Síguenos en redes sociales:

Musika
Joseba IrazokiMusikaria

“Disko honetan nahiko neutro sentitzen dut burua”

Melodia batzuetatik tiraka momentuan bertan konposaturiko kantuez osaturiko ‘Gitarra lekeitioak (onomatopeikoa II)’ disko instrumentala kaleratu du Joseba Irazoki gitarristak

“Disko honetan nahiko neutro sentitzen dut burua”Guillaume Fauveau

Letra duten kantuetan zein musika instrumentalean aritzen da Joseba Irazoki gitarrista (Bera, Nafarroa, 1974). Bigarrena gehiago gustuko duen arren, aitortu du, batzuetan, ez duela esperimentatzeko sobera denbora. Hogei diskotik gora sortu ditu, horien artean, Gitarra Lekeitioak (onomatopeikoa II) (Otoroku, 2024). Ez da inprobisaziozko disko bat, baina asko dauka esperimentaziotik eta inprobisaziotik. Lan instrumental bat da, eta Gitarra Onomatopeikoa (Mascarpone, 2017) diskoaren segida ere bai. Bi gitarra soinean, oholtza batetik bestera dabil proiektua zabaltzen. Kontatu du urrirako prest daukala hirugarren disko bat kanpoan geratu diren kantuekin. 

Hogei disko baino gehiago sortu dituzu. Disko berri bat ezagutzera eman behar duzunean oraindik hasierako grina jarrai-tzen duzu?

Uste dut beti mantentzen direla urduritasun horiek argitara ematen duzulako denbora luzeko lana. Itzalpean egote horrek bertigoa ematen du. Hori ez da joaten, baina emozioak igual pixka bat aldatzen dira. Ez nuke errango lasaitasuna sentitzen dudanik, baina igual esperientziarekin gauza batzuk etortzea espero duzu eta beste batzuk ez.

Kasu honetan, ‘Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II)’ lana argitaratzean espero ez zenuen zerbaitek deitu dizu arreta? 

Erranen nuke nire ibilbidea bi zatitan banatuta dagoela. Batetik, alde esperimentala edo musika instrumentala. Bestetik, ahotsarekin eta euskaraz diren kantuak. Nahiz eta jendeak uste duen kantatzen dudanean esperimentala naizela, niretzat ez da horrela. Azken urteetan denbora gutxiago eskaini diot musika instrumentalari. Halere, diskoa egin baino lehen argi nuen hasieratik atzerrian entzutea nahi nuela, eta nork adituko duen ez jakin arren, beste zirkuitu batzuetan mugitu behar nuela. Horregatik, atzerriko zigiluetan editatu izan dut horrelako musika. Adibidez, Londreseko Cafe OTO espazio super ospe-tsuan aurkeztu dut. 

"Nahiko zortea izan dut lan dezente izan dudalako eta batzuetan aukeratu ahal izan dudalako ”

Joseba Irazoki . Musikaria

Zer-nolako lekua dauka musika instrumentalak Euskal Herrian?

Publikoari dagokionez, erranen nuke txikia. Musika klasikoan ez nago oso sartuta, baina badaude emanaldiak, jazzaldiak eta horrelakoak. Gizarteak oso barneratuta ditu estandarragoak [kakotxen keinua egin du] diren musikak. Nik eta beste batzuek jorratzen ditugunak ez daude euskal en-tzulegoan edo gizartean barneratuak. Hi-tzak dituzten musikak edo kantu formatukoak errazago iristen dira jendearengana. Gainera, komunikabideetan leku handiagoa daukate. Halere, betiko entzuleak eta gure zirkuitutxoak dauzkagu. Gurea ez da horren popularra, baina beste lekuetan dagoenaren parekoa da. Askotan erraten dut, baina Londresen edo New Yorken biziko banintz, agian, ez nuke abestuko eta soilik musika instrumentala eginen nuke. Musikaz bakarrik bizitzeko, horrekin jokatu behar dut; izan ere, Euskal Herrian bizi naiz.

Sorlekua aipatu duzu, sentitzen duzu Beran jaio izanak eragina izan duela zure musika estiloan?

