Joan den astelehenean hankaz gora jarri gintuen penintsulan hornidura elektrikoaren mozketa orokorretik astebete bat, juxtu. Eta egia bada ere guztiok izan genuela eragina, normaltasunera itzultzea goiztiarragoa izan zen puntu geografikoren arabera, energia-geldialdiaren ondorioek ez gintuzten denok berdin kaltetu. Baina horraino desberdintasunaren jokoa. Izan ere, batzuk eta besteak ordutik gelditu gabe egiten ari diren adierazpenek –itzalaldiaren arrazoiei eta haren ondorioei buruz, agintean nor zegoen, nor dagoen orain, gertatutako hondamendia eta berriro gerta daitekeena nola kudeatu behar den, energia nuklearra, berriztagarriak etabar– den-denok berdin zorabiatzen gaituzte. Politikari gutxi batzuk izan ezik, hau espektakulua: sozialistak, kritikei eta informazio arina eta argigarriagoaren eskaerei bere burua erresistituz; popularrak, den-dena lokaztuz. Hau da, gobernu-kudeaketari oposizio eta kontrol-lana irizpide, zorroztasun eta kaudimen osoz oinarritzeko arrazoi pila bat egonik, borroka zikina eta sektarismo-salaketak nahiago dituzte PPkoek eta, bueltaz, PSOEkoak jarrera berdinarekin erantzunez. Gehi dezagun igande gauez gertatutako kobre eta segurtasun kableen lapurretaren ondorioz sortu zen eta Madril-Sevilla abiadura handiko lineari gaur egun ere bete-betean eragiten dion kaosa eta, hara! ekaitz perfektua dugu dagoeneko. Aste honetako Kongresu eta Senatu osoko bilkurei begira, elkar ulertzeko eta akordiorako giro benetan egokia, aproposakoa bai… Eta ezer falta ez dadin, jar ditzagun mahai gainean ere Trumpen muga-zergei buruzko eztabaida, armamentuan eta segurtasunean egin beharreko inbertsioa eta Israelekin egindako kontratu polemikoak. Hau denarekin lotuta, informazio-itzalaldiaz ari dira batzuk ere.
Orduan, zer esan Israelek Gazako zerrendan egindako enegarren erasoaldiari eta mantentzen duen blokeoak eragindako goseteari buruzko isiltasun konplizeaz? Zibilizatutzat hartzen dugun mundua ez begiratzen tematzen den egun-argiz izandako genozidioa. Jasanezina…