nagusi denez gero.
Zalantzarik gabe, ez da une hunkigarririk faltako.