Bai, Beran egon da bertze musikak deitzen zaionarekiko zaletasuna. Eduki genuen hemen hamar urtez Ertz jaialdia, non etor-tzen ziren musika esperimentala edo ber-tze musika egiten zuten artistak. Uste dut horrek batzuei aunitz markatu zigula. Lapurdirekin mugan egoteak ere talde gehiago ezagutzeko aukera eman digu.

JOSEBA IRAZOKI - BERA - GUILLAUME FAUVEAU

2017an ‘Gitarra Onomatopeikoa’ diskoarekin ekin zenuen bidearen jarraipena da. Nola izan da horrenbeste urteren ostean segida ematea?

Hasierako diskoa guztiz inprobisatua izan zen. Gitarra jotzeko modu berezi bat bila-tzen ari nintzen. Mascarpone zigilukoak, herrira etorri zenean kontzertu bat ematera, esan zidan grabaziorik banuen kasete bat grabatuko zidala. Esan nion ez nuela, baina aste betean pasako nizkiola. Ez neukan musikarik idatzita, baina aste horretan inprobisazioak grabatzen hasi, eta bidali nizkion. Nahiko gustura gelditu nintzen. Nahiz eta ez izan oihartzun handirik, jende bateri ailegatu zitzaion eta ikusi nuen zerbait berezia zegoela jotzeko modu horretan. Urte hauetan segitu dut jotzeko modu hori lantzen, nahiz eta proiektu estandarragoetan igual ez den ikusi. Bizilekuak pila bat eragiten du. Beste proiektu batzuei eman diet lehentasuna, eta egia da denbora pasa zaidala. Pandemian prozesua berreskuratu nuen, baina berriz proiektu pila bat eduki ditut. Naturalki joan naiz antolatzen eta neguan denbora nuela ikusi nuenean grabatu nuen.

"Londresen edo New Yorken biziko banintz, agian, ez nuke abestuko eta soilik musika instrumentala eginen nuke”

Joseba Irazoki . Musikaria

Nola lortzen duzu pasiotzat dituzun proiektuen eta besteen arteko oreka?

Zaila da. Gauzak bakarka argitaratzea kostu bat izaten da eta dirua aurreratu behar duzu. Orduan, egiten dut pixka bat etor-tzen den bezala. Nahiko zorte izan dut lan dezente izan dudalako eta batzuetan aukeratu ahal izan dudalako. Musika instrumentalak diru gehiago emanen balu lehenago eginen nuke disko hau. Seguraski gauza estandarragoekin lana errazago ateratzen zaidanez inertziaz sortu, eta ez zait instrumentalerako denborarik gertatzen. Egia da ere disko honekin pila bat mugitu naizela. Ematen zuen kaxoian entzun gabe geratzen diren disko horietako bat izan zitekeela, baina bidea egin dut eta oso pozik nago. Uste dut ere ibilbide eta izen bat daukadala eta erran izan didate badakitela nire harrikada dela, baina joatea nahi dutela. Gazteagoa edo hasiberria bazara erranen nuke ezinezkoa dela zure harrikadarekin hastea.

Disko berriak esperimentaziotik eta inprobisaziotik dauka asko, baina melodia zatiak hartu dituzu oinarri. Zergatik?

Argi nuen ez nuela inprobisazio disko bat nahi. Inprobisazioa gustuko dut, baina diskoan islatzen denean zeozer falta izaten zait. Ariketa bezala ikusten dut gehiago. Ez nuen kanta disko bat egin nahi ezta ere. Erdibideko gauza bat nahi nuen. Instant Composition deitzen zaio egin nuenari. Momentuan konposatzean datza, eta horretarako melodia batzuk aukeratu nituen. Teknika horrekin disko zaratatsu bat egin nezakeen, baina oso melodia zalea naiz.

Esan izan duzu estudioan baino, zuzenekoetan sentitzen zarela erosoago. Disko honek aldatu egin du estudioarekiko duzun harremana?

