Tartanga Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleek Erandioko Udalaren laguntzaz sortutako jaialdia da GURE!. Hezkuntza proiektu horren bidez aukera ematen diete ikasleei eskolan ikasitakoa testuinguru erreal batean praktikan jartzeko, hots, herrian bertan benetako jaialdi bat hasi eta buka antolatzeko.

2023ko otsailean ospatu zuten lehen aldiz GURE! jaialdia eta ordutik herrian eta inguruan finkatzen hasia dela sumatu dute ikasle zein irakasleek. “Kuriosoa da nola gure inguruko jende askok jaialdiari buruz hitz egin digun jakin gabe gu horretan gabiltzala. Kontatu diegunean nola dagoen txertatuta ikastetxeko erronka bezala, harrituta geratu dira”, azaldu dute jaialdiko irakasle arduradunek.

Ez dute antzeko ekimenik ezagu-tzen Euskal Herrian, baina Erandiokoa edizioz edizio indartzen doa proiektua da, urtero-urtero irakasleek eta ikasleek egiten duten lan handiari esker. Denek ematen dute onena jaialdia aurrera ateratzeko eta erandioztarren neurrirako ekitaldia prestatzeko. Ilusioz egiten dute lan, eta gogotsu bezain urduri daude laugarren edizioaren atarian.

Jaialdiak askotariko kultur adierazpenak biltzen ditu: musika emanaldiak, antzerki ikuskizunak, dokumental proiekzioak, artisau azokak, herri kirol erakusketak, dantza plaza, kale giroa, familientzako ekintzak eta haurrentzako gunea… “Herritik eta herriaren-tzat” sortutako jaialdia dela nabarmendu dute irakasleek, eta programazioa “herriaren feedbackari ahalik eta ondoen erantzunez” prestatzen dutela argitu dute ikasleek.

Kartela

Kartela Gure! Jaialdia

MUSIKARI EZAGUNAK ETA HERRIKO AHOTSAK

Urtero-urtero euskal musika eszenan itzal handia duten taldeak taularatu dira GURE!-n, eta aurten ere ez da gutxiago izango. Belako, Xsakara, Skabidean, Moises no duerme, Mikosis, Rosa Parks, Jamaikarra eta Frantxu LSB arduratuko dira bi egunez Erandio girotzeaz, herriko musika eskolaz, bertso-poteoaz eta dantza plazaz gain. Aurtengo berrikuntzen artean dago bertso-poteoa, baita Zine-Lab zine analogiko lantegia, elkarrizketak eta euskal bingo musikatua ere.

Horietaz gain, edizio honetan Tokiko Musika Lehiaketa abiatu dute lehen aldiz, Erandioko musikariei ahotsa eman asmoz. Irakasleen hitzetan, hainbat partaidek eman dute izena lehiaketaren bi kategorietan, eta sare sozialetan “oihartzun dezente” izan du. “Oso pozik” daude iniziatibarekin, baita ikasleak ere, herriaren behar eta gura kulturaletara egokitzen lagundu baitie.

Taldeko ikasle gehiago. Gure! Jaialdia

TALDEAN LAN EGITEA

Aurtengo edizioaren prestaketaren azken txanpan daude Tartangako ikasle eta irakasleak. Ilusioz beterik eran-tzun dituzte galderak, baina aitortu dute jaialdia zenbat eta hurbilago egon, orduan eta urduriago jartzen direla. Edozelan ere, kudeaketa lan guztiak bezala, nerbioak eramaten ere ikasiko dute, ez dago zalantzarik.

Jaialdiaren ekoizpen osoaz arduratzen dira eta asko ikasi dute bide horretan, bereziki taldean aritzea. Haiserako beharren arabera osatu zituzten lantaldeak, baina unean-unean moldatzen joan dira, lan kargaren eta lehentasunen arabera. Ikus-entzunezkoen sektorean ezinbestekoa da talde-lana, eta arlo horretan asko hobetu dutela sentitzen dute. Kontu teknikoei erreparatuta, tamaina handiko aurrekontu errealak kudeatzeko gaitasuna eskuratu dute eta zikloan zehar ikasitakoak praktikan jarri dituzte.

Bidean zehar zerbaitek eman badie atentzioa, bidali behar izan dituzten helbide elektronikoen kopurua izan da, baita denboraren igarotze azkarra ere: “Jaialdian lanean hasi ginenean pentsatu genuen bost hilabeterekin denbora soberan genuela, baina bat-batean jaialditik hiru astera gaude”.

Ilusio handiena ematen diena jaialdian zehar publikoa gozatzen ikustea da. Goitik behera prestatzen dute herrian pentsatuz, eta hainbeste ahaleginen ostean egindako lanaren fruituak ernaltzen ikustea “oso pozgarria” dela diote. Otsailaren 6an eta 7an Erandioko bizilagunak mugiaraztea espero dute, baina ez bakarrik: inguruko herrietako eta Bizkai osoko ikus-entzuleak gerturatuko direlakoan daude. “Programazio anitza prestatu dugu eta publiko aldetik ere heterogeneotasun hori ikus dadila espero dugu”, agertu dute ikasleek. Hori da GURE! jaialdiaren nortasunaren marka, aurrekoetan bezalaxe edizio honetan mimo eta gogo biziz zaindu dutena.