Galera izeneko diskoa aurkeztu zuen joan den abenduan Donostiako Skakeitan taldeak. 2008. urtean sortu zen taldea, eta hainbat urte daramatzate ska eta bestelako doinuen bidez plaza eta herriak alaitzen. Orain arteko disko “berri-tzaileena” da Galera eta gustura azaldu da Pello Armendariz taldeko abeslariak izan duen harrerarekin: “Jendea pozik gelditu da eta gu ere. Aitorpena lortu dugu eta hori ez da gutxi”.

Zortzi kidek osatzen dute Skakeitan eta “familia handi bat” bezala aurkeztu du taldea Armendarizek. Garapena sumatzen da disko berrian, eta hala baieztatu du Armendarizek ere. “Beti esaten dugu disko bakoitzarekin gauza asko ikasten ditugula”. Galera diskoan, adibidez, taldearen esentzia galdu gabe, pisu gehiago hartu dute elektronikak eta sintetizadoreek. “Asko zaindu ditugu efektuak, gitarraren presentzia oso nabaria da, koroak, ahotsa...”. Rocka oinarri duten arren, haiena estilo aniztasuna da eta, abeslariak adierazi duen bezala, estilo guztietatik edaten dute. Aniztasuna izan da diskoaren ardatza. “Taldekide bakoitzak musika gustu desberdinak ditu, eta bakoitzaren ukitua antzematen da diskoan”. Hip-hop, reggae, dance hall... doinuak haien musikaren ikur dira. “Iturri ezberdinetatik edandako estiloen fusio berritzailea gisa definitu dezakegu egiten duguna”. Etiketarik, ordea, ez dute nahi. “Ez diogu gure buruari etiketarik jartzen. Egia da taldearen izenak berak jarri digula etiketa moduko bat, baina guk egiten duguna estilo nahasketa da”.

Hogei kontzertu baino gehiago izango dituzte uda honetan, jaialdietan, herriko plazetan eta baita hiriburuetan ere. Eszenatokira igotzeko gogo berarekin jarraitzen dute taldekideek, baina orain dela bi urte baino kontzertu gutxiago ematea erabaki dute: “Hiru egunean behin kontzertu bat genuen eta gehiegi izan zen guretzat. Orain ilusioz gainezka eta pilak kargatuta itzuli gara”. Euskal Herrian izanen dira kontzertu gehienak baina Espainian ere egonen da Donostiako taldea. Benicassimen ospatzen den Rototom jaialdian izango dira, adibidez, abuztuan. Datorren urterako, gainera, ez dute baztertzen Europan barrena bira bat egitea. “Baldintzak badaude kanpora ateratzeko, aterako gara”, jakinarazi du Armendarizek. Orain dela bi urte Japonian eta Suitzan egon zen taldea eta esperientzia oso aberatsa dute gogoan. Gogotsu dago Skakeitan taldea orain beste bidaia bat egiteko.

IRAKURKETA ERAIKITZAILEA Lehen abestia da diskoari izena jar-tzen diona, eta, era berean, laburbiltzen du diskoaren ideia nagusia, Armendarizen esanetan. Esan bezala, disko berrian doinu berriak daude, denak Galera hitzak elkartuta. Izan ere, diskoaren izena gaitzak hartuta ondu dute haien azken lana. “Beti ez da posible izaten gai guztiak lantzea. Konturatu ginen begirada ezkor bat baino positibo batetik irakurketa eraikitzailea egin daitekeela”, kontatu du Armedarizek. Begirada aldaketaren garrantzian sakondu nahi izan dute oraingoan. Horrela dio abestiak: Galerari ez dio kantatzen galtzaileen lirikak duintasunerantz naraman dinamika. Kasu honetan, ildo ezberdinetan gizartearen norabidea jarraituz galtzaile bezala kokatu diren norbanako eta kolektiboak biltzen ditu diskoak. Bestalde, galtzailearen lekutik ere gauza asko ikasten direla eta guztia hor hasten dela transmititu nahi dute taldekideek. “Galtzaile posizio batetik ari gara, baina espazio honetan esateko daukagunak garrantzia hartzen du”.

BIDAIDE UGARI Higain estudioetan Haritz Harreguyren gidaritzapean grabatu eta nahastutako estudioko lan luzea da Galera. Armendariz, Julen Idigoras bateria-jotzaile eta Borja Anton gitarra-jotzailearen artean konposatu dituzte abestiak. Beste kideak Asier Iriondo baxu-jo-tzailea, Olatz Salvador teklatu-jo-tzailea, Ander Zabala eta Aitor Valcarlos tronboi-jotzailea eta Gorka Valcarlos tronpeta-jotzailea dira. Horrez gain, luxuzko kolaborazioak izan dituzte diskoan. Fermin Muguruza eta Manu Chao dira horietako bi. Donostiako Piratek antolatutako ekimen bati esker ezagutu zuten Manu Chao 2014an, eta ordutik harremana izan dute abeslariarekin. “Muguruza eta Manu Chao gure erreferenteetako bi izan dira gaztetatik eta haiekin kolaboratzea ohorea da guretzat”, dio Armendarizek. Bi kolaborazio horiek ez ezik, Itaca Band taldeko Albert izan dute Gehiegi amesteko abestian; Laskoraingo abesbatza Galera kantan; Aspencat taldea Tu aprobación abestian; eta Eraul taldeko Asier Beramendiren ahotsak “malenkonia eta indarrez” busti du Gorri edo beltz abestia. Berezitzat jo du azkeneko kolaborazio hori Armendarizek, taldekide bi Eraul taldean ere ari direlako.