Europako Parlamentuko ikerketa batzordeak onartu du Espainiak independentismoa zelatatu zuela Pegasus sistemaren bidez. Horrez gero, atzo onartu zuen Sophie In ‘T Veld txostengileak, Europako erakundeek “betebehar morala” dutela ziberespioitzaren biktimekin, tartean Catalangate-an kaltetutakoekin. “Jakin badakigu ezin ditugula Batzordea eta Kontseilua jardutera behartu, baina afera horri behar bezala heltzen ez badiogu, demokraziaren suntsiketaren konplize izango gara”, azpimarratu zuen Estrasburgotik. Buruzagi nederlandarrak adierazi duenez, agerian utzitako kasuek argi erakutsi dute espiatutako pertsonak “arrazoi politikoengatik” aukeratu zituztela, eta “biktimei lagundu eta ikerketa bidezkoak burutu arte” Euroganberak “ez duela amore emango” berretsi zuen.

Txostengileak kritikatu egin zuen, espioitza justifikatzeko estatu gehienek segurtasun nazionalaren argudioa erabiltzea, eta “kezkatuta” agertu zen horrek izan ditzakeen ondorioengatik, batez ere hauteskundeei begira. Renew taldeko eurodiputatuak salatu egin zuen zenbait gobernuk txostena egiten lagundu ez izana, eta independentzia falta aldarrikatu zuen. “Herrialde askotan, salaketa jartzera agintari nazionalengana joan behar dela esaten dute, baina horrek ba al du zentzurik, zelatariak eurak izan direnean?”, esan zuen. Bestalde, Pegasus batzordeko presidente Jeroen Lenaersen esanetan, taldearen lana “ez dago amaituta, ezta gutxiagorik ere”, eta erabat konbentzituta adierazi zuen, Euroganberak onartuko dituen gomendioak “mugarri izango direla”, legezko espioitza-programen erabilera Europako erakundeetatik desagertzeko.

Katalunian, Pere Aragones pozik agertu zen dokumentuarekin, “independentismoak jasandako eskubide urraketa salatzeko aukera eskaini duelako”. President-ak nabarmendu zuenez, “Espioitza kasu hau salatu, eta erakunde guztien gardentasuna eta justiziarekiko lankidetza eskatzeko urrats handi bat eman da”.

Carles Puigdemont presidente ohiak berriz, Pegasus sistemaren bidezko espioitza “Europako demokraziarentzat mehatxu larria” dela salatu zuen, eta bere iritziz txostena “motz geratu da”, Euroganberan ordezkaritza duten “familia politiko handien interesen” ondorioz. Horregatik, bozketan abstenitu, eta gomendioen aurka bozkatu zuen, “biktimen kontzeptua itxuragabetuta” geratu zelako.