108 urte jaio zela ume hura Donostiako Antigua auzoko Matia kale mitikoan. Esan daiteke kale hartan, Benta Berri inguruan eta Ondarreta hondartzan igaro zituela ume, nerabe eta gazte garaiak bere beste bost anai eta arrebekin. Ume hori bigarrena izan zen, ondoren beste lau munduratu ziren, bat mutila, hiru nexkak.

Ume-nerabe hark bere lehen diru xoxak irabazten omen zituen bereziki udaran tenis parean ibiliaz. Frantses dirudunak hurbiltzen omen ziren modan zegoen leku eta kirol horretara. Batzuetan tenis pilotak inguruko sareetatik at ihes egiten omen zuten. Nerabe koxkor hark, beste batzuekin tartean omen, pilota bila joan, jaso eta nagusi izerdituari itzuli. Lehen xoxak poltsikora TBOAk erosteko asmotan, hala nola, Pulgarcito, El Infantil, El Guerrero del antifaz.

Bere aitatxok Suchard txokolate fabrikan lan egiten omen zuen. Lizarriturri y Rezola xaboi fabrikak eta Leon garagardo lantegia jarri berrien garaitan. Heriz ibilbideko eskola publikora joaten omen zen beste auzoko ume guztiak bezala. Hamabi urte bete ondoren Urbieta kaleko eskoletara etorri behar. Donostiara. Tunela atzean utzi eta tranbia hartu. Halako batean tunela amaierako albotik, eta xoxa batzuk poltsikotik atera beharrean, aurrezteko asmoz gaixuak, montadiña egitean labain egin, erori eta tranbiak eskuineko hanka moztu belaun partetik. Herrena bizi guzirako.

Anai zaharrena boxeolaria omen zen, Matia kaleko auto garaje batean entrenatzen omen zen, eta herrena, gaixua, bere botileroa leial eta zintzoa. Gaztetu zenerako Frankoren izena ikasi behar izan zuenetako bat izan zen. Sei anai-arreba haietatik hiru mutil gazteak gudari Saseta batailoira. Ondoren zaharrenaren heriotza, eta beste bien espetxeratze luzea. Gizonduta irten espetxetik eta borrokan jarraitu zuena. Añorgako emakume batekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Xahartu egin, aguretu urteen poderioz, ia ia mende bat izan zen mundu honetan. Orain dela 108 urte jaio zen ume hura nire aita izan zen.