Azken 50 urteetako garapenkeriak elikadura sisteman berebiziko eragina izan du. Alde batetik, herrietatik migrazioa eman zen hirietara nekazari eta abeltzain askok beraien lana utziz. Eta, bestetik, horrenbeste eraiki zenez elikadurarako lur gabe utzi gaituzte. Azken hamarkadan honek ere eragina izan du gure azoketan eta hauek hilzorian daude. Hala ere, proiektu berriak sortzen dabiltza egoera honi aurre egiteko, eta honako hau ere horren adibide da. 

Elikaenea Oxirondo azoka biziberritzeko egitasmoa baino gehiago da. Bertako elikagaien topagunea da, herritarren espazioa, eta bertako ekoizleak babestea du helburu. Proiektuaren muina Bergarako Elikadura Mahaian dago. 2022.urtean azken hamarkadan lehen sektoreak herrian izan duen beherakada ikusita, hauen lan eta bizi baldintzei eta kontsumo behar berriei erantzuteko asmoz sortu zen mahaia. Hori dela eta, ibilbide motz honetan herri mailako estrategia lantzen dabiltza. Maila praktikoan, proiektuak sustatzen dituzte herriko ikastetxeekin eta ekoizleei laguntzeko Ortulaguntza sistema bultzatu dute. 

Horrelako erronkei aurre egiteko herriko hainbat eragile elkarlanean ari dira, herriarentzat onuragarriak diren proiektuak sortzen eta gauzatzen. Gobernantza espazio hau honako eragileek osatzen dute: Bergarako Udaleko ordezkari tekniko zein politikoak, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkartea, Ereindajan, eta Eskubaratzako ekoizleak (herriko ekoizleen ordezkariak). Nahiz eta eragileen artean botere desorekak egon, lankidetza publiko-komunitario-kooperatiboan oinarritzen da espazioa. Elikaenea ekonomia sozial eraldatzailearen adibidea da. Hau da, ekonomia bizitzaren zerbitzura jartzen saiatzen dira. Jardun ekonomikoaren bidez, gizartea eraldatzea dute helburu, pertsonen eta planetaren ongizatea bermatuko duen norabide baterantz eramanez. 

Intzidentzia metatua erakusketa Carreras Mugica galerian. Ander Sagastiberri

Egiteko modu berrietan planteatu da egitasmoa, hau da, elkarlanean eta lankidetzan. Modu horizontal batean, denen artean erronkei aurre egiten eta molde zaharrekin apurtzen. Egitasmoa aurrera eramateko Ereindajan kooperatibak eta Bergarako Udalak hitzarmena sinatu dute. Horrela, lurzoru amankomuna eraikiko dute Oxirondo biziberritzeko eta elikadura burujabetzan pausoak emateko. Hala ere, hitzetatik ekintzetara pasatzean zailtasunak nabari dira, bai proiektua ulertzeko moduan zein gauzatzerakoan.

Ereindajan emakumez osatutako kooperatiba da, 300 bazkide erabiltzailetik gora ditu eta herrian sei urteko ibilbidea du. Egitasmoak bertako produktuak eskaintzen ditu, %70 Euskal Herrikoak eta %25 eskualdekoak. Agroekologia du oinarri, eta egun eskaintzaren %75 nekazaritza ekologikoa da. Bestetik, prezioa justua da, ordaintzen denaren %80 ekoizlearentzat baita. Hau da, ekoizlearentzat justuak eta erosleentzat arrazoizkoak diren prezioak dira. Eta, azkenik, kooperatiboa da, ehundik gora ekoizle txikirekin zuzenean lan egiten dute.

Eraldaketa espazioan ere eman da. Eraikinera sartzean, orain artean, bi aldeetan egunerokotasunean zabalik dauden postu itxiak zeuden eta erdiko espazioan larunbatetan azoka egiten zen. Postuen gainbehera ikusita, arkitektonikoki azokako behe solairuko eskuinaldea guztiz birmoldatu da. Hori dela eta, egun hutsik dauden postuak bota dira eta Elikaenea bertan ezarri da. Proiektuak hiru hanka nagusi ditu: denda, sukaldea eta ekimenak. Dendan bertako produktuak egoteaz gain, egunero bertako produktuekin egineko plater prestatuak eskaintzen dira. Bestetik, asteazkenetako azokari bultzada emateko ekimen ezberdinak antolatzen hasiak dira: zuzeneko sukaldaritza, dastaketak, ikastaroak…

Intzidentzia metatuarreras Mugica galerian. Ander Sagastiberri

Biark estudioaren sinadura daraman egurra erabili da espazio eraldatzeko. Hori dela eta, herritarrak dendara gerturatzean material honek goxotasuna eta bizitasuna transmititzen dizkie. Eta bai, espazioak ikusgarritasuna irabazi du. Sartu bezain pronto erabiltzailea gustura sentitzen da, dendara sartzean armonia nabari baita. Kalera ematen dutek leihoetatik sartzen den argi naturalak goxotasuna bermatzen du eta baita azokara ematen duten leihate handiek ere. Espazioari dagokionez, sinple eta txukun garatu den proiektu aberatsa da honakoa.

Behin Ander Gortazar arkitektoari honakoa irakurri nion “merkatu eta merkatu-sistemen zaharberritzea (edo berpiztea) bi helbururekin lotuta egon beharko litzateke ezinbestean: gertutasunaren hirigintzarekin lehenik; elikadura-subiranotasunarekin bigarrenik”. Proiektu honek biak betetzeaz gain herria elikatzea, komunitatea indartzea eta ekoizleak zaintzea helburu ditu. Adibide honek erakusten digu arkitektura batek bere aletxoa jar dezakeela elikadura burujabetzan. Hala ere, bide horretan pausoak emateko lan handia dago egiteko. Eta elkarrekin ez bada jai daukagu. Bitartean goza dezagun Elikaeneaz.