Donostia – Jaizkibel eta Creus lurmuturraren artean mendikateko 300 gailurretik gora argituz, Euskal Herrian Gure Eskuk eta Katalunian ANCk (Biltzar Nazional Katalana) batera bultzatutako Pirinioetako Bidea - Via Pirenaica ekimena gaur egingo da, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahirik.

Ekimen horren bitartez, autodeterminazio eskubidearen aldeko kausara ekarri nahi dute nazioarteko komunitatea Gure Esku eta ANC elkarteek, eta agerian utzi gatazkaren jatorria ez dagoela erabakitzean, eskubide hori uka-tzean baizik. “Arazoa ez dago ez Katalunian ez Euskal Herrian; arazoa Estatuena da”, aldarrikatu dute antolatzaileek. Hau izango da, gainera, Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte-erakundeek elkarrekin antolatutako lehen mobilizazioa. “Milaka itxaropen piztuko ditugu Pirinio osoan zehar. Askatasunaren bidea argituko dugu. Etorkizun hobea eta, batez ere, askea amesten dugu. Ez dago oztoporik, jendearen indarrarekin eta erabakitasunarekin gainditu ezin denik “, azpimarratu dute antolatzaileek.

Mendikateko 300 gailurretakoren batera igoko ez direnentzat, Gipuzkoan Jaizkibel izango da festaren gune printzipala. Gaur, 17.00etatik aurrera, musika, edaria eta jai giroa izango dira Guadalupe inguruan, ondoren Jaizkibelgo Begiratokira joateko. 16.30etik aurrera, ibilgailuak Guadalupen aparkatzeko aukera egongo da, eta 18.00etatik aurrera autobusak jarri dituzte Guadalupetik Begiratokira igotzeko.

Antolatzaileek esan dutenez, arrazoi geografikoak medio Pirinioetan zehar toki guztietan aldi berean iluntzen ez duenez, argiak pizteko erreferentzia-ordua 22.00etan izango dira. –M. Tolosa