Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren bila
325 euskal kazetarik goi-kargudun guztiak euskaldunak izateko manifestua sinatu dute
DONOSTIA - 325 euskal kazetarik Eusko Jaurlaritza berriko sailburu eta goi-kargudun guztiak euskaldunak izateko eskaera egin dute, Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua sinatuz. Euskarazko hedabideek administrazioaren informazioa eskuratzerako orduan jasaten duten parekotasunik eza zuzen - tzea lortu nahi dute, informazio hori, askotan, soilik gazteleraz eskaintzen delako.
Manifestua atzo goizean plazaratu zen Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ekitaldian euskal hedabideetako hainbat ordezkari egon ziren, eta adierazpen bateratuan azaldu zutenez, bozeramaile ofizialek euskara ez erabiltzea berdintasun ezaren sinonimo omen da.
Gauzak horrela, manifestu horretan honakoa salatu dute zehazki kazetari euskaldunek: “Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zenetik 38 urte igaro diren honetan, Eusko Jaurlaritza berriko sailburu, sailburuorde eta kargudun guztiak euskaldunak izatea eskatzen dugu”. Euskaraz lan egiten duten profesionalentzat gaur egungo kargudunak “aski” ez direla salatu dute, eta horren ondorioz, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko aukera gutxiago dituzte.
Haien aburuz, euskararen normalizazioa herritar guztion “zeregina” izanik, erakunde publikoek “lehen mailako erantzukizuna” dute helburu hori betetzeko bidean. Horren harira, kazetariek egungo pandemia globalaren egoera azpimarratu nahi izan zuten, hartutako erabaki zein neurriei buruzko informazioa herritarrei euskaraz ere ahalik eta lasterren emateko.
Martxelo Otamendi kazetariak erakundeetako hainbat arduradunek euskaraz hitz egiten ez jakiteak, batez ere ikus-entzunezko hedabideei eragiten diela azpimarratu zuen: “Ezin dituzte kargu publiko guztiak elkarrizketatu, eta horrek euren funtzionamendua herren uzten du, kazetarien betebeharra galderak egitea baita, eta haiena, erantzutea”. Manifestua dagoeneko sinatuta aurkeztu arren, euskal komunikabideetako profesionalek oraindik badute atxikitzeko aukera. Izan ere, deialdia egitasmoa publiko egiteko asmoarekin burutu baitzen.
Temas
Más en Política
-
Esteban apremia a Sánchez a seguir trabajando tras “un hecho insólito que no era necesario”
-
El CIS dispara a más de 9,4 puntos la ventaja del PSOE sobre el PP tras la carta de Sánchez
-
Andueza dice que la continuidad de Sánchez es "buena" y "refuerza la estabilidad"
-
Feijóo acusa a Sánchez de tomadura de pelo: "Ha preferido huir hacia delante que dimitir"