Metrologia letrazauritua
Nerabe nintzela lehenengo aldiz ezagutu nuenetik liluratu nau Madrileko Metroak, eta bagoietan ibiltzen den jende anitzari begiratzea bisitaren parte saihestezina bihurtu zitzaidan hasieratik. Une batetik aurrera, gainera, jende horretako askok irakurtzen zuela ohartu nintzen, eta hori interesgarriago bihurtu zuen behaketa, ondo jakina baita letrazauritu batentzat ez dagoela plazer bereziagorik hurkoak zer irakurtzen duen espia-tzea baino.
Denborak, ai, dena aldatzen du, ordea. Hasieran, duela urte asko, irakurle aniztasuna zen nagusi bagoietan: egunkariekin ari zirenak zeuden, edo aldizkariekin, noski, eta, haien ondoan, so-egilearen piezarik preziatuenak, esku artean liburuak zituztenak, askotarikoak horiek ere: best seller motako aleei eusten zietenen ondoan, Alianzako poltsikokoren bat leitzen zihoazenak zeuden -klasikoren bat, akaso?-, edo Anagramaren bilduma horiko gutiziaren bat, edo Alfaguarako edizio more-leun haietako bat, berme literarioaren zeinu garai hartan. Ez zen beti erraza egilea edo izenburua deszifratzea, eta angelu on bat lortu arte itxaron behar izaten zen horretarako, gorputzaren bihurrikatze bitxietara behartzen ninduena, maiz.
Halako batean, urteek aurrera egin ahala, prentsa urritzen hasi zen bidaiarien artean -debaldeko egunkari mehe haiek ordezkatu zuten une batez-, eta literatur biodibertsitateak kolpe gogorra jasan zuen kontsumoko literaturako mardulioen izurritearen ondorioz: thrillerrak, nobela historikoak, erromantikoak, tenplarioak... bagoiak inbaditzen hasi ziren. Ezinezko tamaina izan ohi zuten liburuok, eta paradoxikoak suertatzen ziren testuinguru hartan, ez baitziruditen bereziki eramangarriak, are irakurleak hogeitaka estaziotako ibilbide luzeetan irakurtzeko astia izaten bazuen ere.
Ondoren, liburu behatzailearen horrorerako, e-book-aren moda iritsi zen: irakurlearen sorbalda gainetik lotsagabe begiratuta ere izenburua zein izan zitekeen jakitea ezinezkoa bihurtzen zuen gailu madarikatua, mardulioekin batera nitxo ekologiko efimeroa eskuratu zuena. Baina, behintzat, argi zegoen liburuak zirela: kontsolamendu urria, baina nahikoa, ondoren etorri denaren ondoan, hots, sakelakoen nagusigo zanpatzailea, egunkari, aldizkari, liburu eta e-book gehienak zokoratu dituena Madrilgo Metroari egin dizkiodan azken bisitetan. Orain, paperezko liburu bat ikusten dudan aldi bakanetan, daraman pertsona besarkatzeko gogoa sartzen zait, autolagun-tzazkoa edo Coelho bat dela ohar-tzen naizen arte, bederen.
Ezin da baztertu mugikorrari begira doazen horietako batzuk literatura irakurtzen aritzea: badauzkat lagunak gai izan direnak, eskura besterik izan ezean, Jane Austen bat edo Joseph Conrad bat sakelakoaz leitzeko. Baina zerbaitek esaten dit ez dela gehienetan horrela: hatzen mugimendu bizkor eta arrastakariak, kliken ugaritasunak, begiraden axolagabetasunak edo are tristeziak ere.
Irakurle batek, literatura irakurle batek, beste begirada bat duelako eleberri bat, ipuin liburu bat, poesia bilduma bat, saiakera bat delarik parean daukana. Beste distira bat. Smartphone baten pantailaren argiak islatu ezin dezakeen distira bat, alegia.