Síguenos en redes sociales:

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa, “100 urte botez bote”

Erakundearen mendeurrenari buruzko liburua aurkeztu dute

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa, “100 urte botez bote”Arnaitz Rubio

Gipuzkoako Pilota Federazioak “100 urte botez bote” liburua aurkeztu du, erakunde hori 1925ean sortu zenetik kirol horrek lurraldean izan duen historiari errepaso sakona eginez. Hainbat idazlek parte hartu dute, besteak beste Daniel Carballok, Juan Carlos Etxeberriak eta Estitxu Eizagirrek, eta modalitate ezberdinetako hainbat adituren testigantzak ere jaso dituzte. Horietaz gain, esku hartu nahi izan duten kluben historia ere jaso da.

Liburu horren argitalpenarekin eman zaio amaiera erakundearen mendeurrena ospatzeko iazko urtean zehar egindako jarduera ugariei. Gipuzkoakoa izan zen, hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian sortutako lehen federazioa.

“100 urte botez bote” gaur aurkeztu dute Donostiako Aquariumean, eta bertan izan ziren Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Iñaki Gabarain Donostiako Kirol zinegotzia, Joxemari Mitxelena Euskadiko Pilota Federazioko presidentea, Iñaki Lizaso Gipuzkoako Federazioko presidentea eta liburuaren egiletako bi, Daniel Carballo eta Juan Carlos Etxeberria.

Liburua euskaraz idatzita dago eta 20 euroko prezioan posta elektronikoz eskatu ahal izango zaio federazioari (administrazioa.pilota@kirolak.net). Erakundeak ale bana luzatuko die liburutegia duten Gipuzkoako herri guztiei eta gure lurraldeko klubei.