Europako Parlamentuak eskatu dio Espainiari Pegasus sistemaren bitartez egindako espioitza kasuen ikerketa “osoa, justua eta eraginkorra” egiteko, Catalangate-a barne, baita agindu judizialik ez zutenak ere; orain urtebete luze iragarritako Inteligentzia Zentro Nazionalaren (CNI) erreformari ekiteko ere eskatu dio, ikerketa nazional horietara Europol gonbidatzeko iradokiz, gai horretan erakunde horrek duen esperientzia oso lagungarria izan daitekeelakoan. Eurodiputatuek argi berdea eman zieten urte eta erdi luzez gai horri heldu dion batzordeak egindako gomendioei, aldeko 411 botorekin, kontrako 97rekin eta 37 abstentziorekin.

Testu berean eskatzen zaio Espainiako Estatuari, auzitegiek egin beharreko lanean laguntasuna eskaintzeko biktimek “zilegi duten erreparazioa” jaso dezaten, eta “ikerketa judizial inpartzialak” egitea bermatu dezala, atzerapenik gabe eta baliabide egokiekin. Kataluniako 65 buruzagi independentistak jasan zuten espioitza – horietako 18ri epailearen baimenarekin, eta horiek agindua eskuratzeko eskubidea dute -; Pedro Sanchez ere espiatu zuten, baita haren zenbait ministro ere. PSOEko buruzagiak mugikorrean jasandako espioitzari dagokionean, gaia erabat argitu behar dela iritzi dio Euroganberak, eta agintariek kasu horiei buruzko ondorioak aurkeztu beharko dituztela, aldez aurretik aipatuz, Marokoren egiletzaren “zantzu argiak” daudela.

Europako Parlamentuan PPren eskuinean dauden bi taldeak, kontserbadoreak (Vox bertan dago) eta Nortasun eta Demokrazia ultraeskuina, testua zuzentzen saiatu dira, Kataluniako independentisten espioitza “2017ko estatu-kolpe saiakeraren ikerketaren parte izan zela” argudiatuz. Bestalde, CNIri eta Europoli buruzko gomendioak ezabatu nahi zituzten zuzenketek ere ez zuten osoko bilkuraren babesik lortu. Horrela amaitu da, Europar Batasuneko hainbat herrialdetan Pegasusen erabilerari buruzko eskandaluak ezagutzen hasi ondoren sortutako batzorde parlamentarioaren urtebeteko lana. Batzorde horretan, 215 solaskide elkarrizketatu dituzte, dozenaka entzunaldi egin, eta hainbat herrialdetara bidaiatu dute, Espainiako Estatua barne, txostena eta azken ondorioak finkatzeko.

Gaitzespena eta kezka

Txostenak erabat gaitzesten du estatu kideetako gobernu eta erakundeen espioi-tza oposizioko kideei, epaileei, fiskalei, abokatuei eta kazetariei, besteak beste. Europa “oso kezkatuta” dago, EBren gobernantza-esparrua “ez delako egokia” espioitzak dakarren “demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta zuzenbidezko estatuaren aurkako erasoei erantzun ahal izateko”. Euroganberak kezka larria adierazi zuen estatu kideek espioi-tza ikertzeko orduan erakusten dituzten “errezeloekin”, eta Gobernuek software espioi horiekin egindako gehiegikeriei buruzko ikerketa judizialetan “aurrerapen geldoa eta gardentasun falta dagoela” salatu zuen. Horrez gain, Estatuetako gobernuen, Kontseiluaren beraren eta Europako Batzordearen lankidetzarik eza ere deitoratu egin dute eurodiputatuek. “Estatu kideek, Kontseiluak eta Batzordeak ez dute, antza, interes nahikorik, espioitzaren abusua erabat ikertzeko ahaleginik egiteko”, gaitzetsi zuten.

Diana Riba ERCko buruzagiak adierazi zuenez, gomendio horiek “Poloniaren eta Hungariaren maila berean” jartzen dute Espainiar Estatua, eta txalotu egin du batzordeak Espainia bisitatu izana, “PSOEren, PPren, Voxen eta Ciudadanosen gogoz kontra, ez zutelako nahi Catalangateren kasuaz deus hitz egiterik”, benetako egoera zein zen bertatik bertara aztertzeko. Carles Puigdemont presidente ohiaren esanetan, “Estatuak dira eskandalu horren erantzule nagusiak, eta oso fede onekoa izan behar da, etorkizuneko urraketak prebenitzeko ardura oinarrizko eskubideen urratzaileek berek izango dutela sinisteko”. Horren harira gehitu zuen, “Pegasus teknologia bateraezina da Zuzenbide Estatuarekin, kontrol fidagarri eta independente orori ihes egiteko” diseinatuta dagoelako. -M. Tolosa l

Europa 2024

Osaera

Espainiak bi eserleku gehiago. 2024ko ekaineko Europako hauteskundeetan hamaika eserleku gehiago izatea eskatu zuen Europako Parlamentuaren osoko bilkurak, guztira 716ra. Proposamen hori EBko buruzagiek onartu beharko dute aurrena, eta bertan aurreikusten denez, hamaika ordezkari gehigarri horietatik bi Estatu espainiarrarentzat izango lirateke, 61 eurodiputatu izateraino. Herbehereek ere beste bi gehiago lituzkete (31 guztira), eta beste bana lortuko lituzkete Austriak (20), Danimarkak (15), Finlandiak (15), Irlandak (14), Esloveniak (9) eta Letoniak. Aldaketa aurrera ateratzekotan, lehenik eta behin Kontseilu Europarrak aho batez oniritzia ematea ezinbestekoa denez, eurodiputatuek gai horri azkar heltzeko eskatu diete estatuetako liderrei, Espainiaren kasuan hauteskundeak ekainaren 9rako iragarrita daudela kontuan izanik. .

Hauteskunde-legea. Aldi berean, hainbat estatu kideren erreserbek blokeatuta daukaten Europako hauteskunde-legearen berrikuspenean aurrerapausoak ematea beharrezkotzat jo dute eurodiputatuek. Horren aurrean, 28 eserlekuko erreserbari eutsi egin nahi izan diote, etorkizunean, zerrenda transnazionaletatik abiatuta, barruti paneuropearrean hautatuko liratekeen kideentzat.