Bai, aldatzen ari da. Uste dut hobetzen ari naizela estudioan eta lasaiago nagoela. Gehiago disfrutatzen ari naiz, nahiz eta beti dauden hobetu nahiko nituzkeen gauzak. Uztailean Nacho Vegasen diskoa grabatzen egon naiz eta nahiko eroso nengoen. Agian neure burua gehiago onartzen ari naiz. Zuzenekoa aldiz, gozamen handikoa da. Ikasi duzuna egin, txaloak jaso eta disfrutatu: ez dago buruhauste handirik. Kontzertu txar gutxi batzuk dauden arren, jende ongi pasatzera doa eta giroa atsegina da. Grabazioetan askotan zure lana jokoan dago. Musika egin nahi dugu, baina ongi egin behar dugu gure lanari eragin dakiokeelako. Egia esan, tentsio hori beti dago. 

Joseba Irazoki

Zuzenekok ere badu inprobisaziotik. Nola eragiten dizu aldarteak oholtzan?

Ez dakit… rocka edo horrelako musika egiten dudanean seguraski gehiago nabarituko zait gorpuzkeran. Seguraski ez banago oso animatuta gutxiago mugituko naiz eta txikiagoa izanen da publikoarekin dudan interakzioa. Hori igual nabariena izaten daiteke. Musikari dagokionez, erraten dute tristeago zaudenean samin hori beste modu batean islatzen duzula kantuan. Disko honetan nahiko neutro sentitzen dut burua. Oso kontzertu intimoak dira, eta igual lehenengo kontzertuan batez ere hasieran gehiago kostatzen zait. Normalean eszenatokian gauza horiek albo batera uzten saiatzen naiz. 

Zurekin batera gitarrak dira protagonistak lanean. Zer-nolako harremana daukazu zure gitarrekin?

Nahiz eta gitarra aunitz ditudan, ez naiz sobera fetitxista. Kariñoa diet, bai. Baina, salduko nituzke eta beste batzuk erosi. Oso kutunak diren gitarrak ere ditut, noski, baina aldi berean objektu bat bezala ikusten ditut.

Pentsatu duzu noizbait, gitarra joko ez bazenu, zein beste instrumentu aukeratuko zenuke?

Ez gehiegi. Oso soka eta gitarra zalea naiz. Pandemian berriro klaseak ematen hasi nintzen, eta batzuetan bateriarekin laguntzen diet ikasleei. Disfrutatzen dut, eta agian, bateria erranen nuke.

"Ematen zuen kaxoian entzun gabe geratzen diren disko horietako bat izan zitekeela, baina bidea egin du”

Joseba Irazoki . Musikaria

26 pistaz osatutako album bat kaleratu duzu. Ohikoa da musika instrumentalean?

Ohitura egon badago, baina egia da luzea dela. Uste dut CD batean kanta guztiak sartzen zirela, baina bitan banatu dut entzunaldia pausatzeko. 2017tik ez dut deus argitaratu, baina materiala neukan eta berreskuratzen joan naiz. Urria hasieran hirugarren bat argitaratuko dut kanpoan gertatu zitzaizkidan kantuekin eta zuzenekotik mutatu dutenekin.

Kosta egiten zaizu kantu batzuk kanpoan uztea?

Ia gehiena argitaratzea gustuko dut. Fisikoan ez bada, plataforma aunitz daude. Hasieran, hirugarren disko soilik digitalean argitaratu behar nuen, baina Marcaspone zigiluak argitaratuko dit. Fisikoa ateratzeko dirua behar da. Digitalean izatea ere gustuko dut, zure artxiboa publiko egitea bezala da.

Fisikoan entzuteko ohitura daukazu?

Bereziki digitalean nago: streaming zalea naiz. Uste dut Spotifyetik kenduko dudala nire musika. Plataforma etikoagoetan sinesten du; adibidez, Bandcampen. Igual musikarien artean ezagunagoak dira. Hilabetean hamar euro ordaindu beharrean hogeita hamar ordainduko nituzke, baina edozein disko izan eskura. Kontzertuetan DCak erostea eta autoan jartzea gustuko dut.