Etxebizitzak
"Orain dela hilabete asko adiskide batekin nengoela etxebizitzaren arazoaz hasi ginen hizketan ez dakit nola; esan nion (ohi baino ezkorragoa egongo nintzen) nire ustez etxebizitzen kontuak ez zuela konponbiderik."
Orain dela hilabete asko adiskide batekin nengoela etxebizitzaren arazoaz hasi ginen hizketan ez dakit nola; esan nion (ohi baino ezkorragoa egongo nintzen) nire ustez etxebizitzen kontuak ez zuela konponbiderik. Adiskideak harriturik edo haserreturik berehalakoan bota zuen: “Bai, badu, konponbide sobietarra”. Barre egin nuen: “Orduan zuk ere uste duzu ez dagoela zer eginik, ez gaude konponbide sobietarren garaian”. Denbora pasatu da, eta etxebizitzen kontuak berdin jarraitzen du, edo okerrago. Ezin konta neurriak iragarri eta hartu omen dituzte agintariek (tentsio handiko eremuak, alokairuak mugatzeko saiakerak, alokairu sozialak bultzatzeko nahiak, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzearen aldeko aldarrikapenak eta abar), baina badirudi arazoa bere horretan dagoela, edo okerrago. Egia esan, neurri horietako bakoitzaren berri dudanean, pentsatzen dut mendebaldeko Europan 1950eko eta 1960ko hamarkadetako sozialdemokratentzat, baita garai hartako kristau-demokratentzat ere, barregarriak izango liratekeela.
Gaur hedabideetan Pradales lehendakaria (EAJ), Itxaso sailburua (PSE) eta Tolosako alkate Martinez de Rituerto (EH Bildu) elkarrekin ikusi ditut babes ofizialeko etxebizitza batzuk eraikitzen hasiko direla eta. Hedabideek azpimarratu dute, batez ere, Pradales eta Itxasoren arteko baketzea, azken asteotan sesiotan ibili eta gero; pentsatzekoa da Itxasok bakeak ere egin dituela EH Bildurekin (ez egin barrerik, batek daki). Lehendakariak adierazi du aurrekaririk gabeko emaitzak nahi baditugu, aurrekaririk gabeko erabakiak hartu behar direla. Une batez, izututa, pentsatu dut neurri sobietarretatik gertu geundela, baina gero lankidetza publiko-pribatuaz hasi da, eta, etsita, pentsatu dut Europan 1960ko hamarkadan egiten zen horretara ere ez garela iritsiko.
Etxebizitzaren arazoaz mintzatzen denean, errudunak bilatzen dira: funts handiak, apartamentu turistikoen gorakada, espekulazio orokorra... Norbanakoen espekulazio txikiaz gutxi esaten da, boto-emaileak haserretzea ez baita komenigarria, baina txiki askok handi oso handi bat egin ahal dute.
