Gari Arambarri Arregui (Azkoitia, 1997) artista da. Bilbon bizi eta lan egiten du. Artearen historian eta Arte garaikide teknologiko eta performatiboan graduatu zen Arambarri. Azken urteotan Bilbao Arte Fundazioan, Tabakaleran, Dinamoa sormen gunean eta Luis Seoane Fundazioan egin ditu sormen egonaldiak eta bertan erakutsi du bere lana. 2022ko udan "Tentsioak eta bestelako paisaia emozionalak" erakusketa izan du ikusgai Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean eta orain JAI (Jardun Artistikoen Programa) ikasketa-programaren kide da Tabakaleran.

Gari Arambarriren kultur gomendioak:

Abesti bat: Merina gris taldearen 'Saiatzen naiz'. Hitzak oso zuzenak dira, harreman baten gazi gozoari buruz doala esango nuke, eta behin eta berriro entzuten dut.

Musika talde bat: The Style Council. Ingalaterran 80eko hamarkadan The Jam-eko abeslaria zen Paul Wellerrek sortu zuen talde bat da. Musika estilo desberdinak uztartu zituzten, betiere garaiko ideia sozialistak eta laboristak soularekin nahastuz.

Liburu bat: 'Testo yonqui', Paul Preciado. Niretzat Preciado irakurtzen hastea transfeminismorako bidea irekitzea izan zen, eta irakurketa astuna, borobila eta oso aberasgarria izan zen zisheteronormaren kanpo bizitzen ikasteko eta ingurukoa etengabe birplanteatzeko.

Antzezlan bat: 'Maitasunaren itxiera'. 2021eko Azpeitiko Antzerki Topaketetan ikusteko aukera izan nuen eta ikaragarria iruditu zitzaidan, oso bortitza eta zuzenean erraietara doana, gauzak, eta zehazki harreman baten amaiera, diren bezala kontatzen dituena.

Film bat: 'India Song'. 1975ean Marguerite Durasek amaitu gabeko testu batetik abiatu zuen luzemetraia da. Indian 1930eko hamarkadan emakume baten bizitza afektiboa eta harreman erromantikoen istorioa kontatzen du, baina ez ohiko moduan, memorian eta paisaian onarrituta, errelatoari pisu handia emanez.

Kultur espazio bat: Atoi, Bilbon. Orain dela urtebete Tractora kooperatibako kideek ireki zuten espazioa da. Iñaki Garmendia artistaren buruzko erakusketa bat egin zuten, luze eta zabal bere lanari buruz hitz egiten zuena bai fisikoki eta birtualki, eta irrikan nago hurrena zer ekarriko duten ikusteko.