Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Nortasunaren berrirakurketa

Eusko Ikaskuntzak euskal nortasunaren berrirakurketa ausarta gizarteratu du

Nortasunaren berrirakurketaN.G.

Eusko Ikaskuntzak mugarri berri bat ezarri du. Etorkizuneko euskal komunitate berria nola eraiki, etorkizunean euskaldun izatea zer izango den, eta gure gizartearen aniztasuna nola kudeatu gizarte kohesionatu bat lortzeko, hori guztia, euskara ardatz izanik. Kezka horiei guztiei erantzutea lortu du.

XIX. Kongresuan abiarazitako galderei EzBerdin Berdinak izeneko ikuskizunarekin eman dio segida Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko lurralde guztietan taularatu ostean, hausnarketarako guneak ireki ditu. Orain, hausnarketetatik ondorioztatutako emaitzak jaso ditu txosten ezin berritzaileago batean.

EzBerdin Berdinak emankizunean landu diren gaiek harrotasuna eta komunitate-sentimendua eragin dute ikusleengan. Ikuskizuna aniztasunaren aurkezpen erreala dela adierazi dute bertaratutakoek eta, beraz, euskal kulturaren irudi zabalago eta ausartago bat erakutsi duela Eusko Ikaskuntzak. Euskal tradizioa, mugimenduan dagoen zerbait dela eta berritzen ari dela ulertu dutela azpimarratu dute. Kultura ezberdinen artean sortutako fusioaren indarra ez dela soilik arte-adierazpena izan, baizik eta gizarte-eredu berri baten isla.

Honek guztiak euskal nortasunaren definizioaren inguruan hausnartzera eraman gaitu, eta ikusle batek esan duen modura, Eusko Ikaskuntzak euskal nortasunaren berrirakurketa ausarta gizarteratu du.

Kontzientzia soziala pizteko, transmisioaren balioa azpimarratzeko, etorkizunari begira itxaropenez janzteko eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko argudio berriak deskubritzeko modu ezin ederragoa izan da Eusko Ikaskuntzaren aipatu proiektua. “Tradizioak eta fusio berriak, elkar ukituta, gure nortasuna berrasmatzen dute”, “Gure altxorra zaindu eta mundu berrietara eramatea da erronka” edo “Biribilketan ikasi dugu urrats txikiak, elkarrekin, urrats handi bihurtzen direla” bezalako adierazpenek, argi utzi dute gizarte kohesionatu baterako eta euskal komunitate berriaren eraikuntzarako osagaiak zeintzuk diren. Txostena berandu baino lehen emango da ezagutzera.