Dir-dir egiten du oholtzak, Lasala dantza garaikideko konpainiako dantzariak energiaz tope daude eta antzokia jendez lepo. Shine ikuskizuna hasi da. “Aspaldi ez zen betetzen antzoki bat dantzarengatik; zazpiehun pertsona zeuden. Jendea zutitu, dantzan hasi, eta gozatzen hasi zen”. Shine piezaren estreinaldiaz ari da Judith Argomaniz dantzaria eta Lasalako zuzendaria. Victoria Eugenia Antzokian estreinatu zuten azaroaren 5ean. Hiriz hiri zabaltzen ari dira obra, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea Auditoriumean izanen dira bihar. 

Dantza garaikideko pieza bat da Shine, eta Argomanizen arabera, “oso abangoardista” da: “Jendeak ez du soilik dantza bat ikusten; irudi pila bat daude eta oso zinematografikoa da”. Gaineratu du “oso dibertigarria” ere badela; hain zuzen, publikoaren gozamenean arreta berezia jarri duelako: “Rave batean sartzen gara eta bidaia moduko bat egiten dugu. Ikusleek ez dute deus ulertu behar; amain eman norbere buruari, gozatu eta bidaia bat egin behar dute”. 

Gai asko jorratzen dituzte obran; hala nola, gorputzen objektibizazioa, binarismoa, auto-esklabotzaren eredua, ihesbidearen bilaketa, hedonismoarekiko menpekotasuna eta plazeraren etengabeko bilaketa. Hala ere, abiapuntua askatasuna izan da. “Asko harritu ninduen artikulu batean ikusi nuenean zenbat minututan irakurtzen zen testua. Ikaragarria iruditu zitzaidan gure denbora neurtzen ari direlako”, esan du.  

Gai horiei heltzeko ironiarekin eta kontrajarrerekin jokatu dute: “Adibidez, erditze bat dago eta haurra atera beharrean barrura sartzen dugu”. Horrez gain, genero binarismoarekin ere jokatu dute emakume eta gizon arketipoak mugara eramanez. Horretarako, ahotsaren tonalitatearekin eta gorputz gihar-tsu faltsuekin jolasten dute.

Edonon aurkitu dezake inspirazioa Argomanizek, eta kasu honetan, esperientzia pertsonaletatik abiatu da: “Nire bizitzarekin lotuta dago pieza; ezin naiz hortik joan. Azkenean, pieza bat egiteko ideia bat behar da, eta ez badut zerbait esateko ez dut deus esango”. Horrekin batera, indibidualismotik atera, eta bizipenak kolektibizatu nahi izan ditu: “Nik sufritzen dut, eta ikusten dut gainerakoak ere nola dauden. Topera goaz eta ez daukagu denborarik”. Hala ere, Shine ez da erantzunak edo konponbideak ematen dituen pieza bat, baizik eta gogoetarako dantza bat.

Konpainiak egin dituen beste obra batzuekin alderatuta, desberdin lan egin dutela azaldu du Argomanizek. Esate baterako, ohikoa ez den modu batean hasten da ikuskizuna: “Oso energia altuarekin hastea apustu bat izan da, baina ezin zen beste modu batera izan”. Hala ere, ez dira momentu oro goian mantentzen, jaitsi ere egiten dira: “Ez luke zentzurik beti goian mantentzeak; rave batera zoazenean, gero etxean leher eginda zaude”.

Horrez gain, piezarako propio sortu dute musika, eta Argomanizek azpimarratu du “oso aberasgarria” izan dela: “Piezaren eskakizunen arabera sortzea ikaragarria da, nahi duguna kendu eta gehitu dugulako”. Musikari garrantzia emateaz gain, antzezpenean ere arreta berezia jarri dutela azaldu du. Musika eta antzezpena lantzeko Fernando Epelde antzerkigilearekin lan egin dute: “Dramaturgo batekin lan egiten dudan lehenengo aldia da, eta asko nabaritzen da. Gainera, zoragarria izan da berak bazekielako zer behar genuen”. Nabarmendu du “asko” igartzen dela Efelde antzerkigilea dela: “Berehala zekien nondik jo”.

Judith Argomaniz, Lasala taldeko zuzendaria Etanowksi

Hamar urte lanean Kontent eta harro dago Argomaniz Lasala dan-tza garaikideko konpainiak hamar urte bete dituelako aurten. Kontatu du bidea “oso gogorra” izan dela: “Hamar urtez irautea oso zaila da, indar izugarria behar duzu eta bizirauteko prest egon behar zara”. Batez ere kosta egin zaio lanik ez zuen momentuetan lasai egotea eta lekuan mantentzea: “Hutsune edo basamortu horiek gogorrak dira nik lanean jarraituko nukeelako, baina ezin dudalako”. 

Donostia, Bartzelona eta Madril artean hazi da Argomaniz, eta Madrilgo María de Ávila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan lizen-tziatu da koreografo gisa. Madrilen zegoelarik Euskal Herrira itzuli zenean sortu zuen konpainia: “Dantzatzeko espazio asko sortzen ari ziren, eta etxean sentitu nintzen berriz”. Ordutik dantzatzeko leku bat izatea “izugarria” dela uste du: “Oso eskertuta nago”. 

Bidea “gogorra” izan bada ere, inspiratzen ere lagundu diola kontatu du; besteak beste, irakurtzen eta filmak, ikuskizunak eta argazkiak ikusten ibili da: “Nire burua bete behar nuen gero kontatzeko zerbait izateko”. Gaineratu du edonon dagoela inspirazioa: “Burua etengabe martxan dago”. 

Hasi zenean ez zekien ongi zein norabide hartu zuen bere ibilbideak; halere, bizitzarekiko “konfiantza handia” zuen: “Egunez egun aritzen nintzen; ez nuen hurrengo urtean pentsatzen, eta azkenean, ongi atera da”.