Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ahots xuxurlaria

Irtenbidea gure esku dagoela (larrutan egitea deitzen zaiola)

Ahots xuxurlariaAitor

Datorren ikasturteko matrikulazioa %5 jaitsiko dela aurreikusi ondoren, Hezkuntza Sailak erronka demografikoaren aurrean erabaki ausartak hartu beharko direla adierazi du. Pedrosa sailburuak jakitera eman du 2015etik hona 31.000 ikasle gutxiago daudela HH eta LH mailetan eta, beraz, sistema berrantolatu egin beharko dela.

Arnasguneen babeserako ere demografia erronka apartekoa da. Euskaraz jakin, euskaraz egin eta euskaraz bizi den jende kopuruarena, alegia. Kopuru hori jaisten den heinean desorekak agertzen dira. Eta, arrazoiak nagusiki, bi dira: jaiotze-tasaren jaitsiera eta erdal herrietatik datozen pertsonen kopuruaren igoera. Besterik ere ba da, noski, baina ariketa erraza da. Euskara etxetik jasoko duten pertsonen kopurua jaisten badoa eta euskararen jabe ez direnen kopurua haziz, bada, matematikek erraz erakusten dute emaitza.

Bazkarietan, badakigu inozokeria asko esan ohi dela. Mama goxoarekin ahoa berotu ostean, eta burua arin, erraz botatzen direla bestela ausartuko ez ginatekeenak baina horietako mahai-buelta batean jasotakoa da, irtenbidea gure esku dagoela (larrutan egitea deitzen zaiola). Mahaikide batek esan zuen. Berak, hiru seme-alaba dituela eta hiruei agindu diela, bakoitzak, gutxienez, bina ume ekarri behar dituela. Bestela, ez dugula Euskal Herria altxatuko.

Beste batek erantzun zion, ideia horrek nazia zirudiela eta gaur egun ezin dela horrela hitz egin. Hartu beharreko erabakiek egungo joerei erantzuteko politika sozialak behar dutela izan.

Askotan sentitzen dut ez garela ausartzen pentsatzen duguna esatera, sozialki edota politikoki ez delako zuzena. Baina pentsatzen dut baita ere, joko horretan, urari ardoa eta ardoari ura deitzera jolasten dugula. Eta urardoa ez dela sekula edari ona izan, inorentzako eta ezertarako.

Aitor dut, hirugarrenez haurdun gelditzea erabaki nuenean, maitatuko genuen beste pertsonatxo bat munduratzea nahi genuelako izan zela. Baina, baita ere, barru-barruan, ahots txiki batek zera xuxurlatu zidala: euskaldun bat gehiago ekarriko duzu mundura.